Nola deitzen da gaur egun San Juan Harria plazatik gora doan oinezkoen hori, behiala Kalegoi deitutako errege-bidea? Calle Mayor, erantzungo du baten batek. Bai, eta euskaraz? Mayor kalea, google maps-ek dioenez. Baina plakari begira, euskarazko izena baizik ez omen du. Kale ez baina karrika omen da. Tira, zergatik ez, hizkeraz gehiago gara (ginen?) nafar-lapurtarrak giputzak baino. Mayor? Donibane Lohitzunen Karrika Handi deitzen dute frantsesezko rue Gambetta. Irunen ez dugu, haatik, iparrera begiratzen, hegora baizik, eta Gipuzkoako hiriburuari men, Nagusia dio plakan. Euskaltzale garenez gero, kale-izenak euskaraz: Erromes plaza, Gipuzkoa Hiribidea, Gobaraginen kalea… eta Nagusia karrika. Ez al luke Karrika Nagusia behar, Donibanen Handia karrika jartzen ez duten bezala? Baina gu Irunen bizi gara, eta itxurak galtzen gaitu: plaken grafiak eskatzen duela toponimoa handitan eta bide mota txikitan eta segidan, euskaraz hala behar duelakoan? Bada, hala egin dezagun, nahiz eta Nagusia, soilik, ez den toponimo bat.
Barkagarria litzateke mamia itxurara makurtzeko joera orokortu samarra, Irunen hizkuntzen arteko harreman asimetrikoaren adierazgarri aitorrezina ez balitz. Euskaraz pentsatu beharrean, erdaraz pentsatu baina euskal forma ematen omen dugu, kasu honetan ultrakorrekzioa eta guzti: euskaraz ez al dira hitzak aldrebes jartzen, bada? Hori bai, euskaldun plantak eginda, eta euskara poliki-poliki kalean tokia berreskuratzen ari delakoan: Dónde está tal bar? En la plaza Erromes. Y tal taller? En la calle de las lavanderas… zera, barkatu, hori lehenago zen, orain dago en la calle Gobaraginen, erdaraz “de las” zelako (calle lavanderas izan balitz, lepo egingo nuke orain calle Gobaraginak esango luketela). Y el ambulatorio? En Dumboa. Ez luke Dunboa behar? Kontuan hartuta toponimo gaskoia omen dela, barka dezagun euskal grafia ez aplikatzea, batez ere euskal toponimo peto-peto bat Letxumborro bada, plaka berriek diotenez…
Oharra: jakin ezazue Artalekuko igerilekuak itxitak daudela.
Xabier Kerexeta