Arku koloretsua, egunari amaiera emateko

Alardearen inguruan badira, oraindik, jende askorentzat ezezagun diren ekimenak. Botafuego bidea da horietako bat. Alarde Tradizionaleko Artilleriak ekainaren 30eko iluntzean egiten du. Arku koloretsu bat da, eta kantinera pasatzen da azpitik. 2010ean egin zuten lehen aldiz, eta gero eta ikusle gehiago biltzen ditu. Leku ezberdinetan egin izan dute, beti Alardea amaitu ondoren.

botafuego

Botafuego izenekoa Alardeko kanoien metxa pizteko erabil-tzen den bengala moduko elementua da. Duela bost urte, desfilatzen amaitu ondoren, soberan gelditu zitzaizkion botafuego batzuk Alarde Tradizionaleko Artilleriari. “Normalean, suntsitu edo erre egiten ditugu. Baina egun hartan beste erabilera bat ematea pentsatu genuen”, gogoratu du Agustin Camarero artilleriako kapitainak. Botafuegoak piztu eta eskuetan hartuta, kantinerari arku bat egitea bururatu zitzaien. Nahikari Soler izan zen argi arrosen azpitik pasa zen lehen kantinera, Artilleriako buruzagien besoetatik helduta.
Bitxikeria edo anekdota moduan sortu zen ekimen horrek fama hartu du, pixkanaka, hurrengo urteetan. “Lehen proba hura oso ondo atera zen, eta jendeari gustatu zitzaion. Egia esan, ikuskizun koloretsua eta ikusgarria da. Egunari amaiera emateko modu polita da”, argitu du Agustin Camarerok. Orain, arkua non egingo duten galdetzen die jendeak urtero, sanmartzialak hurbiltzen direnean. Baina ezinezkoa da eran-tzun ziurra ematea: “Kantinerari iritzia eskatzen diogu lekua hautatzeko. Joan den urtean Santiagon egin genuen, bidegorriaren ondoko zubian. Aurten ere, baliteke han izatea, edo Eskoleta kalean, bestela. Horiek dira bi aukera nagusiak”.
Botafuegoen bidearen kokalekuaz gain, Artilleriako kideek badituzte bestelako ardurak. Aspaldi hasi dira Alarderako prestaketetan. “Kanoiak berrikusi behar izaten ditugu urtero, kontrolatu eta txukun uzten ditugu. Orain, zaldiak prestatzen ari gara”, adierazi du Camarerok. Pozik dago Maria Errazquin Irigoyen kantinerarekin: “Oso jatorra da, eta primeran daramatza prestaketak”. Botafuego bidea izango da kantinerak gogoz esperoko duen une berezietako bat.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude