Nola hezi, eskuak zabalik ala mehatxatuz?

Kuttun Aholkularitza Psikopedagogikoko kideok hilero, zuekin izateko asmoa dugu orrialde honetan. Baina… zeren inguruan jardungo dugu?

Alde batetik psikologia, pedagogia edo zuzenean hezkuntzarekin zerikusia duten gaiei buruz idatziko dugu. Gaur egun hezteko eredu berriak behar ditugu eta espazio hau erabiliko dugu zenbait gai psikologikoz edo pedagogikoz aritzeko. Gogoeta esparru berri bat ireki nahi dugu hezkuntza eredu berri, positibo eta praktikoa bultzatzeko. Haur eta gazteen errespetua bideratzen duen hezkuntza eredu berria landu eta aztertu nahi dugu, helduok errespetua erakutsiz eredu izan haur eta gazteen errespetua jasotzeko.

Behatz erakuslea luzatuz edo kooperazioa bideratuz hezi ditzakegu haurrak eta gaztetxoak.Nola hezi

Haur eta gazteak heztea ez da beti erraza, gogoeta eta galdera asko sortarazten dituen ikasketa da. Baina ohartzen ez bagara ere, beti ari gara gure inguruko haur edo gazteak hezten. Ezer egiten ez badugu ere, hezkuntza eredu bat ematen ari gera; beharbada haur edo gazteak garrantzitsuak ez direla adierazten, edo gai batzuetaz ez dela hitz egin behar baieztatzen.
Hezteko bi modu daude gure ustez:

  • BEHATZ ERAKUSLEA LUZATUZ: mehatxatuz, beldurra zabalduz, oihu eginez, zigortuz, salatuz, leporatuz ….
  • ESKUAK ZABALIK: sentitzen duguna azaldu edo gustuko ez duzuna deskribatuz, erreferentzi argiak emanez, enpatia eta kooperazioa bideratuz
  • ZEIN HEZIKETA EREDU ESKAINI NAHI DIEGU GURE HAUR ETA GAZTEEI? Non kokatzen garen eta non kokatu nahi dugun aztertuko dugu bi eredu ezberdin hauen laguntzaz.

Heztea ez da erraza, eta gaur egungo helduok jaso dugun eredua batez ere “behatza luzatuz” izenez bataiatu duguna izan denez, gaiaz gogoeta egiteko eta eredu berriak aztertzeko lagungarri izango dugu orrialde hau.

Bestalde, elkarren artean harremanetan jarri ahal izateko esparru bat zabaltzeko asmoa dugu. Atal honetan, jorratzen ari garen gaiari buruzko galderak erantzungo ditugu. Beraz nahi duzuena galdetu eta guk ahal dugun neurrian erantzungo dizuegu. Helbide honetara bidali edo Iruneroren web gunearen bitartez egin ditzakezue: …

Mapi Urresti Ortiz
KUTTUN aholkularitza psikopedagogikoa

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude