Arbesko Jaien egitarauaren barruan, “Pedalei eragin, gozatu eta helmuga zeharkatu!” izeneko bizikleta jarduera egingo da gaur, abuztuak 27, Arbesko Auzo Elkartearen egoitzan, 16:00etatik 19:00etara bitartean. BADOA elkarteak eta Arbesko Auzo Elkarteak elkarlanean antolatutako ekimen honen helburu nagusia 5 eta 12 urte arteko haur zein gaztetxoak kirolaz gozatuz biltzea da.
Parte-hartzaileak hiru kategoria desberdinetan banatuko dira beren adinaren arabera, zirkuituko itzuli kopurua eta distantzia egokituz. Kategoria txikikoek, hau da, 5, 6 eta 7 urteko haurrek, bi itzuli emango dizkiote zirkuituari (1,2 kilometro guztira). Ertainen mailan, 8, 9 eta 10 urteko gaztetxoek lau itzuliko ibilbidea osatu beharko dute (2,4 kilometro). Azkenik, 11 eta 12 urteko gazteak bilduko dituen kategoria handian sei itzuli egingo dituzte, 3,6 kilometroko distantzia osatu arte.
Izen emateak gaur bertan
Inskripzioak gaur bertan bideratuko dira lekuan bertan, arratsaldeko 16:00etatik 16:45era bitarteko ordutegian. Parte hartzen duten haur guztiek bidoi bat jasoko dute opari gisa, eta kategoria bakoitzeko lehen hiru sailkatuek saria izango dute. Antolatzaileek gogorarazi dute haur bakoitzak bere bizikleta eta kaskoa ekarri beharko dituela, eta ezinbesteko baldintza dela saio osoan zehar heldu baten laguntza zein ardurapean egotea.



