Irun pedalei eragiten hasi da hirian hasiko den Itzulia animatzeko

Itzulia Irundik irtengo da probaren mendeurrenean. Irungo Udalak kirol hitzordua baliatu nahi izan du  kirol probaren inguruan eskaintza kultural, gastronomiko eta naturala prestatzeko. Beste eragileekin batera, Borja Olazabal Kirol ordezkariak,  Miguel Ángel Páez Hiri Bultzadako ordezkariak eta Sergio Javier Gazteriako ordezkariak apirilaren 1ean eta 2an Itzuliarekin batera hirian egingo diren ekintzak aurkeztu dituzte.

Miguel Ángel Páezen hitzetan, “Irun txirrindularitzako ikuskizun baten kokalekua izango da, eta aukera izango dugu jai giroko hiri bat erakusteko, bertakoen eta bisitarien gozamenerako jarduera-programa erakargarri bati esker”. “Bizitzaz beteriko hiria dugu, askotariko aisialdi aukerak eskaintzeko prest dagoena”, gaineratu du Hiri Bultzadako ordezkariak.

Sergio Javier Gazteriako ordezkariak gaineratu duenez, Gazteria arloan lanean dabiltza, hiriko ekitaldi honi ekarpen erakargarriak egiteko.  “Gureak, jakina, gazteenei begira antolatzen ditugu, haiek ere Itzulian murgiltzeko aukera izan dezaten, nola eta gehien gustatzen zaien moduan, hau da, jolasten eta sortzen”, erantsi du Sergio Javierrek.

Bestalde, Borja Olazabal Kiroletako ordezkariak nabarmendu du Irun erreferentziazko hiri gisa sendotzen ari dela lehen mailako kirol-ekitaldien alorrean: “Geure agendan kiroletako gero eta ikuskizun gehiago jasotzen ditugu, maila guztietakoak, eta horixe izango da gure lan-ildoa etorkizunean ere: kirol, osasun eta entretenimendu gehiago”.

Itzulia Irunen

2024ko Itzulia hamar kilometro inguruko erlojupeko etapa batekin abiatuko da, hiri barruan: Irunen hasi eta Irunen amaituko da. Etapa labur eta ez oso gogor bat da: hainbat malda dauzka, baina igoaldi gogor bakarra, % 5,2ko 1,7 km-ko aldapa batekin. Bertatik, Olaberria auzoa zeharkatuko dute alderik alde, Udaletxeko plazara igotzen den maldara iritsi arte. Bigarren etapa ere Irundik aterako da, eta Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa Beherea, Nafarroa, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa gurutzatuko ditu, ordena horretan, eta Eibarko erdigunean amaituko da. Itzuliak, guztira, 832,1 km-ko ibilbidea izango du, sei etapatan banatuta.

Irungo Udala pedalei eraginez

Itzulia hasi aurreko asteburuan, hirian txirrindularitzarekin lotutako zenbait jarduera antolatuko dira, egun handirako beroketa gisa.

Martxoaren 30ean, larunbatarekin, bertigo-atrakzio bat instalatuko da San Juan plazan 11:30etik 14:30era eta 16:00etatik 19:00etara, ausartzen diren guztien gozamenerako. Looping bike izeneko esperientzia bat da: errail gainean doazen bi bizikleta, 360 º-ko birak egin ditzaketenak, pedalei eraginda. Iluntze aldean, 20:00etatik 21:45etara, DJ batek emanaldia eskainiko du Zabaltza plazan.

Igandean, martxoak 31, Igande Sasoi ekimenaren beste edizio bat egingo da. Goizean, 11:00etatik 13:00etara, txirrindularitzarekin eta Itzuliarekin lotutako zenbait ekimen antolatuko dituzte Irungo Udaleko Kirol eta Gazteria zerbitzuak, Txiribuelta eta Kromosomaren laguntzarekin, Zabaltza plaza eta Colon pasealekuaren inguruan.

Kromosomak Zabaltza plazara eramango ditu egurrezko kale-jostailuak, hornidura-poltsak margotzeko tailer bat eta txirrindularitzako motiboekin apaindutako giltzatakoak/puzzleak egiteko beste bat. Txiribueltak hainbat ekimen antolatuko ditu: abildadea eta koordinazioa lantzeko jolasak, maillot klasikoen erakusketa bat, horma-irudi baten pintaketa eta graffiti-tailer bat eta abildadea erakusteko zirkuitu bat.

17:00etan, herritar guztiei irekitako ekintza batean, lehen etaparen ibilbidea ezagutzera joango dira, txikienentzako aukera laburrago bat ere eskainita. Luis Marianotik irtenda, etaparen 10 kilometroak egingo dituzte San Juan plazaraino. Ibilbide alternatiboak Euskal Herria hiribiderantz egingo du olibondoen biribilgunean eta handik Urdanibia plazara joko dute, San Martzialeko aldapatik helmugara iristeko. Bertan, Itzuliak taldeen aurkezpen ofiziala egingo du San Juan plazan 18:00etan.

Aparkaleku alternatiboak

Sergio Javierrek, Udaltzaingoaren ordezkari ere badenez, gogora ekarri du ezinezkoa litzatekeela horrelako ekitaldi bat antolatzea segurtasunik gabe eta trafikoa egokitu gabe. Udaltzaingoaren ordezkariak adierazi duenez, eskertzekoa da Udaltzaingoak eta Ertzaintzak elkarrekin egiten duten lana, dena ahalik eta normalen joan dadin. Sergio Javierrek gaineratu du, “hirian iraultza bat ikusiko dugu egun horietan, eta beharrezkoa da dena ondo antolatzea aldez aurretik.

Herritarren Segurtasuneko arloak jakinarazi du proba Irundik pasatzeak eragina izango duela trafikoan, batez ere aparkalekuetan. Zehaztu ahala, xehetasunez emango da horren berri, baina, hasteko, nabarmendu behar da lasterketa igaroko den kale guztietan ezingo dela aparkatu, martxoaren 30etik apirilaren 1era bitartean. Gainera, apirilaren 1ean, lasterketa egin bitartean, mugikortasuna are gehiago mugatuko da, eta hiriko zenbait puntutan dauden ibilgailuak ezingo dira mugitu, zehazki Gipuzkoa hiribidean, Pikoketa, Aldapeta, Legia, Olazabal y Ramery, Arbelaitz eta Perujaran kaleetan daudenak eta Luis Marianoko eta Artalekuko aparkalekuetan daudenak. Udalak aparkaleku alternatiboak antolatuko ditu Eguzkitza BHIn eta Bidasoaldea HHIn, martxoaren 27tik apirilaren 2ra.

Ukitutako kaleak, dela pelotoia pasatzeagatik, dela antolakuntzaren beharrengatik, honako hauek izango dira: Artaleku, kale Nagusia, Gipuzkoa hiribidea (Alfonso Morales kalearen eta Colón pasealekuaren artean, bi norakoetan), Elizatxo hiribidea, Prudencia Arbide, Eguzkitzaldea eta San Martzial kaleak, Jenaro Etxeandia plaza eta Urantzu kalea (Urdanibiatik Korrokoitzera).   Puntu horietan, ezingo da aparkatu martxoaren 30etik apirilaren 1era.

Itzuliaren 2. etapa ere Irundik irtengo da, apirilaren 2an, 12:30etatik 13:30etara. Hori dela eta, trafikoan aldaketa batzuk izango dira hiriko zenbait puntutan. Kale hauetan izango du eragina ibilbideak: Iparralde hiribidea, Colón pasealekua, Nafarroa hiribidea, Osinbiribileko biribilgunea, GI-646 Behobiako norakoan, Behobiako nazioarteko zubia, San Martzial, Dunboa eta Erlaitz kaleak, Ricardo Arregi zumardia eta iparraldeko saihesbidea.

Gerta daitezkeen gainerako ukipenak aztertzen ari dira, eta behin berretsitakoan, ohi bezala jakinaraziko dira.

Eraginak edukiontzi-multzoetan

Irundik igarotzen den Itzuliaren 1. etaparen ibilbidean, segurtasunagatik, hondakinak biltzeko edukiontzi-multzo batzuk lekuz aldatu behar dira. Horrela, martxoaren 26tik apirilaren 2ra arte, mankomunitatearen edukiontzi-multzo hauek aldatuko dira lekuz:

  • Jose Ramón Agirretxekoa, Aldapeta kaleko 7.era.
  • Elizatxo hiribideko 1.koa, Jose Luis Barrioko oinezkoentzako gunera
  • Araba kaleko 28.ekoa, haurren parkeko sarbide ondora (32. eta 34. artean)
  • Olaberria auzokoa (Txingudi parean), Perujaran kaleko 3.era
  • Eguzkitzaldekoa (Larreaundiko biribilgunea) , San Jose Langile kalera
  • Eguzkitzaldea kaleko 15.ekoa, Jesus kaleko 17.era
  • Urdanibia plazakoa, Korrokoitz kalera
  • Gipuzkoa hiribideko 1.koa, Gipuzkoa hiribideko 24.era
  • Gipuzkoa hiribideko 8.koa, Gipuzkoa hiribideko 24.era
  • Iparralde hiribideko 1.koa, Iparralde hiribideko 10.era

Horrez gain, martxoaren 31n, hondakinak bildu ondoren eta apirilaren 1eko arratsaldean lasterketa amaitu arte, bi bilketa-puntu hauek kenduko dira:

  • Colón pasealekuko 31.ekoa.
  • Colón pasealekuko 54.ekoa

Bide Publikoko arlotik ere zenbait aldaketaren berri eman dute:

Aparkatzeari dagokionez, TAO txartelaren 2. eta 3. eremuetako egoiliarrek eremu mugakideetan aparkatu dezakete, 1., 4., 5., 6. eta 12. eremuetan alegia, martxoaren 30etik apirilaren 2ra, bi egun horiek barne.

Autobusen ibilbideak eta maiztasunak aldatuko dira: 4. linea (Antzaran-Olaberria) zerbitzurik gabe geratuko da, 1. eta 2. lineak bateratu egingo dira, hiriaren kanpoko auzoetako bidaiariak erdigunera eta eskualdeko ospitalera eraman ahal izateko, eta 3. linearen lineaburua Dunboako anbulatoriora aldatuko da. Lasterketak iraun bitartean itzulbidea itxita egongo da.

Taxiak: Bertan behera geratuko dira erdiguneko bi geltokiak (San Juan eta Luis Mariano)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude