Itzuliak probaren mendeurrena Irunen ospatuko du erlojupeko etapa batekin

Gaur aurkeztu da 2024ko Itzuliaren ibilbide ofiziala. Aurkezpenean Cristina Laborda Irungo alkateak, Borja Olazabal Irungo Udaleko Kirol ordezkariak, Julián Eraso OCETAko lehendakariak eta Javier Riaño Itzulia Basque Countryko zuzendariak parte hartu dute. Apirilaren 1etik 6ra egingo da Itzulia, eta aurten jardunaldi “historikoak” izango dira txirrindularitza maite dutenentzat, antolatzaileek esan dutenez.

Itzulia 2024 hamar kilometro inguruko hiri-erlojupeko etapa batekin abiatuko dela: Irunen hasi eta Irunen amaituko da. Bigarren etapa ere Irundik irtengo da. Cristina Laborda Irungo alkateak adierazi duenez, “Irun txirrindularitza-lurraldea da, eta oso albiste ona da gure herrialdeko txirrindularitzaren hitzordu garrantzitsuenetariko bati irteera ematea hirian. Kirol honen zaleak eta hiria, oro har, zorioneko gaude, lehen mailako kirol-ekitaldi batez gozatu ahal izango baitugu, eta horrek garrantzi handia du hiriarentzat: Giro ona, adin guztietarako planak, eta gure hiri- eta turismo-ekonomiarako aukera bikaina, munduaren erakusleiho bat baita”.

Eta honako hau ere gaineratu du: “Irunen, oso ondo ezagutzen dugu lasterketa hau, ez baita lehen aldia kirol-hitzordu hau hartzen dugula: 1975ean izan zen lasterketak gure hiria bisitatu zuen lehen aldia. Hainbat ediziotan, hamar bisita ere egin ditu, eta, orain, ia 50 urte geroago, hiria berritua eta munduari irekia dagoelarik, berriz beteko ditugu kaleak txirrindulariak ikusteko”.

Gainera, alkateak esan du txirrindulari-lasterketaz gain, Irungo Udala programazio bat egiten ari dela Irungo bizilagunek eta bisitariek kirol- eta jai-jardunaldi horretaz goza dezaten. Eta adierazi du ekimen hori “beste urrats bat” dela Irun “ekitaldi-hiria izateko eta hitzordu handien mapan kokatzeko”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude