Irungo Txirrindulari Elkartea pedalei eragiteko indarrak hartzen ari da

Irungo Txirrindulari Elkartea kirol denboraldi berria hasteko azken prestaketetan murgildua dago. Txapelketak otsailaren amaierara edo martxora arte hasiko ez badira ere, pedalei eragiten hasteko unea da. Edurne Izagirre klubeko lehendakariak azaldu du denboraldiaurrea, bizikletan ibiltzeaz gain, taldea sendotu eta bestelako ekintzak egiteko baliatuko dutela.

Lehiatzen hasi aurretik, kluba berriro martxan jartzeko unea iritsi da?
Bai, hori da. Txapelketak datorren urteko otsaila amaieran edo martxo hasieran hasiko dira, baina ordurako prestatuak egon behar gara. Orain denboraldiaurrearekin hasiko gara eta bertan, bizikletan ibiltzeaz gain, bestelako prestaketak egingo ditugu: mendira joan, korrika egin, etab. Bestelako kirolak eginez ere gorputza bizikletan ibiltzeko prestatzen dugu. Egia da denboraldiaurreko entrenamenduetan pistako eta ziklo kroseko entrenamenduak hasten direla eta gure kluba pistara joan ohi da. Entrenamendu horiek datorren hilabetean hasiko direla uste dut. Federazioak bizikletak jartzen dizkigu eta astean zehar pare bat entrenamendu egiten dira. Txapelketak asteburutan izaten dira eta horrela ibiltzen gara urtarrilera arte.

Aurten klubean pistan arituko diren txirrindulari asko dituzue?
Klubeko kirolari guztiei ematen zaie horretarako aukera. Kimuak eta infantilak izan ezik, kadeteak eta juniorrak ibiltzen dira batez ere. Egia da, errepidearekin alderatuta desberdina dela eta hasieran errespetu apur bat eman dezakeela. Berez, klubaren espezialitatea errepideko txirrindularitza da, denboraldiaurrean bestelako aukerak eskaintzen badira ere. Gutxienez urtean zehar noizbait guztiek probatzen dute pista, guk ere horretara animatzen ditugu eta. Gero norberak ikusi beharko du hortik jarraitu nahi duen edo ez.

Denboraldiaurrean fisikoki prestatzeaz gain, taldea osatzen ahalegintzen zarete?
Bai, hori da. Gainera, txirrindularitza bakarkako kirola dela iruditu dezake, baina ez da horrela. Kirolaz gozatzeaz gain, kirolarien garapen pertsonalean lagundu nahi dugu eta horretarako talde lana oso garrantzitsua da. Kontutan izan behar dugu maila ezberdinetako kirolariak dauzkagula kategoria berdinean eta hori errespetatzen ikasi behar da. Beraz, denboraldiaurrea elkar ezagutzeko erabiltzen dugu. Pelotoi barnean norekin batera lehiatzen ari zaren jakitea garrantzitsua da. Uste dugu txirrindularitzak, kirolaz gain, beste gauza asko dituela emateko, eguneroko bizitzan baliagarriak izan daitezkeenak, esaterako, diziplina eta laguntasuna bezalako balioak.

Txirrindulari berrientzako ere zabalik daude klubeko ateak?
Bai, zalantzarik gabe. Guk gainera ez dugu inoiz matrikula epea ixten, beraz, probatu nahi duena edonoiz hurbildu daiteke, adina eta kategoriak edozein direla ere. Ez da nahitaezkoa benjaminetatik hastea. Garrantzitsua da jendea txirrindularitza probatzera animatzea. Guztiok dakigu bizikletan ibiltzen eta bueltatxo bat eman dezakegu bizikletarekin, baina txirrindularitzak kirol bezala ematen duena zerbait berezia da. Egia esan, gero eta txirrindulari gehiago dauzkagu klubean eta zerbaitegatik izango da.

Orain maila gorenean dabiltza txirrindulariak Irungo Txirrindulari Elkarteetan ibili izanak jendea erakartzen laguntzen du?
Hainbat faktore daude. Alde batetik, txirrindulari ezagunak egiten ari diren lana. Bestalde, eskualdean txirrindularitza sustatzeko hainbat egitasmo eraman dira aurrera. Adibidez, Vueltaren irteera. Izan ere, Txirrindularitza ikusten duzunean hori probatzeko gogo handiagoa pizten zaizu. Aurreko denboraldian kimu eta infantilen lasterketak Colón pasealekuan egin ziren eta txapelketak jende gehiagorengana hurbiltzeko balio izan zuen horrek. Pasadaz ikusten baduzu ere, errazagoa da horrela txirrindularitza probatzeko gogo handiagoa izatea. Komunikabideetan erakusten denak ere badu garrantzia, esaterako, azkenaldian, Vueltak, Itzuliak eta Giroak ospe handia baitute.

Zeintzuk dira aurtengo denboraldirako helburuak?
Normalean denboraldi batetik bestera ez dira gauza asko aldatzen. Uste dugu duela urte batzuk hartutako bideak egokia izaten jarraitzen duela. Garrantzitsua iruditzen zaigu emaitza onak dituzten txirrindulariak bilatu ordez, nahi duten guztiek bizikletan ibiltzeko aukera izan behar dutela. Norberak lasterketetan bere helburua jarri behar dio bere buruari. Baten helburua podiumera igotzea izan daiteke, baina beste batentzat helburua izan daiteke lasterketa batetik bestera ibilitako kilometro kopurua handitzen joatea. Hori norberaren lana da eta bakoitzak helburu hori lortzeko lan egin beharko du. Sariak eta bestelakoak ondo daude, guztioi gustatzen zaizkigu, baina gazteek ulertu behar dute hori ez dela helburu bakarra. Asko disfrutatu daiteke asko sufritzen eta horrek gerora lagundu egiten zaitu.

Aurten gainera aurretik klubean ibilitako kirolariak berriro erakartzeko ahalegin berezia egingo duzue, ezta?
Hori da. Aspalditik dugun asmoa da. Aurreko denboraldietan ikusi genuen aurretik klubeko kategoria txikietan ibilitako kirolariak berriz itzuli zirela. Txirrindulari askok junior kategorian bukatutakoan kluba uzteko erabakia hartzen dute, ikasketek denbora asko hartzen dietelako. Garrantzitsua iruditzen zaigu kirolariek ikasi dezatela bai ikasketak eta baita kirola ere oso garrantzitsuak direla, eta bi gauzak aurrera ateratzea posible dela. Horretarako, pentsatzen dugu txirrindulari gazteak helduak baino adibide hobea direla.

Beraz, jendea txirrindularitza probatzera animatuko zenuke?
Bai. Elkarrizketan, batez ere, benjaminetik juniorrera bitarteko kategoriak aipatu ditugu, baina adin guztietako afizionatuek jakin dezatela klubean ongi etorriak izango direla. Ateak parez pare irekiak daude bizikletan ibili nahi duen edozeinentzat. Beraz, hurbildu daitezela, gauza asko antolatzeko asmoa dugu eta.

Elkarrizketa osoaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude