Irungo Txirrindulari Elkartea denboraldiko txirrindularitza txapelketak antolatzeko eta lehiatzeko prest dago. Otsailaren 18an denboraldiko aurkezpena egin zuen klubak Iñigo Lavado jatetxean, haur, kimu, kadete eta junior mailako txirrindulariak ezagutaraziz. Edurne Izagirre klubeko lehendakari karguan estreinatu zen. Presidente berriak uste du txapelketa gutxiko bi urteren ostean, txirrindularitza elkarte irundarrak aurten ohiko lehiaketa guztietan parte hartzeko aukera izango duela.
Pandemiak kirolari guztien jarduera baldintzatu du. Nola eragin dizue zuei?
Bai, hala da. Orain dela bi urte konfinamenduaren ostean hainbat hilabetez apur bat entrenatzeko aukera izan genuen, baina oso lasterketa gutxi izan genituen. Junior kategoriakoek denboraldiaren zati bat berreskuratzeko aukera izan zuten, gainontzeko kategorietan, hau da, haurretan, kadeteetan eta kimuetan txapelketarik izan ez zen bitartean. Pandemia hasi osteko bigarren urtean kadeteek eta juniorrek txapelketetan parte hartzeko aukera izan zuten, txikienek oraindik lehiatzeko aukerarik ez zutelarik. Beraz, klubeko haurrek bi urte eman dituzte txapelketetan parte hartu gabe, ez baitira antolatu. Aurtengo denboraldirako aldiz, dena prest dagoela dirudi eta txapelketetara itzuli ahalko direla.
Txikien maila igoera guztiz baldintzatuko du egoera horrek?
Bai, asko. Kontuan izan behar dugu aurten kadeteetan ibiliko direnak kimu kategorian egondako urteetan ez dutela lehiatzeko aukerarik izan. Txirrindularitzan oso garrantzitsua izaten da maila guztietatik igarotzea, kirol maila pixkanaka zailtzen doa eta. Apurka-apurka pelotoi handiagoetan lehiatzen dira, gertuago doaz eta teknika gehiago behar dute. Kategorietan gora egin ahala lasterketak luzeagoak dira. Haurrak eta kimuak zirkuitu itxietan lehiatu ohi dira, baina kimuak, aldiz, irteera eta helmuga artean mendiak igotzen hasten dira, beraz, oso aldaketa handia da.
Entrenatzaileentzat ere zaila izan da prestaketa kudeatzea, gazteek lehiatzeko aukerarik izan gabe, ezta?
Bai, argi dago gazte askoren helburua txapelketak direla. Ez soilik podiumera igotzeagatik, hori guztioi gustatzen zaigula argi dago, baina txapelketak ere norberarentzat erronkak dira eta bakoitzak dauzkan helburuak lortu ahal izateko aukera dira. Txapelketarik ez egiteko entrenatzeak frustrazio handia eragiten du eta asko nabaritu dugu. Kirolari askok ez zuten entrenatzeko beharra ulertzen lehiaketarik gabe.
Aurtengo denboraldirako aldiz, zenbait txapelketa prestatzen ari zarete?
Hori da. Asteburu honetan kategoria ezberdinetako txapelketak hasiko dira. Guk haur eta kimu kategorietako bi lasterketa antolatuko ditugu Irunen. Gainera, aurten bi lasterketa horiek Irun erdialdean egingo dira, Colón pasealekuan, orain arte horietako bat Letxunborro hiribidean egiten zen bitartean. Orain, aldiz, udalak antolatutako Igandero jardunaldietan sartuko dira. Bestetik, San Pedro lasterketa daukagu, iaz azkenean ospatu ez zena. Aurten ilusio handiz berriro prestaketa ekintzei ekingo diegu. Ekainean ere Juanma Garate martxa antolatzen da, ekainaren 12an izango da eta hori prestatzeko ere buru-belarri ibiliko gara lanean. Gainera, aurten nobedade bat izango dugu, izan ere, Juanma Txiki antolatuko dugu BAT taldearekin batera, duatloi moduko zerbait izango da eta dena prestatzeko elkarlanean ari gara bi klubak.
Uste duzu ohiko txapelketen egutegia berreskuratzeak klubera jendea erakartzen lagunduko duela?
Bai, haur eta kimuen lasterketak Irun erdira eramatearen helburuetako bat kirola ikustarazten laguntzea da. Guztiok ezagutzen eta jarraitzen dugu txirrindularitza, Tourrarengatik, Giroarengatik, Vueltarengatik eta abar. Badirudi horrelako lasterketak urrutiegi gelditzen zaizkigula, baina Euskal Herrian txirrindularitzarekiko afizio handia dago. Egia esan, gehiengoak etxetik ekartzen dute txirrindularitzarekiko zaletasuna, baina poliki-poliki kirola zabaltzen joan nahi dugu.
Klubean ere neska txirrindulariak dauzkazue. Zailagoa da kirola neskengana hurbiltzea?
Bai, orokorrean txirrindularitzara asko kostatzen da. Horregatik, bai klubaren zein federazio ezberdinen artean lan handia egiten ari gara. Esango nuke orokorrean kirol guztietan gertatzen den zerbait dela eta, horretarako, txirrindularitzan ere emakumeak daudela erakustea oso garrantzitsua iruditzen zait. Luzerako lana izan behar du eta horretan ari gara. Oso harro gaude denboraldi honetan klubean dauzkagun bi emakume kimuak Euskal selekzioarekin joan direlako Espainiako txapelketara eta sekulako lana egin dute. Pistan ere oso ondo ibiliak dira Donostian erakutsi izan dutenez eta oso pozik gaude. Uste dut bi neska gazte hauek egiten ari diren lana beste emakumeei erakutsiz txirrindularitzara neska gehiago erakartzea lortu daitekeela. Entrenamenduak berdinak dira neska zein mutilentzat eta elkarren artean oso giro ona daukate.
Beraz, erreferenteak zeregin honetan garrantzitsuak izango dira?
Hala da. Uste dut baliabide ezberdinak erabili behar direla horretarako. Nik neuk emakume bezala txirrindularitza jarraitu dut, baina orain arte ez dut kirol honetan ibiltzen den emakumerik ezagutu. Ordea, txikitatik ikusitako gizonezko txirrindulari asko aipatu nitzake. Lan hori ez du soilik prentsak egin behar, denon artean egiten dugun zerbait izan behar du eta ziur noizbait helburua lortuko dugula.
Ardura handia da Irungo Txirrindulari Klubeko lehen lehendakari emakumezkoa izatea?
Ni kargu honetan egoteak zerbaitetarako lagundu badezake oso pozik egongo naiz. Azkenean, guztiok horrelako zeregin bat betetzeko gaitasun berdinak dauzkagula uste dut, berdin du emakumea edo gizona zaren. Egia esan, ni oso gustura nago karguan, zuzendaritza batzordean lan handia egiten ari gara. Orain lehendakaria izatera pasa naiz, baina aurretik lehendakariorde izana naiz eta zikloa lehendakari lanean amaituko dut. Egia da askotan niri egokituko zaidala aurpegia ematea, baina egin beharreko lana arduradunen artean banatua dago. Lan asko egiteko dagoen arren, egiten dugunaz disfrutatzen dugu. Ni kasualitatez iritsi nintzen klubera, semea txirrindularitzan hasi zelako eta dagoeneko semea klubean ez badago ere, nik oraindik hemen jarraitzen dut. Egia esan, asko disfrutatzen dut eta pentsatzen dut daukadan taldearekin urrutira iritsiko garela.