Irun.Market plataformak hiriko merkatariei beren produktuak online saltzeko aukera emango die

Irun.Market plataforma Irunen merkatariek beren produktuak online saldu ahal izateko market place-a da. Merkataritzaren sektoreari laguntzeko ekimena da, pandemiaren ondorioei aurre egiteko Irun Aurrera planaren barruan aurreikusitakoa.

Juncal Eizaguirre Hiri Bultzadako ordezkariak azaldu duenez, Market place proiektuak saltoki txikiei interneten presentzia handiagoa izaten lagunduko die, Udalak eta Bidasoa bizirik-ek abian jarri dituzten ekintzei jarraitutasuna emanez. “Helburua tokiko establezimendu horien digitalizazioa da, eta online salmentan aritzeko sarbidea eskaintzea”, adierazi du Hiri Bultzadako ordezkariak. Horrela, merkatariek beren jardueran aritzeko aukera ugari izango dituzte aurrean, saltzeko modu berrietara egokitzeko aukeraz gain.

Bidasoa bizirik-en eskutik, Udala market place-a ezartzeko lanean ari da, cbt communication engineering enpresarekin batera, 2021eko azken hiruhilekotik. Prozesua lehen fasean dago orain: Irungo merkataritzaren egoeraren diagnostikoa egiten ari dira, eta sektoreari ekimenaren berri ematen. Orain arte, 600 mezu elektroniko baino gehiago bidali zaizkie Irungo saltokiei. Mezu horietan, proiektuari buruzko lehen datu batzuk emateaz gain, galdetegi bat ere helarazi zaie. Horrela, saltoki bakoitzaren digitalizazio maila ezagutuko da, bai eta sektorearen egoeraren osoko ikuspegia ere. «Horri esker, bertako saltokiak etorkizunean abian jarriko den online salmentako plataformara erakartzeko prestakuntza ekintzak antolatu ahalko ditugu», nabarmendu dute Hiri Bultzada arlotik.

Market place-a irun.market webgunean ezarriko da. Gaur egun, informazio orri bat eta datu gehiago eskuratu nahi duten saltokientzako sarbide bat daude helbide horretan. Online galdetegiaz gainera, enpresa telefonoz deituta eta aurrez aurreko bilerak eginda ere ari da Irungo saltokiekin harremanetan jartzen.

Aldi berean, produktuak saltzeko plataforma digitala diseinatzen ari dira, bai eta bestelako gaiak lantzen ere: saltokien atxikimenduak, prestakuntza, etab. Irungo saltokientzat doakoa izango da plataforman parte hartzea, eta, gainera, market place-an parte hartzen duten saltokientzako diru-laguntza lerro bat aurreikusi da, salmentako plataforma digitalean parte hartzeko beharrezko inbertsioei aurre egiteko.

Plataforma honen bidez, produktuak dendan bertan erosi ahalko dira, 24 orduan entregatu ahalko dira Irunen, Hondarribian eta Hendaian (produktu freskoak barne), eta Estatu osora egin ahalko dira bidalketak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude