Gabonetako kanpaina berotzen hasteko balioko du Irun Aurrera Bonuen laugarren edizioak

Urtea amaitu aurretik hiriak Irun Aurrera Bonuen laugarren edizioaz gozatzeko aukera izango du. Juncal Eizaguirre Hiri Bultzada arloko ordezkariak egitasmoaren berri eman du, Bidashop eta Mugan merkatari elkarteetako eta Denok Bat ostalari elkarteko ordezkarien eta merkatari partikularren konpainian. Irungo Udalak merkatari txiki eta ostalariei eskainitako ekintza da, Ekonomia eta Gizartea Suspertzeko Planaren esparruan txertatuta dagoena.

Juncal Eizaguirrek nabarmendu duenez, ekimen hau “Udalak krisialdiak gogor jotako sektore bati laguntzeko duen lan ildoetako bat da”. Egoera egonkortzea lortu bada ere, Eizaguirrek gogoratu duenez hiriko dendak eta ostalaritzako establezimenduak ezin dira alde batera gelditu, hiriko familia asko haietatik bizi direla ulertuta. Horregatik, Irun Aurrera Bonuen aurrekoetan izandako erantzun paregabea ikusita, laugarren edizioan udalak bonu gehiago kaleratuko ditu, erosketak Irunen egin daitezela bultzatzeko.

Kanpainak aurreko edizioen antzera funtzionatuko du. Kanpainaren laugarren edizioan parte hartuko dute merkatari eta ostaleriek urriaren 20tik 29ra izan zuten Irun On webgunean egitasmoan izena emateko epea. Aurrekoetan bezala, establezimendu bakoitzak bereizgarri bat izango du kanpainan parte hartzen duela erakusteko. Egitasmoan hiriko saltoki txikiek eta ostalaritza establezimenduek parte hartuko dute elikagaiak eta edariak saltzen dituzten 400 m2-tik gorako lokalak, gasolindegiak, estankoak eta estatuan edo nazioartean presentzia handia duten enpresa handien filialak kenduta.

Erabilera arauak
Azaroaren 4tik abenduaren 5era martxan egongo da bonuen kanpaina. Zehazki, Irunen erroldatutako 16 urteko edo hortik gorako pertsonek erabili ahalko dituzte. Guztira, Irundar bakoitzak hamar bonu erabiltzeko eskubidea izango du, establezimendu bakoitzean gehienez horietako bi erabili ahalko dituelarik. Saltokietan 30 euroko erosketetan bezeroak 10 euroko bonuak erabili ahalko ditu, erosleak soilik 20 euro ordainduko dituelarik. Ostalaritza establezimenduetan aldiz, bonuak erabiltzeko gutxieneko erosketa 20 eurokoa izango da eta kasu horretan kontsumitzaileak 10 euro ordainduko ditu bakarrik.

Era berean, Hiri Bultzadako ordezkariak gogoratu duenez, erosketa tikek bakoitza pertsona bakarraren bonuekin lotu ahalko da. Gainera, Alkoholdun produktuak bakarrik eskuratzeko egiten diren erosketak ekimenetik kanpo geldituko dira.

Sektoreari laguntzeko ekimen honen alde egin zuten lehenengo hirietako bat izan zen Irun. Lehenengo edizioa 2020ko udan kaleratu zen, eta, ordutik, lau iragarri dira. Guztira, 650.000 euro jarri dira kanpainetarako, eta gero eta establezimendu eta kontsumitzaile gehiagok parte hartu dute: azken kanpainan, orain arte, ia 8.000 lagunek eta 213 establezimenduk guztira.

Egitasmo arrakastatsua
Bonu kanpainaren laugarren edizioa da eta jada aski ezaguna da hirian. Arrakasta horren erakusle da denda eta ostalaritza establezimenduak egitasmora batzeko epea ireki eta lehen orduetan jada 130 inskripzio egin zirela. Manolo tabernako Jose Mari Gonzálezek, Denok Bat elkarteko ordezkariak, Irun Aurrera Bonuen laugarren edizioa martxan jartzeagatik eskerrak eman dizkio udalari. “Hiriko merkataritza eta ostalaritza establezimenduetan kontsumitzea sustatzen du eta hori orain funtsezkoa da”, azaldu du ostalariak.

Papperino izozki-dendako jabea eta Bidashop elkarteko kide da Yon Gallardo eta bere iritziz, “inskripzioen erritmoak erakusten du funtzionatzen ari den ekimena dela”. Bere esperientziaz galdetuta, Yon Gallardok onartu du jendea jada erosketa bonoak erabiltzera ohitu dela eta saltokietan erosketak egiterakoan bezeroek bonuak eskatzen dituztela. Kolon Menaje denda egitasmoaren lehen edizioan batu zen kanpainara eta Encarni Martinez dendariak adierazi duenez, “asko nabaritu dugu bonu kanpaina bakoitzaren hasiera, jendeak gehiago erosten baitu”.

Elkarte bilerak
Hiri Bultzadako Arloak jakinarazi duenez, “Irun Aurrera bonuen edizio hau Gabonetako kanpainarako berotzeko baliatu nahi dugu”, aurrez aurre baitugu. Dagoeneko aurtengo Gabonak osatuko dituzten jarduera eta ekimen nagusiak aurkeztu ditu udalak, hala nola Ficobako izotzezko pista, txirristak, argiztapen osoagoa eta kultur agenda, eta laster azken berritasunak iragarriko direla jakinarazi da. “Asteak daramagu merkatari eta ostalari elkarteekin eta auzo elkarteekin biltzen, Gabonak ahaztezinak izateko xehetasunak elkarrekin orrazten”, nabarmendu du Hiri Bultzadako ordezkariak. Horrela, Juncal Eizaguirre merkataritza eta ostalaritza sektorearekin bildu da, baita auzo elkarte batzuekin ere, aurtengo kanpainaren eduki edo ildo nagusien berri emateko eta, aldi berean, haien ekarpenak jasotzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude