Europako Kopako garaipenaren 25. urteurrena ospatuko du hiriak Bidasoarekin batera. Gaur aurkeztu dute “Made in Irun” programa. Kopa irabazi zen egunarekin bat etorriz, apirilaren 22ra arte hainbat jarduera antolatuko dira Irunen.
1994/95 denboraldian, hain zuzen, irabazi zituen Bidasoa KE, orduan Elgorriaga Bidasoak, denboraldi berean Liga txapelketa eta Europako Kopa, Irun eskubaloiaren Europako hiriburu eta nazioarteko eskubaloirik onenaren erreferentzia bihurtuz. Beñardo Garcia 1995eko Europako Kopaz gain, estatuko eta nazioarteko titulu posible guztiak lortu zireneko hamarkada zoragarri hartan Bidasoa KE presidentea izan zen. Garciak adierazi duenez, “zirraragarria da 25 urteren ondoren oraindik denok emozioz gogoratzen dugun zerbait dela ikustea: Zagrebeko partida hura, Irunera iristea, Juantxoren bertsoa udaletxeko balkoitik … Irundarrekin batera une haiek berriz bizitzea pentsatze hutsak hunkitu egiten nau berriro “.
Jose Antonio Santano Irungo alkateak azaldu duenez, “Ez gara Europako lehiaketa bat irabazteaz ari, askoz gehiago izan zen”. “Pozez betetako hilabeteak ere izan ziren, Irun Europako hiriburu bihurtu zelako, eta, orain, 25 urte geroago hura guztia ospatu eta partekatu nahi dugu”, gaineratu du alkateak. Gurutz Aginagaldek, gaur egun Klubeko Presidenteak, lehen urratsak ematen zituen lehen taldearekin garai hartan, eta horrela gogoratzen du garaipen berezi hura, “uste dut denok gogogogoan ditugula aste haiek, Artalekun eta kaleetan partekatu zena”. Era berean, Bidasoa klubeko presidenteak gogoratu du Bidasoa izan dela Europan maila horretako titulu bat lortu duen euskal talde bakarra. “Hirian oso garrantzitsua izan zen garaipen hura, eta, horregatik, urteurren hau Iruni eskainitako festa bihurtu nahi izan dugu”.
Azken hilabeteetan, batzorde bat lanean aritu da garaipen haiek gogoratzeko programa bat egiteko. Brontë liburu-dendako Ylenia Benitok talde horretan parte hartu du, eta honako hau nabarmendu nahi izan du: “hasieratik ulertu dugu hiriaren festa bat zela”. Festa “Made in Irun” izateko, tokiko enpresa, saltoki eta laguntzaileekin harremanetan jarri da batzordea.
Hasteko, hiria urdinez eta horiz jantziko da datorren hiletik aurrera, zilarrezko eztei horiek gogoratuko dituzten banderola eta kartelekin. Europako Koparen profila, denboraldi honetako taldearen elastikoetan presente dagoena, izango da irudi horren protagonista. Apainketa horiek otsailaren 22an eta 29an Poloniako Plocken aurka jokatuko den Europako partiduaren inguruan ipintzeko asmoa du batzordeak.
Gainera, jokalariek 1994/95 denboraldian jantzi zuten kamisetaren erreprodukzioa salgai egongo da Hazlan enpresaren konpromezuari esker. Era berean, Europako Kopako erreprodukzioak salgai egongo dira. 3R3D enpresak 3D inprimagailuekin eginak izango dira Bidasoa Institutuak egindako diseinuari esker.
Turismoak ekimenarekin bat egingo du eta Luis Marianoko turismo bulegoan Europako kopako 25. urteurrena gogora ekartzen duten tote bags batzuk salgai egongo dira 5 eurotan. Hortaz gain, beste zeinbait ekintza aurrera ateratzeko lanean ari da batzordea, hala nola Bidasoako txapeldunaren posterraren berrargitalpena, Marraztetabarrek horretarako egindako karikaturekin eguneratuta, eta beste ezusteko batzuk.
Erakusketa kalean
Erakusketa izango da 25. urteurrenaren inguruan antolatutako beste ekintzetako bat. Panelen bidez, hiriko lau puntutan, Kopa hartako irudi eta gertaera gogoangarri batzuk gogoratuko dira. Panel horiek jarriko diren tokiak hauek izango dira: Uranzu pilotalekua, bertatik ere gogoratuko baita orain dela 50 urte maila gorenera lehen aldiz igotzea lortu zuen plantilla; Colon pasealekua, Turismo bulegoaren inguruan; Artaleku eta San Juan plaza. Gainera, hilabete hauetan bisita gidatu batzuk egiteko asmoa dago, duela 25 urteko xehetasunak gogoratzeko.
Gastronomia eta merkataritza
Erakusleihoak izango dira beste erakarpen puntu bat. Otsailean eta martxoan zehar, merkataritza sailak erakusleiho-apainketako ikastaro bat antolatu du, 2020an gai honen inguruan, hau da, Europako Koparen 25. urteurrenari buruz eta Bidasoaren inguruan. Horrela, merkatariei jarraibideak emango zaizkie erakusleihoak egiteko, martxoan eta apirilean prest egon daitezen.
Bestalde, ogitarteko lehiaketa egingo da, bi alderdirekin: epaimahai herrikoia eta epaimahai profesionala. Helburua 25 parte-hartzaile lortzea da, nahi dituzten osagaiekin, nahi duten ogiarekin ogitartekoak egiteko eta nahi duten prezioan eskaintzeko. Baldintza bakarra ogitartekoak efemerideari lotutako izena izatea da, eta apirila osoan kartan sartuta egotea ostalaritza-establezimenduan.
Alde batetik, eskualdeko hiru sukaldari ospetsuk osatutako epaimahai profesionalak ogitartekoak baloratzea eta 8 finalista aukeratzeko asmoa dago. 8 finalista horiek show-cooking ekitaldi batean parte hartuko dute, Zabaltza plazan, publikoari irekia. Bertan, beren ogitartekoak aurkeztuko dituzte epaimahaiaren aurrean, eta irabazlea izendatuko dute. Ekitaldi hau apirilaren 18an, larunbatarekin, egingo da eta txapeldunari Europako Koparen erreplika bat emango zaio. Aldi berean, herri-bozketa egingo da ogitartekoak kontsumitzen dituzten pertsonen artean. Klubak kamiseta eta partida baterako bi lagunentzako sarrera zozkatuko ditu.
Papperino Izozki dendak bat egingo du ekimenarekin eta izozki berezi bat prestatuko du. Eta topa egiteko zer hobe Irungo garagardoa baino! Bidasoa Basque Breweryk jada CD Bidasoaren oroitzapenezko Arana garagardoa atera zuen, eta artisau garagardo berri bat gehituko du orain, enpresa irundarrak urteurren hau ospatzeko aterako duena.
Batzordea gainera hainbat kolaboratzailerekin lanean ari da, apirilaren 25ean gala bat antolatzeko. Gala horretan, garaipen hartako protagonistekin irudiak eta istorioak gogoratuko dira. Reflejo Pilomotorrek final hartako oroitzapenei buruz egindako dokumental bat ere estreinatuko du. Bestalde, 95eko partida birbizitzeko data eta formatuen bila dabiltza.
Erraldoi handi bat
Ondare da jaiarekin bat egin duen Irungo beste erakundeetako bat. Dagoeneko hilabete batzuk badira oroitzapen-erraldoi bat egiteko dirua biltzeko ekimena aurkeztu zuen elkarteak. Erraldoi berria datozen asteetan aurkeztuko da eta Ondaretik aurreratu duten datu bakarra erraldoi ikusgarria izango dela da.
Sare sozialetan
Urteurren honetako informazio guztia, duela 25 urteko programa eta protagonistak eta gaur egungoak Bidasoa1995eko sare sozialetan islatuta daude, bai Twitterren, bai instagramen. Sare horietan, egungo jokalarien duela 25 urteko irudiak biltzen ari dira; Elgorriaga Bidasoa Europako Txapeldun izatera eraman zuten partidak birbizitzen dira, eta sare horien bidez eskuratu nahi dira zaleek urte hartaz gogoratzen dutena eta haien bideoak eta bizipenak. “Jendeak bideo txikiak egin ditzala nahi dugu edo garaipen harekin lotutako beren historia pertsonala eta nola ospatu zuten konta diezagula gure sareen bidez”, azaldu du Yleniak.