Zer gertatu zen Irunen orain dela 100 urte?

G29189: Real Union klubeko taldea, 1924ean Espainiako Kopako Txapeldun izan zena. Argazkiko jokalariak: Eguiazabal, Gamborena, Bergés, Emery, Aguinaga, Echeveste, Anatol, Errazquin, Vázquez, Azurza eta René Petit.

Irunen orain dela mende bat albiste ziren gertaerak errepasatzeko, 1921. urtean Irunen argitaratutako “El Bidasoa” aldizkaria aztertzea aproposa izan daiteke. Zehazki, 1921ko otsailaren 6an kaleratutako aldizkariaren zenbakia “Otra partida fallida” titulua daraman idatziarekin hasten da, bustitako lastoa zekarren hirira iritsitako trenbide batek eragindako buruhausteak kontatuz. “Yolé”-k sinatutako bertso-lerro erromantiko batzuen ostean, “E.R” kronikagileak suhiltzaile taldearen funtzionamendua berrantolatu eta zerbitzua hobetzeko beharraz ohartarazten du beste behin. Jarraian, “Junior” izeneko aldizkarian Antonio Martínez Zumetak Gaspar Montes margolari irundarraren lanaren inguruan idatzitako artikuluari aipamena egiten zaio. Ondoren, Senac piano-joleak Bellas Artes antzokian eskainitako kontzertuaren ezustekoak eta arrakasta laburbiltzen ditu “RE-LA-MI-DO”-k.

G24525: Bidaiariak Irungo tren geltokian.

Kirol kronikan, Real Union eta Athletic futbol taldeek jokatutako partiduaren emaitza eta partiduaren xehetasunak kontatzen dira. Horren ostean, Rene futbol jokalaria Frantziako selekzioarekin batera nazioarteko partiduak jokatu ahal izateko auzia konpondu delaren albistea ematen da. Bestetik, Colón pasealekuaren ezkerreko aldea eskuinekoa bezala lauzatzeko beharraz hitz egiten da. Segidan, Lucas Jaunaren ilobei zuzendutako lerroak irakur daitezke. Madrildik itzuleran Belgikako Erregea Irundik igaro direla jakinarazten da, agintarien bidaiaren nondik-norakoak azalduz. Era berean, irakurle batek aldizkarira bidalitako gutuna argitaratzen da lursail baten inguruko eztabaidarekin loturik gutunaren igorlearen arrazoiak azaltzeko.

G38555: Colón pasealekuaren hasiera eta Genaro Echeandia plaza (1930-1935).

Aldizkariaren hirugarren orrialdean, “El Principal” antzokiko dantzaldietan maskaren erabilera debekatu ostean hiritarren erreakzioak biltzen dira. Ostean, parrandazaleek gauean kalean sortutako iskanbilaren aurrean poliziaren esku-hartzea eskatzen da aldizkariaren hurrengo idatzian. Zenbaki honen kasuan, “Notas Municipales” izeneko atala ohi baino luzeagoa da azken udal bilkuran hartutako erabaki guztiak bildu ahal izateko. Azkenik, “Noticias” titulua daraman berri laburren atalarekin amaitzen da “El Bidasoa” aldizkariaren 284. zenbakia, publizitatez betetako azken orrialdearen aurretik.

 

 

 

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude