Doinua: Sentimentua sartu zitzaidan
Egilea: Iker Altuna Albisu
Etorkizunak zer izango du
bere barruan gordea?
Zein izango da, aurrerantzean,
munduaren kolorea?
Nahiz topikoak baliatzea
ez den oso dotorea;
honek badauka, oraintxe bertan,
berez balio doblea:
ea urte hau izaten dugun
bestea baino hobea!
Koronabirus, gu guztiokin,
izan ezazu gupida;
eta pixka bat estutu zaitez
jarri dizugun neurrira.
Antzematen dut, nire barruan,
zu suntsitzeko desira.
Baina, badakit, ezinezko da;
onartu behar dut, tira!
Gaixotasunak, ezinbestean,
bizitzaren parte dira.
Txalotzekoa izan da, zinez,
jende batzuen kemena;
txalotzekoa, jende batzuek
erakutsi duten sena.
Ebidentea izanagatik
eragindako problema,
ebidentea izanagatik
jende askorengan pena;
holakoetan ateratzen da
ondoriorik onena.
Askatasuna murriztu zaigu,
dastatu dugu kartzela;
eta lehenago alaia zena
bilakatu da goibela.
Baina berriro lor dezakegu
denok nahi dugun epela,
nahiz badakidan nahi eta nahi ez
ez dela izango horrela;
pentsatu nahi dut trantze txar honek
indartuko gaituela.
Ni kontziente naiz birusak hemen
egin duen desmasiaz,
jendarte honek ahosabaian
daukan zapore gaziaz.
Baina egoera gaindi daiteke,
neurri batean, graziaz;
eta musika kontzertu on bat
itxaroten dut antsiaz.
Bene-benetan ohar gaitezen
kulturaren garrantziaz!
Hemen ez da deus zuri ala beltz,
galdu ala irabazi;
dakidana da behar dugula
jende oro pentsarazi.
Irakurlea, mindu bazaitut,
behar dut esaten hasi:
jendarteari nire ikuskera
nahi nion hemen erantsi,
azken finean nire barruan
neukan hori adierazi.