ESPAINIA
Bertsoak: Egoitz Zelaia
Doinua: Kideari (Mikel Urdangarin)
1.
Kuba, Antillak, India,
Puerto Rico, Kanbodia,
Haiti, Ekuador, Burgia,
Jamaika, Oman, Mahdia,
Peru, Panama, Indonesia,
Portugal, Iran, Santa Luzia,
Guatemala, Bolibia,
Tunez, Angola, Timor, Sahara,
Uruguai, Brasil, Txile, Granada,
Puerto Rico, Kolonbia.
2.
Nork ez zituen ikusten
Argentina odolusten,
besteen sakela husten
eta beraiena puzten?
Guinea, Antigua eta Barbuda,
Maroko, Bahamak, Taiwan, Aruba,
erraz jantzi eta biluzten.
Turkiar Irlak eta Kaikos,
Algeria, Tetuan, Tanger, Barbados, …
odolez hartu zituzten.
3.
Mexikok zuen ondare
ia guziaren jabe
egin eta dohakabe
orain ere harro daude.
Venezuela ere hor dago,
edo Trinidad eta Tobago,
Paraguai, Somalian pare.
Euren bandera, eta soldadu,
Espainiak ez du gerrarik galdu
odolik isuri gabe.
4.
Historiak gogoeta
eragiten du tarteka.
Katalunia dela eta,
dela Irak, dela ETA.
Hauen kasuan Espainiako
monologoak ez duelako
egiten elkarrizketa.
Beti antzera amaitzen dugu
inpotentzia-nekez mukuru
eta kaleak beteta.
5.
Nahiz ta batzuk gogor ari
presionatzen aspaldi
hel diezaion hitzari
eusten dio bereari
burua zurrun, eskuak estu.
Lehendik handia den horrek ez du
izan nahi bat eta handi.
Alferrik dira hainbeste saio
maiz itsasoa eskaintzen zaio
urik nahi ez duenari.
6.
Orain predikuz prediku
zapaltzaile izpiritu
haren odol esplizitu
hura nola defenditu?
Hurbilekoak, zein indigenak,
anikilatu zituen denak.
Ez zuen deus deskubritu.
Onartu gabe behin hildakoak,
oraindik ere, egindakoak
ospatu egiten ditu.
7.
Nonbait, behar den unean,
hitza dagokizunean,
neurtzen zara berunean
eta ez begirunean.
Historia maiz dugu testigu
zer garen berak erraten digu
gure argi-ilunean,
eta zuk argi bezain burutsu
maite zaitzagun eskatzen duzu
gorroto gaituzunean.