TURISMOA
Bertsoak: Abel Zabala
Doinua: Henry Millerri eskutitza (Xabier Lete eta Karlos Gimenez)
1-Udara joan zaigun honetan
udazkena ere badator
egunak eta hilabeteak
joaten baitira bizkor
turismoaren uholde latzak
astindu gaitu gogor
eta iritzia ematera
bertso hauekin nator,
2-Turistak gora turistak behera
sortu duten harrabotsa
udara berotik joan zaigu
astindu dugu hotza
batzuentzat zer negozioa
zer nolako pagotxa
“guiri”en karterak hustu eta
bete baitute poltsa.
3-Turistak errentagarritasun
ona omen dakar berez
beso zabalik hartu behar dira
ta tratatu gizalegez
langileari galdetu behar
nagusiari ordez
prezioak igotzen dituzte
baina soldatarik ez.
4-Bat erraz konturatu daiteke
joan ezkero Donostira
edozein denda ta tabernetan
inglesak duen distira
euskara hizkuntzaren zerrendan
azkeneko tokira
gure nortasuna indartzeko
lantegi txarrak dira.
5-Turismoak berdin kolpatzen du
herria edo hiria
izan daiteke Donosti, Zarautz,
Biarritz, Hondarribia
pisuen espekulazioa
da beste aurpegia
alokatzea edo erostea
nolako miraria.
6-Turismo mota honek begira
zer kalte ekartzen duen
adibide batzuk plazaratzen
behintzat saiatu naiz hemen
ereduaren hausnarketa bat
eskatzen dut bederen
neurriak hartu behar baitira
berandu baino lehen.