Aurreiritziak apurtuz

Urte bete darama Indidxabak taldeak, formazioa egonkortuta, bere rock doinuak eskainiz.

Rock taldeetan emakumeak topatzea ez da ohikoa izaten. Baina soilik emakumeez osatutako taldeak ikustea, benetan zaila da, gaur egun. Salbuespen horietako batekin gozatu ahal izan dute Irungo MEK jaialdiko ikusleek, urriaren 22an, Urdanibia plazan. Indidxabak talde irundarra ezusteko atsegina izan da jende askorentzat. “Emakumezkoek osatutako taldea eratzeko gogoa nuen. Militantzia kontua da, nolabait”, aitortu du Ane Odriozola abeslariak.

2015 urtearen hasieran sortutako taldea da Indidxabak, baina egungo formazioarekin, urte bete besterik ez darama. Emanaldi sorta egin du, hala ere. Urrian, esaterako, hiru kontzertu eduki dituzte, Mundakan, Irungo Lakaxitan, eta MEK jaialdian. “Gero eta erosoago gaude eszenatokiaren gainean”, azaldu du Ana Calderón baxu jotzaileak: “Garapen bat egon da, taldearen kohesioari dagokionez”. 2016ko udazkenean sartu zen Calderón taldean, Helena Benet bateria jotzailearekin batera. Base erritmikoa aldatu zuen orduan Indidxabak-ek, taldearen sorreran izandako zailtasunei aurre egiteko.

Atzera begiratu du Ane Odriozolak, hasiera hura gogoratzeko. Ana Ayneto gitarra jotzailearekin sortu zuen Indidxabak. Irungo musika eskolan elkarrekin aritzen ziren. Gitarra klasikoa jotzen du Aynetok, baina elektrikoarekin probatzera animatu zen. “Uste dut ukitu hori antzematen dela, gure konposizioetan”, onartu du Odriozolak. Lehen bateria eta baxu jotzaileak lortu zituztenean, abestiak osatuz hasi ziren. Hasiera konplikatua izan zela adierazi du, hala ere, Ane Odriozolak: “Bateria jotzailea flautista zen, eta baxu jotzailea, kantaria. Inork ez zuen bere instrumentua menderatzen”.

Gutxieneko errepertorio bat osatzea lortu zuten, dena den, eta lehen kontzertuak emateari ekin zioten. Ez zituzten gehiegi bilatu, baina lehendik musika taldeetan ibiliak ziren, eta bazituzten horren beharrezkoak diren kontaktuak. Orduan, taldeari denbora gehiago eskaini edo ez erabakitzeko unea iritsi zen. Eztabaida horren ondorioz etorri ziren aldaketak. “Bateria eta baxu jotzaileak behar genituen, eta musika eskolara jo genuen”, aipatu du Odriozolak. Han topatu zituzten Ainara Calderón eta Helena Benet. Bateria jotzaileak ilusio handiz hartu zuen aukera: “Bateria jotzen hasi nintzenetik, askotan pentsatzen nuen zeinen ederra izango zen emakumeez osatutako talde bat sortzea”.

Rock astunetik, doinu dantzagarriagoetara jotzen dugu”
Helena Benet, bateria jotzailea
Egonkortzeko bidean daude

Taldekide berriak sartu zirenean, abestiak moldatuz hasi ziren, eta errepertorioa handituz, ondoren. Soinu osoagoa dute orain, sendoagoa. Ane Odriozolak azaldu du rock-a jotzen dutela, nahiko tenpo motelekin. Baina ez diotela haien buruari mugarik jartzen, konposatzerako orduan. Benetek uste du nahiko anitza dela haien musika: “Abestiaren arabera, estilo batera edo beste batera jotzen dugu. Rock astunetik, doinu dantzagarriagoetara”.

Ahotsak protagonismo handia duela ere nabarmendu daiteke. Izan ere, kantu klaseetara joan izan da, urtetan, Ane Odriozola. Hitzen idazlea ere bada: “Askok zer ikusia dute emakumeon arazoekin, gorputzak hala eskatzen didalako. Nahiko introspektiboak direla esan daiteke. Egia da ateratzen zaizkidan hitzak ez direla oso zehatzak”. Ados daude taldekideak, eta ezaugarri positibotzat dute, gainera. “Mezua dute, indartsuak dira. Batzuetan esanahia ez dago horren argi, nahiko poetikoak direlako hitzak, arretaz entzutekoak, pentsatzekoak”, adierazi du Calderonek. Erantsi du ez direla komertzialak. “Izango balira ere, ez legoke gaizki”, moztu du Odriozolak, barrez.

Musikaren munduko matxismoari aurre eginez

Lehen maketa grabatzea gustatuko litzaieke, erakusteko moduko zerbait edukitzeko. Inguruko jendeak eskatzen die, eta momentuz, kontzertu batzuetako bideo pare bat besterik ez dute. Kritikei dagokienez, denetarik jaso izan dutela baieztatu dute. Baikorrekin gelditu nahi duela esan du Ainara Calderonek, batzuk ez direlako oso eraikitzaileak izan. Zentzu horretan, matxismo puntu bat dagoela iradoki du Ane Odriozolak: “Kritika guztiak ez dira berdinak, eta nire beste taldeekiko diferentzia nabaritu dut, alde horretatik”.

Gure lanak plazaratzeko, traba handiak edukitzen ditugu emakumeok”
Ane Odriozola, abeslaria

Emakumezkoek soilik osatutako taldea osatzea erabaki kontzientea izan dela argudiatu du Indidxabak taldeko abeslariak: “Talde batean mutilak eta neskak daudenean, jendearen joera da pentsatzea gauza garrantzitsuenak mutilek egiten dituztela. Horregatik, gure lanari benetako balioa emateko, potentea iruditzen zait taldekide guztiak emakumezkoak izatea”. Gizonezkoekin musika taldea eratzea askoz errazagoa izango litzatekeela uste du Ane Odriozolak. Alde batetik, gizonezko musikariak gehiago direlako. Emakume sortzaileek haien lanak zabaltzeko dituzten oztopoak salatu ditu, bestalde: “Erraztasuna dugu diziplinatzeko, pila bat ikasteko, eta gauza onak egiteko. Baina gero, horiek plazaratzeko, traba handiak ditugu. Badakigu jipoituak izango garela”. Indidxabak taldea, behintzat, harro dago, oholtzaren gainean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude