Hitzetatik ekintzetara pasa dira herritarrak Etorbide zubiko muga irekitzeko

 

Etorbideko zubiaren baranda historikoaz gain, hesiak mugako pasabidearen atrezzo iraunkor bihurtu dira aspaldi. Herritar asko eta asko nazkatuta daude ordea mugaren itxierak migratzaileei eragiten dizkien oztopoez. Horregatik, “Mugak apurtu, zubiak eraiki” lelopean oinezkoentzako zubian mobilizazioa antolatu dute hainbat eragilek. Horrela, mugak zabaltzeko eskariari erantzunik ematen ez zaionez, Txingudi Badiako herritarrak Etorbideko zubiko hesiak desmuntatu eta mugak zabaltzeko antolatu dira.

Mugen zabalpena erreala izan zedin azaroaren 1ean mugako elkarteek mobilizazioa deitu zuten arratsaldeko 18:30etan. Herritarrak bi zutabetan antolatu ziren, bakoitza mugaren alde batetik abiatu zelarik. Mobilizazioaren adarretako bat Ficobatik abiatu zen eta bestea Hendaiako tren geltokitik. Horrela, mobizilazioaren bi zatiak Etorbidearen zubiaren muturretan elkartu ziren, muga ixten zuten hesiengatik banaturik. Hesiek eragindako banaketa fisikoak ez zuen luze iraun. Izan ere, aldarrikapenetatik ekintzara pasa ziren minutu gutxitan. Performancean mugako hesiak lotzen zituzten alanbreak moztu eta hesiak zubiaren alboetan baztertu zituzten, bata bestearen gainean botaz. Bidasoa ibaiaren gaineko azpiegiturak zubi hitzaren esanahi osoa berreskuratu zuen ordu batzuez, urak banatutako bi espazio lotzeko gaitasuna itzuli baitzioten mugako bizilagunek.

Herritarren nahia
Dozena bat eragile baino gehiagok babestutako ekintza izan zen. Besteak beste, Irungo Harrera Sareak, Ongi Etorri Errefuxiatuak, Bidasoa Etorkinekin, Etorkinekin-Diakite, Bizi eta La Cimade elkarteek, Ehun mugimenduak, Intziri talde feministak, Xuti Gazte ekimenak, EH Baik, Europe Ecologie-Berdeak eta Sortu alderdiek eta LAB sindikatuak parte hartu zuten deialdiaren zabalpenean. Mobilizazioa bat etorri zen Frantziak mugetako kontrolak beste sei hilabetez luzatzeko erabakia indarrean sartzen zen egunarekin. “Gehiengo batek eskatzen duena egin dugu”

Mugak zabaldu ostean, antolatzaileek ekintzaren zergatia azaltzeko komunikatu bateratua irakurri zuten euskaraz, frantsesez eta gazteleraz. Etorbidearen zubiaren erdian irakurritako testuan Irun eta Hendaiaren arteko mugaren itxierak bizimodu hobe baten bila datozen migratzaileen ihesaldian eragiten dituen oztopoak salatu ziren. Manifestuan esaten zenez, “migratzaileak bidean gehienez hiru egun egon daitezke Irungo Gurutze Gorrian, beraz, ahalik eta azkarren egin behar dute aurrera eta mugan Frantziako polizia zain daukate”. Bertaratutakoek salatu zutenez, Frantziako poliziak, zubiak 24 orduz kontrolatzeaz gain, trenbideetan, autobus geltokietan eta edozein igarobideetan kontrolak egiten ditu.

Zubia 2021ean itxi zen azkenekoz eta ordutik egoera berean jarraitzen du. Ordutik kontrolak ezartzeko aitzakia ugari baliatu ditu Frantziako estatuak: terrorismo mehatxua, Covid-19a edo Ukrainako gerra. Kontrol arrazista horiek burutzeko aitzakiak sei hilero berritzen dira. Pasabidea Frantziako poliziaren kontrolpean dagoenetik gutxienez 9 migratzaile hil dira mugan. “Migratzaileek presio onartezina daukate eta arriskua gero eta handiagoa da”, salatu zuten manifestuan. Santiago eta Nazioarteko zubietan zein autobidean kontrol iraunkorrak dauzka poliziak mugaren itxiera agindu zenetik. Etorbidearen zubia berriz, kontrol etengaberako posturik ez duenez, hesiz guztiz itxita dago oinezkoentzako pasabidea.

Agintarien eskariak
Azken hilabeteetan bi estatuen arteko muga zabaltzeko eskakizunak behin eta berriro entzun dira agintarien ahoetan. Eskakizuna bat eta bera izan arren, asko dira eskaria errepikatzen dutenak. Zubian irakurritako manifestuan azkenaldian muga irekitzeko eskaria egin duten politikarien eskakizunetako batzuk aipatu dituzte: “Horixe eskatu zuen urriaren 3an Euro Eskualdeko exekutiboak. Urriaren 5ean Urkullu lehendakariak eta Etchegaray jaunak hemen izan ziren zubiak irekitzeko eskatuz. Urriaren 22an Akitaniako Rousset presidenteak ere eskari bera egin zuen”. Uztailean, berriz, José Antonio Santano Irungo alkatea izan zen Etorbidearen zubiarekin irekiera eskatu zuena. Izan ere, Irungo Udalak 2,2 milioi euroko aurrekontua baliatu zuen hiru urtez zubia berritzeko lanak egiteko. Zaharberritze lanen ostean, zubia 2020ko abuztuaren 28an berrireki zen. Eskariez gain, mugan bizi den egoera salatzeko ekintzak egin dira. Adibidez, orain dela bi hilabete Imanol Espinazo artistak perfomancea burutu zuen bertan, zubiaren alde batetik bestera oinez Melilla eta Irun arteko distantzia ibiliz migratzaileen sufrimendua islatu nahian.

Azaroaren 1ean herritarrek hesiak guztiz eraitsi bazituzten ere, azaroaren 2ko goizean zubia hesituta agertu zen berriro. Etorbidearen zubiaren irekiera nahi baino laburragoa izan zen. Dena den, argi geratu da herritarrek mugako egoerarekiko eta itxierarekiko sentitzen duten desadostasuna. Azaroaren lehen eguneko ekitaldiaren amaieran mugak ireki eta zirkulazio askatasunaren aldeko aldarriak entzun ziren. Orain, ikusteko dago aldarrikapenak errealitate bihurtzen ote diren.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude