
Txingudi Errugbi Taldeak emakumezkoen errugbia bultzatzeko eta taldea zabaltzeko ate irekien saioak antolatu ditu Plaiaundiko zelaian datozen irail eta urrirako. Egitasmo honekin, Bidasoaldeko klubak errugbia gertutik ezagutu eta probatu nahi duten neska zein emakume guztiak gonbidatu nahi ditu elkartearen entrenamendu-saioetara.
Deialdia 2011n edo lehenago jaiotako emakume guztiei dago zuzenduta. Antolatzaileek azpimarratu dutenez, ez da beharrezkoa aurretik errugbian esperientziarik izatea, eta helburu nagusia kirola probatzea da. “Talde bat, familia handi bat!” lelopean, parte-hartzaileek errugbiaren oinarriak ezagutzeko zein taldearen dinamikan sartzeko aukera izango dute, inolako konpromisorik gabe.
Informazio gehiago jasotzeko edo saioetan parte hartzeko, interesdunek Txingudi Errugbi Taldearekin harremanetan jar daitezke 688 74 53 62 telefono zenbakira deituz edo mezu bat idatziz euren sare sozialetako profil ofizialean (@txingudirugby).



