Irunen 18 kirol-klubek ateak ireki dituzte emakume eta neskatoen parte-hartzea sustatzeko

Gaur, maiatzaren 12, Parean Elkarteak “Ate Irekiak 2026” gida aurkeztu du Irunen. Ekimen honen helburu nagusia hiriko emakumeei eta neskatoei kirola probatzeko aukera ematea da, informazioa hurbilduz eta lehen pausoa ematea erraztuz. Elkarteak azaldu duenez, emakumeen parte-hartzea gizonena baino askoz urriagoa da adin-tarte guztietan, erreferente faltagatik, motibazio ezagatik edo informazio gabeziagatik.

Distantzia hori txikitzeko, Irungo 18 kirol-klubek euren ateak ireki dituzte. Datozen asteetan, adin guztietako emakumeek hainbat kirol probatu ahal izango dituzte, inolako konpromisorik gabe eta doan.

Probatzeko eskainiko diren kirolen artean, futbola, eskalada, squash, atletismoa, eskubaloia, piraguismoa, arrauna eta voleya daude, besteak beste. Hitzorduak astean zehar edo asteburuetan dira, goizez zein arratsaldez, herritar guztiei aukerak eskaintzeko. Eskaintza osoa Parean Elkartearen webgunean dago ikusgai.

Lan berezia ikastetxeetan

Kluben ateak irekitzeaz gain, Parean Elkartea lan berezia egiten ari da DBHko ikastetxeetan. Erakusketa ibiltari baten bidez, genero-rolei buruzko hausnarketa sustatzen dute, eta hainbat saio praktiko antolatzen dituzte nesken kirol-eskola sustatzeko.

Parean Elkarteak eta 18 klub parte-hartzaileek herriko neska eta emakume guztiak animatu nahi dituzte esperientzia honetan parte hartzera. Nabarmendu dutenez, ez da aldez aurretik maila edo esperientziarik izan behar; gonbidapen hau “kirola ere zuen lekua dela” esateko modu bat da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude