Bisita gidatuak egingo dira Hiri Mugikortasun Jasangarriaren Planaren erakusketa ezagutzeko

Atzo egin zen Hiri Mugikortasun Jasangarriaren Planaren, HMJP, lehen bisita gidatua. Irungo Auzo Elkarteetako kideentzako bisita izan zen. Bertan izan ziren Borja Olazabal eta Sergio Javier Mugikortasun eta Garapen Iraunkorreko eta Herritarren Partaidetzako ordezkariek, Hirigintza arloko Udaleko teknikariekin batera.  Erakusketa Palmera Montero gunean izango da otsailaren 20ra arte.

Azalpen-panelen bidez, erakusketak 2023-2027 Hiri Mugikortasun Jasangarriaren Planaren hasierako onespenaren dokumentua erakusten du. Herritarrei Mugikortasun Plan berriaren garapenaren berri emateko asmoz, Irungo Udalak Auzo Elkarteei zuzendutako lehen bisita gidatua antolatu du. Udaleko ordezkariak eta teknikariak Hiri Mugikortasun Jasangarriaren Plan honek jasotzen dituen proposamenak eta neurriak azaltzen saiatu dira, hala nola etorkizuneko Emisio Txikiko Eremua edo bidegorri sarearen zabalkuntza.

Erakusketaren bisita gidatuaz gain, bertaratuen galderei erantzuteko eta iritziak partekatzeko denbora ere izan da. Ildo horretan, iritziak eta iradokizunak jasotzeko gune bat jarri da herritarren eskura.Lehen topaketa honen ondoren, Udalak bisita gidatu gehiago aurreikusten ditu HMJP berriaren xehetasunak ezagutu nahi dituztenentzat.

Zabalik otsailaren 20ra arte

Erakusketaren muinean, batetik, Hiriko Mugikortasun Jasangarrirako 2010eko Planaren lorpenen azalpenak datoz, eta, bestetik, onartu berri den planaren hasierako diagnostikoak hiriko mugikortasunari eta haren esparruko beste gai batzuei buruz dakartzan daturik aipagarrienenak. Gainera, aurreko diagnostikoetan oinarrituz finkatutako helburuak eta agertokiak datoz.

Erakusketaren bihotzaren inguruan, berriz, informazioa gaika sailkatu, eta bost panel handi instalatu dira: bizi kalitate handiagoa, mugikortasun jasangarriagoa, oinezko eta txirrindularien protagonismoa, espazio publiko seguru eta inklusiboagoa eta emisio gutxiko eremuak.

Panel bakoitzak Hiriko Mugikortasun Jasangarrirako Planaren barruko ekintza planaren datu nagusiak ematen ditu, eta badakartza QR kode batzuk, fitxen bidez informazio zehatzagoa eskuratu eta egindako analisiak sakonkiago xehatu ahal izateko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude