Osasun emozionaleko tailerra antolatu da psikofarmakoen adikzio arazoak dituzten emakumeak laguntzeko

Otsailaren 9an Irungo Emakumeen Etxean osasun mentalari buruzko tailerra emango da. Tailerraren helburua da psikofarmakoen adikzioa duten emakumeei laguntzea. Nuria Alzaga Gizarte Ongizateko ordezkariak azaldu duenez, ekimen hau 2020-2024 aldirako Udalaren IV. Adikzio Planaren esparruan dago, eta Irungo Udaleko Esku-hartze Komunitarioko zerbitzuak adikzioen prebentzioan egiten dituen ekintzetako bat da.

Nuria Alzaga ordezkariaren hitzetan, “zaurgarritasun-egoera batean, konpainia sentitzea funtsezkoa izan daiteke adikzio bat gainditzeko edo haren ondorioak arintzeko”. Horregatik, Irungo Udalean adikzio-plana osatu dute arazo horri aurre egiteko. “Gaur egun, antzeman dugu emakume askok eta askoak dutela psikofarmakoen adikzioa osasun-arazo emozionalen ondorioz, eta gaur aurkezten dugun tailer hau emakume horiei laguntzeko eta laguntza zehatzagoa eskaintzeko pentsatuta dago”, adierazi du Nuria Alzagak.

Adikzioei buruzko azken ikerketen arabera, herritarrek, eta bereziki emakumeek, gero eta psikofarmako gehiago kontsumitzen dituzte (antsiolitikoak, antidepresiboak eta hipnotikoak). Osasun emozionalari buruz udalak antolatu duen tailerra patologia psikiatrikorik eta beste substantzia psikoaktiboen adikziorik eduki ez baina  psikofarmakoak ohiz kontsumitzen dituzten edo haien adikzioa izateko arriskuan dauden emakumeentzako da.

Gizarte Ongizate arloaren eta, zehazki, Esku-hartze Komunitarioko zerbitzuaren iritziz, garrantzitsua da tailer hau eskaintzea, arrazoi hauengatik:

  • Gehienak emakumeak direlako arazo emozionalekin lehen mailako arretako kontsultetara behin eta berriz joaten direnak.
  • Ikerketek adierazten dutelako emakumeek gizonek baino aukera gehiago dutela antsietatearen edo depresioaren diagnostiko bat jasotzeko eta psikofarmakoekin tratatuak izateko.
  • Askotan medikatzera jotzen delako tristura bezalako sintomak tratatzeko, nahiz eta gaixotasuna izan ez.
  • Farmako horiek albo-ondorio ugari izaten dituztelako, eta maiztasunak ere gora egiten duelako tratamenduak iraun ahala. Ez da gomendatzen 6 hilabetetan baino gehiagotan erabiltzea.

Hala eta guztiz ere, programaren helburua da parte-hartzaileei kontsumoa murrizteko prozesuan laguntzea eta prozesu horretan tresna alternatiboak eskaintzea, hala nola autokontrol emozionala, errealitateari aurre egiteko teknikak, laguntza soziala edo erlaxazio- eta arnasketa-teknikak antsietatea gutxitzeko.

Osasun-tailerra otsailaren 9an hasiko da Emakumeen Etxean, eta ekainaren amaierara arte iraungo du. Bi orduko saioak izango dira, hamabostean behin, eta, gehienez, 12 parte-hartzaile izango dira. Maider Andonegui psikologoak eskarmentu handia du emakume-taldeekin lan egiten, eta berak gidatuko du tailerra.

Era berean, Irungo Osasun Mentaleko Zentroak tailerrean parte hartuko du, eta hango psikiatra batek hitzaldia emango du psikofarmakoen erabilerari buruz.

Izena emateko epea urtarrilaren 26ra arte egongo da zabalik, eta 010 edo 943505152 telefonoetara deituta egin beharko da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude