Tekno Klik programak teknologia berriek nerabeen artean sortzen duten adikzioaren arazoari helduko dio

Tekno klik programa nerabeen artean teknologia berrien erabilera txarra prebenitzeko berariazko lehen programa izango da. Aurkezpenean Cristina Laborda Gizarte Ongizateko ordezkariak eta Oriepsi-Orain elkarteko kide eta formakuntza tailerren arduradun, Mikel Cerezok parte hartu dute.

Cristina Laborda ordezkariaren hitzetan, Irungo Udalak ibilbide luzea egin du adikzioen prebentzioarekin lotutako lanetan. Gizarte Ongizateko ordezkariak azaldu duenez, “2020an abian jarri genuen Adikzioak Prebenitzeko IV. Plana, baina ikusirik gero eta handiagoa dela gazteen artean pantailen adikzioak sortzen duen kezka, nerabeei berariaz zuzendutako programa bat aktibatu dugu, teknologia berrien abusua eta okerreko erabilerak eragindako adikzioak prebenitzeko”. Cristina Labordak azaldu duenez arloaren ustetan gazteengana heltzeko modurik onena ikastetxeak dira. “Tekno klikek adingabeen arteko komunikazioa sustatzen du, eta horrela haiengana hurbiltzen gara, balizko arrisku-jarrerak hautematen ditugu eta tresnak eta baliabideak ematen dizkiegu arazo horiek prebenitzeko”, erantsi du udal ordezkariak.

Irungo ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako irakasleei, gurasoei eta 6. mailako ikasleei zuzenduta dago.  Tailerrak urrian hasi dira eta otsailean amaitzea aurreikusten da. Ikasturte honetan, hiriko 8 ikastetxetako Lehen Mailako 6. mailako 19 ikasgelak hartuko dute parte programan. Guztira, 415 ikaslek eta 53 irakaslek jasoko dute gailu teknologikoak egoki erabiltzeari buruzko prestakuntza. Zenbait gurasok ere parte hartuko dute, baina kopurua zehaztu gabe dago oraindik.

Gailu horiek erabiltzen ematen duten denbora landuko da, bai eta beste jarduera batzuekin oreka gorde beharra  ere, besteak beste; pribatutasunaren eta intimitatearen kudeaketaz hitz egingo da; pantailak kontrolik gabe erabiltzearen arriskuak azalduko dira, hala nola ziberbullyinga, ziberjazarpena, online apustuak, etab.

Ordubeteko bi saio egingo dira talde bakoitzarekin. Tailerretako jarduerak taldeko dinamiken bidez lan egiteko diseinatu dira. Parte hartzeko saioak izango dira, eta asmoa da ikasleek teknologia berriak erabiltzen izandako esperientziak kontatzea, komunikaziorako ingurune libre bat sortuta. Horrela, arrisku-jarduera posibleak ezagutu eta hauteman ahalko ditugu elkarrekin, eta konponbidea bilatu.

Saioen helburuak, funtsean, honako hauek dira: adingabeek teknologiak nola erabiltzen dituzten ikustea, jokamolde arriskutsuak hautematea eta horiek saihesteko segurtasun eta pribatutasuneko oinarrizko estrategiak eskaintzea.

Berritasunen artean, aurten pantailen erabilerari buruzko jardunbide egokien dekalogo bat ere sartu da, gurasoei zuzendua Gidak ereduaren bidez heztea proposatzen du, pentsamendu kritikoa sustatuta eta familiako aisialdi-aukerak eskainita, besteak beste. Dekalogo horretan jasotako gomendio guztiak Irungo Udalaren webgunean daude kontsultagai.

Beste prebentzio-programa batzuk

Tekno-klikez gain, Irungo Udalak baditu beste programa batzuk ere, adingabeen artean substantzien kontsumoa eta IKTen abusua prebenitzeko.

«Adikzioen prebentzioa bigarren hezkuntzan, lanbide-heziketan eta batxilergoan» programaren bidez substantzien adikzioak eta substantziarik gabekoak prebenitzen dira. Bi ataletan banatzen da: batean, substantzien kontsumoari eta teknologia berrien erabilerari buruzko azterlanak edo inkestak egiten dira; bestean, tailerrak eskaintzen zaizkie ikasleei, familiei eta irakasleei substantzien eta adikzio teknologikoen inguruan. Sasoia izeneko enpresa arduratzen da programaz.

Bestalde, «Adikzio aurretik & Frenatzeko arrazoiak» programak eztabaida eta hausnarketarako gaiak eskaintzen ditu, substantzien kontsumoari eta substantziarik gabeko adikzioei buruzkoak, ikus-entzunezko baliabideen bidez eta ikasmaterial digital eta interaktiboen bidez. Irudiberria enpresa kontratatu da lan horietarako.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude