Ardurak txandakatuz, etorkizunerako bidea eraikiz

Argazkia: Estudio Gover

Ion Martinezek 12 urte daramatza Alarde Publikoko Musika Bandako zuzendari lanetan eta hauxe izango da kargu hori beteko duen azken urtea. Itsaso Cañadak 2009 urtean desfilatu zuen lehen aldiz kantinera bezala eta, 10 urte beranduago, Landetxa konpainia gidatzeaz arduratuko da. Horrela, karguak eta ardurak esku batzuetatik besteetara igaroko dira alardea aurrera ateratzeko.

Itsaso nola ikusten duzu zure burua kapitain moduan?
Itsaso: Ondo, erronka bat da eta gauza asko daude ikasteko. Kanpoan zaudenean ez zara konturatzen hainbeste gauza prestatu behar direnik. Hala ere, gogo asko dauzkat.

Kapitain bezala zure lehenengo urtea izango denez, aholku asko jaso dituzu?
Itsaso: Bai, orain arte Landetxa konpainiako kapitaina izan den Simonekin hainbat aldiz elkartu eta beste urteetan berak erabilitako apunteak pasa dizkit. Oso lagungarria izan da hori niretzat, izan ere, hau guztia bakarrik ikastea oso zaila izango litzatekeelako.

Zure kasuan Ion, zaila egiten zaizu zuzendari karguari agur esatea?
Ion: 12 urteren ostean, lan asko egin ondoren erreleboa beste bati pasako diot. Gainera, aldaketa beharrezkoa dela uste dut. Gogoak penarekin nahasten zaizkit 2019a urtea polita izango dela ziur nagoelako.

Datorren urtetik aurrera zuzendari kargua nork beteko duen erabaki duzue?
Ion: Bai, Maddik hartuko du nire lekukoa. Musika Bandako kidea da, oso pozik gaude hartutako erabakiarekin eta datorren urtean behar duen guztian lagunduko diot. Gainera, Musika Bandaren barnean zereginak asko banatzen ditugunez oso erraza da dena prestatzea.

Jai egun garrantzitsuez gain, urtean zehar zeregin ugari dituzue konpainiako buruek?
Ion: Bai, urtarrila edo otsailetik aurrera bilerekin hasten gara. Ordu asko dedikatzen dizkiogu, baina, badakigu non sartzen garen eta gogoz beterik prestatzen dugu dena. Detaile asko, entseguak, kantinerak, munizioa eta beste hainbat gauza lotu behar dira eta.

Inguruan lantalde on bat izatea garrantzitsua da lana arintzeko?
Ion: Musika Bandaren kasuan lantalde gisa funtzionatzen dugu, honela, zuzendariaren lan-zama arintzeko. Dena errazagoa baita horrela eginez gero.

Itsaso: Landetxan apirilean biltzen hasi ginen eta gorabehera guztiak denon artean konpontzen ditugu ere. Niretzat oso lagungarri da konpainiako lehenengo ilaran desfilatuko duten txilibitoen laguntza, izan ere, haiek ni baino esperientzia gehiago daukate hor aurrean.

Kantinerei harrera beroa egin diezue aurten ere?
Ion: Aurtengo kantinera nire laguna da, Helena, beraz, ezin dut niretzako amaiera hoberik eskatu. Gainera, 12 urte hauetan lagun pilo bat atera dira kantinera bezala nirekin eta oso garrantzitsuak izan dira niretzat.

Itsaso: Aurtengoa nire lehenengo kantinera izango da eta, gainera, ikastolako lagun baten ahizpa denez, familia ezagutzen dut. Bera oso motibatuta dago gauzak prestatzen eta urte oso polita izango dela uste dut.

Nolako egoeran bizi du alardeak egun?
Ion: Bi hamarkaden ostean egoera asko hobetu dela uste dut. Duela 12 urte Musika Banda 50 pertsona inguruk osatzen zuten eta aurten 100 musikarira iristeko zorian gaude, nahiz eta oraindik errefortzu batzuk behar ditugn. Alardea asko handitu eta hobetu da, giroa lasaitu da, beraz, etorkizunerako bidean gaude.

Itsaso: Oraindik gauza batzuk hobetu daitezkeen arren, hauxe da jarraitu beharreko bidea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude