Gaztegunea San Pedro eta San Martzialetako jaien barnean gazteentzat antolatutako ekintzen bilgunea izango da beste urte batez. Ekintzak ekainaren 25etik 27era egingo dira eta, aurreko urteetan bezala, gazteei zuzendutako espazio berezitu hau Istillaga plazan, Santiagoko Pilotaleku alboan, kokatuko da. Aurtengo egitarauaren barnean euskararen erabilera sustatzen duten ekintzen aldeko apustua argia egin da.
Gazteguneari forma emateko, karpa erraldoi bat kokatuko da Santiago auzoko frontoiaren barnean. Bertan, hiriko gazteek programa anitz baten barnean bilduriko ekintzez gozatzeko aukera izango dute. Aurten, gainera, euskara eta euskararen erabilera ardatz izango duten 16 ekintza proposatzen dira guztira: Holi jaia, “Ro en la red” eta Iban Garcia youtuberrek zuzendutako Just Dance lehiaketa, Yincana eta Hesian bezalako taldeek osatzen duten musika jarduera anitzen zerrenda.
Gaztegunea zabalik egongo den egunetan zehar Twitter-eko @irun_informa eta Instagram sare sozialean GazteARTEanek duen profilera espazio honen barnean egingo diren ekintzen bideoak eta argazkiak partekatuko direla jakinarazi da.
Laugarren edizioa
GazteGunea bezala ezaguna den espazioak bere laugarren edizioa beteko du aurten. Irungo jaien barruan espazio hau sortzeko proposamena 2016 urteko Aurrekontu Parte Hartzaileetako proposamen batetik jaio zen. Gaur egun, GazteARTEan antolatzaileaz gain, Gazteria eta Euskara arloek ere haien baliabideak koordinatzen dituzte espazio honen antolakuntzarako. Aurreko lau edizioen ostean, hiriko jaien barruan gazte giroa biltzeko gai den espazio erreferentean bihurtu da.
Ekainak 25, Gaztegunearen inaugurazioa
San Pedro eta San Martzialetako jaiak ofizialki ekainaren 23an asten badira ere, Gaztegunea espazioa ekainaren 25ean, asteartean, inauguratuko da, arratsaldeko 17:00etatik 18:30etara egingo den Holi jai koloretsu batekin. Jarraian Zuriñe Hidalgo abeslariak aurkeztutako Karaokearen txanda izango da eta, musikarekin jarraituz, 20:00etatik aurrera Dinbi-Danba Batukadak bere emanaldia eskainiko du. Gaueko 21:00etan, berriz, Hesian taldea igoko da Santiago frontoian kokatutako oholtzara. Azkenik, lehen egunari amaiera emateko DJ Markelinen Show-az gozatzeko aukera izango dute Gaztegunera hurbiltzen diren horiek.
Ekainak 26
Ekainaren 26ko ekitaldiak arratsaldeko 17:00etan hasiko dira Iban Garcia youtuberrak zuzendutako “ Yancana Extreme Feat” izeneko ekintzarekin. Arratsaldeko 18:30etatik aurrera eta 20:00ak bitarte, Ro en la red eta Iban Garcia youtuberrek Just Dance txapelketa gidatuko dute. Jarraian, Bago!az 2019 saioko Jokin, Dánae, Andrea, Gabriela, Iker eta Andoniren emanaldia izango da Gaztegunean. Azkenik, gaueko 21:30etatik 00:00etara Iban Garcia diskofesta zuzentzeaz arduratuko da.
Ekainak 27, azken eguna
Gaztegunearen azken eguna ekintzez beterik egongo da ere. 17:00etatik 18:30etara Ainhoa Larrañaga eta Miren Arrieta Go!azen telesaileko aktoreek Meet&Greet ekintza zuzenduko dute. 18:15etan, berriz, NatsuMonk, Jay Weedow eta Aura feat Rubi & Fraan V. –ren kontzertuez gozatzeko aukera izango da. Ondoren, 19:15etatik 19:45etara Rushblac-K-ren txanda izango da eta, ostean, Hard GZ izango da eszenatokian ikusi ahalko den hurrengo taldea. 20:45etatik aurrera DJ Rascak girotuko ditu Gazteguneko inguruak eta gaueko 21:15etatik 21:45etara IrunBreak taldeak break dance erakustaldia eskainiko du. Azkenik, 2019 urteko Gaztegunea behar bezala ixteaz arduratuko dira Txurru eta Oihan Vega DJak Gaztea diskofestarekin.