Herri Bazkarirako Kantu Lehiaketa antolatu du Betti Gottik

Betti Gotti Euskara Kultur Elkarteak adoretsu ekin dio 2014ko jarduerari.
Sanmartzialetako koadrilen herri bazkariaren seigarren edizioa aberastu aldera zer egin, eta Kantu Lehiaketa antolatu dute, Udalaren laguntzaz.
Bakarlaria edo talde bateko kidea bazara eta Bidasoa-Txingudi
eskualdekoa, anima zaitez euskaraz kantu bat sortzera! Epea, maiatzaren 14ra arte.

Music_for_the_masses_by_Pjeriko

Dagoeneko arrakasta polita duen Herri Bazkaria apailatzen hasteko orduan, ekimen berriak abian jartzen saiatzen dira Betti Gottiko kideak. “Kantu lehiaketarena ideia ona iruditzen zaigu: egunari nortasun gehiago ematen diogu, eskualdeko bandak inplikatzen ditugu eta bozketaren bidez herritar guztiek hitza izango dute. Horrela, ez bakarrik gazteak, hain gazteak ez direnak ere Herri Bazkarira hurbiltzen ditugu”, azaldu du Iñaki Goikoetxea elkartekideak.
Aukeratzen den abestia aurten ekainaren 21ean ospatuko den Herri Bazkariaren ereserkia izango da, baita hurrengoena ere. Halaber, harremana duten bestelako ekintzetan erabiliko da.
Oinarriak
-Bakarlari edo talde moduan parte har daiteke, azken kasu honetan gutxienez bertako kide bat Bidasoa-Txingudi eskualdekoa izango dela.
– Bakarlari edo talde bakoitzak abesti bakarra aurkeztuko du. Hitzak euskaraz izatea eta Herri Bazkariarekin lotuta egotea ezinbestekoa da. Hitzak eta musika originalak izango dira eta ezin izango dira lehendik jasota egon.
– Parte-hartzaileek euren lanak bidal ditzakete 2014ko maiatzaren 14ra arte. Izena emateko, hauxe bidali beharko dute:
– Izena emateko fitxa
– Abestiaren letra (inprimituta edo artxibo digitalean)
– Abestia, mp3 artxiboan eta 128 eta 320 kbps arteko kalitatearekin
Bidalketa bi modu hauetan egin daiteke:
a) Postaz:
Herri Bazkarirako Kantu Lehiaketa
Betti Gotti Euskara Kultur Elkartea
Altzukaitz kalea 7, 3. D. 20304 Irun.
b) Posta elektronikoz helbide honetara:
herribazkaria@irun.org
Faseak eta sariak
bMaiatzaren 16an partaideak eta aurkezturiko abestiak ezagutzera emango dira.
– Egun horretan bertan irekiko da bozketa, eguerdiko 12.00etan Irungo Udaleko webgunearen (www.irun.org) atari berezian. Astebetez irekita egongo da, maiatzaren 23ko eguerdiko 12:00ak arte. Botoa emateko, ezinbestekoa izango da Irunen bizi-tzea eta adinez nagusia izatea. Pertsona bakoitzak prozesu osoan behin bozkatu ahal izango du.
– Kantaren estudioko grabaketa eta bere zabalkundea maiatza bukaera eta ekaina hasiera artean egingo da.
– Irabazleentzako saria 400 eurokoa izango da, eta abestiaren grabazioa estudio batean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude