Maialen Arocena, artista: “Artearekiko nire pasioa helarazten zoriontsua naiz eta, aldi berean, ikasleengandik ere asko ikasten dut”

Argazkia: Maialen Arocena “Askatu Korapiloa” muralaren aurrean.

Maialen Arocena Irungo artista bisuala, ilustratzailea eta margolaria da. Arte ederrak ikasi ondoren, haur eta nerabeei arte tailerrak ematen hasi zen. Ordutik, hainbat erakusketa, proiektu, lan talde, elkarte artistiko eta abarretan ibili da, betiere bere garapen pertsonal-profesionala bilatuz. Maialen Arocenak esku artean dituen proiektuez hitz egin du.

Artista irundarrak adierazi du txikitatik gustatu izan zaiola margoez inguratuta egotea. Arocenak azaldu duenez, txikitan haur guztiek margotzen dute, baina berak hazi ahala ere margotzen jarraitu zuen. “Nerabezarora iritsi nintzenean argi izan nuen Bartxilergo Artistikoa egin nahi nuela”, erantsi du artistak. Horren ostean, Arte Ederrak ikasi zituen: “Unibertsitateko ikasketak egin bitartean gauza asko ikasi ahal izan nituen, bai irakasleengandik, zein ikaskideengatik edo bisitatutako erakusketetatik”. Horrela, ikasketak egin bitartean bildutako esperientziak oso aberasgarriak izan zirela azpimarratu du. Ikasketak amaitzerakoan, bidaia koaderno asko egiten hasi zen, “hortik abiatuta gauza berriak sortzen jarraitu nuen, hau da, collageak edo margolanak”. Artistak adierazi du bidaia koadernoak eguneroko baten antzekoak direla, baina idatziz egin ordez, marrazkien bidez osatzen direla.

Hortaz, bidaia koadernoak izan ziren artistaren hastapenak. Pixkanaka gauza berriak probatzera ausartu zen eta horrela paretetan margotzen hasi zen. Bere lehen murala 2008. urtean margotu zuen, bere aitaren tailerraren atean. “Horren aurretik abandonatutako fabriketako hormetan espraiarekin eta errotulagailu bereziekin gauzak probatzen ibili nintzen”, azaldu du Arocenak. Lehen esperientzia horrek izandako arrakasten ostean, Maialen Arocenak era horretako beste lan batzuk egin ditu.

“Hezkuntzaren munduan hanka bat sartu nahi izan dut, arteaz bizitzea ez baita erraza”

Diziplina eta material artistiko guztien artean, artista irundarrari ezinezkoa zaio bakarra aukeratzea. “Apur bat denetarik egin izan dudanez, batzuetan paperen artean erosoago sentitzen naiz, besteetan neurri handiagoko lanak eginez; lan eskaeraren arabera”, azaldu du Maialen Arocenak. Dena den, argi dauka orain arte landutako guztiak direla bere diziplina gogokoenak.

Bere kabuz aritzeaz gainera, irakasle lanetan aritzeko aukera ere izan du. “Hezkuntzaren munduan hanka bat sartu nahi izan dut, arteaz bizitzea ez baita erraza”, adierazi du Arocenak. Hain zuzen ere, haurrei, nerabeei zein helduei tailerrak ematen gustura dabilela onartzen du. “Artearekiko nire pasioa helarazten zoriontsua naiz eta, aldi berean, ikasleengandik ere asko ikasten dut”, gaineratu du Maialenek.

Hiriko hormetan

Guztira, hiru dira orain arte Maialen Arocenak hiriko paretetan margotutako muralak. Lehena 2021. urtean margotu zuen, Gain Gainean parkeko paretan, “Askatu korapiloa” izenburuarekin. “Asko gustatzen zaidan zerbait da nire hirian arrastoa uztea”, adierazi du Arocenak. 2022an berriz, Nerea Bermejo, “Missbermi”, artistarekin batera berak diseinatutako murala margotu zuten Bidasoa biziriken eraikinaren kanpoaldean. Maialen Arocenak aipatu duenez, “oso berezia da hirian barrena zure lanak ikustea, Irunen ezagun asko izanda, beraien iritzia eta erantzuna jasotzea asko eskertzen dut”.

2023ko Ribera jaialdiaren barnean, Memoriaren Paretak ekintzaren barnean, Santiagoko bidegorriaren sarreran dagoen zubian Javier Rodríguezekin batera margotu zuen. “Zubiaren paretak bata bestearen aurrean daudela aprobetxatuz, ibaia eta naturan inspiratutako zerbait margotu genuen”, azaldu du artista irundarrak. “Nik egindako irudian neska bat etzanda ageri zen, tronpeta jotzen ari zen amona mantangorri bat entzuten zuen bitartean”. Beste aldean berriz, Javier Rodríguzek “Natura entzun”, lanaren izena, marraztu zuen.

“Asko gustatzen zaidan zerbait da nire hirian arrastoa uztea”

Kalean margotutako muralekiko errespetu nahikoa ote dagoen galdetuta, Maialen Arocenak dio errespetua egon badagoela. “Muralek garbitasuna eta alaitasuna ematen diote hiriko paretei, beraz, horrelako proiektuak bultzatzea garrantzitsua da”, azaldu du artistak. Hala ere, graffitien eta muralen arteko kontraesanak hor jarraitzen duela azaldu du Maialenek. “Paretak libreak badira, guztiontzat libreak direla suposatzen da”, azaldu du artista irundarrak. Horregatik, Maialen Arocenak hirian modu librean margotu ahal izateko pareten beharra azpimarratu du, “jendeak praktikatzeko lekua izan dezan”. Horrela, besteen muralak margotzea edo hondatzea saihestuko litzatekeela uste du.

Argazkia: Maialen Arocena Gain Gainean parkeko murala margotzen. Iturria: Maialen Arocena.

Esku nekaezinak

Aurretik aipatutako proiektuez gain, Maialen Arocenak bestelako proiektuak ditu orain esku artean. Alde batetik, Erroak-sartu elkartearekin batera, 6 hilabeteko iraupena izango duen proiektu batean murgilduta dago. Lanbide eta Andoaingo Udalaren laguntzarekin, emakume talde bati formakuntzak ematen ari da, elkarrekin udalak utzitako paretetan muralak margotzeko. “Ilusio handia egiten didan proiektua da, hau da, nire ametsetako lana”, erantsi du Maialenek. “Ni taldea koordinatzeaz arduratzen naiz eta asko ikasten ari naiz horri esker”, adierazi du artista irundarrak.

Bestalde, Guggenheim museoarekin loturiko beste proiektu batean parte hartu berri du. Hain zuzen ere, bi tailer egin ditu bertan, ekainaren 20ko goizean eta arratsaldean, Martha Jungwirth austriar margolariaren obrarekin loturik. Tailerreko parte-hartzaileek liburu zaharrak berreskuratu eta horietan esku hartzen ikasi dute, austriar artistak egiten duen bezalaxe. “Martha Jungwirth artistak bere lana nola ulertzen duen ikasi ahal izan dugu horrela”, azaldu du Arocenak. Izan ere, austriarrak kontabilitateko liburu zaharrak berrerabiltzen ditu, akuarelaren bidez artista liburu bihurtzeko.

Etorkizuna marraztea zailagoa zaio Maialen Arocenari. Dena den, badaki zein den jarraitu nahiko nukeen bidea: “Artea eta hezkuntza uztartzen jarraitzea gustatuko litzaidake”. Hala ere, ez daki zein izango litzatekeen horretarako lekurik egokiena. Beraz, eskoletan sartzen eta irakasle esperientzia probatzen saiatu nahi du, hori bere lekua den edo ez ikusteko.

Elkarrizketa osoa Txingudi Onlinen ikusgai duzue.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude