Jon Lorenzo: “Lehenengo edizioan 2.000 korrikalari
elkartzea lorpen handia izango litzateke”
Apirilaren 27an izango da Irungo I. Maratoi Erdia.
Hiriko kale esanguratsuenak zeharkatuko dituen 21 kilometroko lasterketa honetan Bidasoa eskualdeko eta kanpoko korrikalari ugari elkartuko dira. Dagoeneko 1.200 kirolarik izena eman dute Irun irteera eta helmuga duen maratoi erdi honetan. Lasterketa berriaren gakoak antolaketa taldeko Jon Lorenzok azaldu ditu.
– Nola sortu zen Irunen maratoi erdi bat antolatzeko ideia?
Gure hiritik lasterketa ugari igarotzen dira, baina, tamalez, bakar bat ere ez da Irunen bukatzen. Bidasoa eskualdean korrika egitea atsegin duten pertsonen kopurua ikusita ezinbestekoa iruditzen zitzaigun Irunen probaren bat antolatzea. Gainera, gure lurraldeko lasterketa gehienak irailean eta urrian elkartzen dira, Behobia-Donostia lasterketatik gertu. Udaberri partean, ordea, ez dago ia lasterketarik. Hori dela eta, aukera hau planteatzea garrantzitsua iruditu zitzaigun.
– Nondik nora igaroko da lasterketa?
Lehendabiziko maratoi erdi honek Luis Marianon izango du irteera. Hortik Nafarroa hiribiderantz joko dute parte-hartzaileek. Ondoren, Ola sagardotegiraino iritsiko dira, eta bertan Behobira bidea hartuko dute. Korrikalarientzat puntu oso esanguratsua da hau, Behobia-Donostiako irteeratik igarotzeko aukera baitago. Hemendik Oxinbiribileko bidegorrira joko dute; Junkaleko eliza zeharkatu, San Mar-tzial aldapa, Kale Nagusia eta, ondoren, Luis Marianoko helmugara iritsiko dira. Ibilbide hau bitan egin beharko dute 21 kilometroak bete nahi badituzte.
– Dagoeneko zenbat korrikalarik eman dute izena proban?
Momentuz, 1.200 parte-hartzaile daude, baina oraindik jende gehiagok izena emango du. Gaur egun gero eta gehiago dira azken orduan inskripzioa egiten duten korrikalariak; beraz, itxoin beharra dago. Hala ere, lehendabiziko edizio honetan 2.000 korrikalari elkartzea lorpen handia izango zen guretzat.
– Ez dira zenbaki batere makalak. Zer esaten dizue Irungo jendeak?
Irungo korrikalariak oso motibatuta daude. Hilabetean bitan lasterketaren ibilbidea egiteko geratu izan gara eta, nahiz eta batzuetan eguraldia oso kaskarra izan, 50 lagun elkartu gara. Bidasoa eskualdean betidanik egon da korrika egiteko zaletasun handia eta horrelako lasterketa baten beharra sentitzen zuten kirolariek.
– Zein dira horrelako proba zorrotz bat gainditzeko kontuan hartu behar ditugun gomendioak?
Lasterketa gerturatuz doan heinean entrenamenduen intentsitatea gutxitzea ondo dator. Bestalde, hidratazioa oso garran-tzitsua da, baita fruta eta barazki ugari jatea ere. Lasterketa egunean, berriz, gure gorputza etengabe hidratatzea eta edozein min edo ondoez nabarituz gero lasterketa bertan behera uztea ezinbestekoa da.
– Zer esango zenieke zalantzak dituztenei maratoi erdi honetan parte hartzeko?
Ekimen berrizale eta polita dela uste dut. Irungo leku esanguratsuak ezagutzeko eta hauetaz gozatzeko primerako lasterketa da. Gainera, kirola egiten duzun bitartean ondo pasatzeko, jendea ezagutzeko eta egunaz gozatzeko modu atsegina da.
Informazio gehiagorako:
www.mediomaratonirun.com/presentacion/