
Erroibide klubak ez du Gabonetan atseden hartzeko geldialdirik egin. Gabonetako Torneoa antolatu ondoren, denboraldiko hurrengo erronkei aurre egiteko prest daude klub irundarreko jokalariak. Ana Iturria klubeko presidenteak azaldu duenez 2019-2020 denboraldiak nobedade garrantzitsuak ekarri ditu Erroibidera.
Zein da une honetan Erroibidek bizi duen egoera?
Erroibide klubak oso une goxoa bizi du momentu honetan, izan ere, jende berri asko batu da klubera saskibaloia praktikatzeko asmoz. Ez dakigu zergatik, baina, oso denbora gutxian kluba asko handitu da, beraz, oso gustora gaude egungo egoerarekin.
Nola ekin diozue 2019-2020 denboraldiari?
Oso ondo. Orain, guztira, 11 talde dauzkagu ia 150 kirolariez osaturik daudenak. Hortaz gain, ondo osatutako taldeak direla esan dezakegu. Denboraldia ondo doa eta jendeak saskibaloian aritzea atsegin duela nabari da.
Gabonetan atseden hartzeko tarterik hartu duzue?
Gabonetan ere errutinan murgildurik jarraitu dugu, izan ere, Gabonetako Saskibaloi torneoa antolatu dugu. Astean zehar entrenamenduekin jarraitu dugu eta asteburuetan, aldiz, Artaleku eta Azken Portu kiroldegietan jokatutako partiduak ikusten egon gara.
“Orain, guztira, 11 talde dauzkagu ia 150 kirolariez osaturik daudenak”
Denboraldi honetarako Erroibiden nobedade garrantzitsurik duzue?
Bai, Erroibiden oso pozik gaude aurten nesken sekzioa osatzea lortu dugulako. Horrela, talde maskulinoez gain, kategoria guztietan neskek osatutako taldeak dauzka Erroibidek. Oso lorpen handia izan da guretzako.
https://www.youtube.com/watch?v=-MSEfNv5aBM
Beraz, Erroibiden emakumeak indartsu datoz?
Guretzat zaila zen emakumezkoen sekzio osoa lortzea, izan ere, Hondarribian aspalditik taldeak zeuzkan beste klub bat geneukalako. Hala ere, gure neskak gurekin eroso daudela dirudienez eta elkarren artean ondo moldatzen direnez, jende berria erakartzea errazagoa da.
Eskolan, berriz, klubaren etorkizuneko jokalariak dauzkazue?
Bai, eskola oso polita da guretzako, izan ere, umeak alde batetik bestera korrika dabiltzan bitartean zein ondo pasatzen duten ikusten dugulako. Pixakanaka ikasten doaz. Duela gutxi guraso eta jokalari helduagoekin partidu bereziak jokatu dituzte.
Sanmartzialetan 3×3 Saskibaloi txapelketa antolatzen jarraitzeko asmoa duzue?
Bai, bereziki mutilei asko gustatzen zaien txapelketa mota da. 3×3 Saskibaloi Txapelketa gure kirola kalera ateratzeko modu bat da, horrela, ingurutik pasatzen den jendeak Irunen saskibaloi talde bat dagoela ikusi dezake. Gainera, jokoa guztiz ezberdina da ohiko partiduekin alderatuta.
Zeintzuk dira denboraldi amaierara begirako helburuak?
Ez dugu helburu zehatzik. Daukagun diruarekin denboraldi amaierara iristea da gure lehentasuna. Hortaz gain, jendea gustora egotea eta gu ere eroso sentitzea garrantzitsua da.
“Aspaldi klubean ibilitako jende asko gure senior taldeetara itzuli da”
Saskibaloian modan dago berriro?
Bai, nik uste telebistan geroz eta saskibaloi partidu gehiago ematen dituztenez, jende gaztearengan saskibaloia probatzeko nahia piztu du. Gainera, aspaldi klubean ibilitako jende asko gure senior taldeetara itzuli da.
Zeintzuk dira saskibaloia praktikatzearen onurak?
Oso kirol konpletua da. Ariketa fisikoa egiteaz gainera, buruko lan asko eskatzen duen kirola da. Gainera, ingurura begiratzea eskatzen du taldekideengan pentsatzeko. Azkenik, laguntasunaren kontzeptua ere oso garrantzi-tsua da.
Elkarrizketaren bideoa Txingudi Online webgunean ikusgai.