Erroibideko entrenatzaileak: Aritz Hernandez eta Saioa Gonzalez

Aritz Hernandez, mutil kadeteen entrenatzailea

Nola hasi zinen saskibaloira jolasten?
Hasieran lagun talde bat ginen eta Dunboa eskolako zelaietan jolasten genuen, hau da, kalean. Gure gurasoen laguntzarekin saskibaloira era serioagoan jolastea erabaki genuen eta horrela sortu zen Erroibide kluba.

Kluba asko aldatu da hasierako urteetatik gaur egun arte?
Bai, asko aldatu da. Ni jokalari bezala hasi nintzen eta orain entrenatzaile lanetan nabil. Hasieran 10 pertsona baino ez ginen eta, orain, mutilen kategoria guztietan talde bat daukagu, infantiletatik hasita senior kategoriara arte.

Oso ezberdina da jokalari izatetik entrenatzaile izatera pasatzea?
Bai, jokalari bezala ez duzu presiorik eta jolastea da zure helburu bakarra. Entrenatzaile bezala, ordea, taldea gidatu eta partiduak eta entrenamenduak prestatu behar dira.

Nolakoa da entrenamenduen errutina?
Astero hiru entrenamendu dauzkagu. Entrenamenduetan teknika indibiduala, talde jokoa eta larunbatetako partiduak prestatzen ditugu.

Erraza da entrenamenduetako lana partiduen emaitzetan islatzea?
Batzuetan konplikatua izaten da, jokalariak partiduetan urduri egon ohi direnez, zailagoa izaten da.

 

Saioa Gonzalez, klubeko jokalari txikienen entrenatzailea:

Nola ezagutu zenuen Erroibide kluba?
Lagunekin batera hasi nintzen saskibaloira jolasten. Klubak antolatutako udako kanpus batean parte hartu nuen eta, azkenean, hemen gelditu nintzen bertan gustura nengoelako.

Zein adinetako umeak entrenatzen dituzu?
7 eta 8 urte bitarteko umeak entrenatzen ditut. Adin tarte horretarako kategoria ofizial zehatzik ez dagoen arren, guk “eskolatxoa” esaten diogu. Hurrengo urtean infantil kategorian arituko liratekeen haurrak dira, baina, aurten ez dute partidurik jolasten.

Jokalari izateaz gain, entrenatzaile lanetan aritzea gustuko duzu?
Bai, nahiz eta haurrak direnez gauzak azaltzea konplikatuagoa den. Azken finean, gauzak hainbatetan azaldu behar zaizkie azalpenak ondo ulertzeko. Hala ere, ume txikiak entrenatzea oso dibertigarria da.

Zergatik dute haurrek saskibaloia gustuko?
Askok telebistan NBA ikusten dutela esaten digute eta beste batzuek, berriz, eskolako patioan lagunekin saskibaloira jolasten dute.

Jokalari txikiek maila altuetako erreferenteak dauzkate?
Bai, Michael Jordan edo Stephen Curry bezalako izenak aipatzen dituzte. Beste batzuek, ordea, iraganean saskibaloira jolastu zuten aita edo anaiak dauzkate erreferente moduan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude