Maribop taldeak bere lehen diskoa aurkeztuko du

Argazkia: Estudio Gover

Maribop taldeak bere lehen diskoa aurkeztuko du abenduaren 14ean Pausuko Xaia ostatuan. Francesco Giglio siziliarra eta Peter Walsh irlandarra dira Maribop taldeko kideak. Lau urteetako lanaren ostean, 20 abesti sortu dituzte eta “Un Munnu dintra un Munnu” diskoan bildu dituzte.

Nola sortu zen zuen musika taldea?
Francesco: Hondarribiko hondartzan hizketan hasi ginen behin, baina, nik ez nekien berak musika konposatzen zuenik. Gure konposizioak elkarri erakutsi ostean piztu zen kolaborazioa egiteko interesa.
Peter: Partekatzen ditugun gauza asko dauzkagu, beste gauza batzuen artean, gure emazteak lehengusuak dira.

Bi kulturen arteko nahasketa proiektuaren bereizgarrietako bat dela esan daiteke?
F.: Bai, bakoitzak estilo eta ideia desberdinak dauzkagu, baina, ezberdintasunak nahastuz, abestiek gure soinu propioa izatea lortu dugu.

“Gure estiloa Dup noir Mediterraneo bezala definitzen dugu”

Peter Walsh, Maribop taldeko kidea

Zergatik ipini diozue taldeari Maribop izena?
P.: Izen bat hautatu behar genuenez hitzak nahastea erabaki genuen.

F: Esanahi berezi du. Mari siziliarrez itsasoa esan nahi du eta biak uharte batean jaioak gara. Bestetik, euskaraz Mari jainkosa baten izena da eta gure emazteak euskaldunak direnez aproposa iruditu zitzaigun.

Nola definituko zenukete zuen musika estiloa?
P.: Gure estiloa “Dup noir Mediterraneo” bezala definitzen dugu. Nik reggae eta dup reggaeko musika egiten dut. “Noir” hitzak jazzarekin zerikusia du eta guk asko erabiltzen ditugu horrelako soinuak. Francescoren estiloa, berriz, Mediterraneo eta Afrika iparraldeko musikatik hurbilago dago.

Erraza izan da lehen diskoa publikatzea?
F.: Uste nuena baino gutxiago kostatu zaigu gure lehen lana publikatzea, nahiz eta, horretarako lan handia egin dugun.

Zer bildu duzue lehen disko honen barnean?
F: Gure abesti bakoitzak istorio bat kontatzen du, hau, istorioak abesten ditugu.

P.: Musika oso melodikoa da eta letrek olerkigintzarekin lotura handia dute.

“Gure musika kultura ezberdinen arteko zubi bat da”

Francesco Giglio, Maribop taldeko kidea

Diskoaren aurkezpena egin ostean kontzertuak emateko asmoa duzue?
P.: Aurkezpenean zuzenean abestuko dugun lehen aldia izango da eta, horretarako, beste bi musikari izango ditugu gurekin. Hurrengo kontzertuak urtarriletik aurrera emango ditugu.

Non entzun daiteke zuen musika?
P.:Maribop.com izeneko webgunea daukagu eta bertan gure lehen abestiak entzun eta guri buruzko informazio irakur daiteke. Aurkezpenaren ostean, diskoko abesti guztiak entzungai jarriko ditugu ere.

Etorkizunean beste talderen batekin kolaboratzea gustatuko litzaizueke?
F.: Gure musika kultura ezberdinen arteko zubi bat da. Hortaz, bertako musikariekin kolaboratzea gustatuko litzaiguke. Hain zuzen ere, gure proiektuak “Un Munnu dintra un Munnu” izena du, gauza ezberdinak nahastea atsegin dugulako.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude