Bidasoa Atletiko Taldeko neskak Iberdrola Kopan lehiatu dira euren lorpenei esker

Bidasoa Atletiko Taldeko emakumeek aurten Iberdrola Kopan parte hartu dute. Historian lehen aldiz euren meritu propioengatik lortu dute txapelketa honetan lehiatzeko sailkatzea. Bertan parte hartu zuten Alaine Aguerraldek, Alazne Garridok eta Leire Martiarenak esperientzia nolakoa izan zen gogoratu dute.

Urte hasieran Iberdrola Kopan lehiatu zineten. Klubean historia egin duzue, izan ere, lehen aldiz lortu den zerbait izan delako. Nola sentitu zarete hori lortuta?

Leire: Ba, egia esan, ilusio handiarekin. Azkenean, horrelako txapelketa batean Espainiako onenen aurka lehiatzeko aukera duzu eta oso berezia da beraien aurka aritzea.

Alazne: Oso ilusionagarria izan zen, egia esan. Bagenekien hortxe ibiliko ginela, puntu bat gora, puntu bat behera. Hainbeste lan egin eta gero, gauzak ondo ateratzea polita da, are gehiago taldeko txapelketa bat denean.

Alaine: Alaznek esan duen bezala, taldeko lanak emaitzak ematen dituenean eta elkarrekin nahi dugun lekura iristen garenean,  oso polita da.

Nola lortu zenuten bertan parte hartzeko sailkatzea?

Alazne: Klubean proba bakoitzean marka onena duen pertsonaren emaitzekin zerrenda bat bidaltzen da Espainiako Federaziora. Batura horrekin puntu batzuk lortzen dira eta puntu gehien dituzten 8 klubak sailkatzen dira azkenean.

Behin sailkatuta zeundetela jakinda, nola sentitu zineten?

Leire: Egia esan, lehiakideen aurka lehiatzeko gogo eta ilusio handiarekin.

Alaine: Uste dut gure taldeaz eta egin dugun lanaz harro sentitzen garela, horiei esker lortu dugulako aukera hau.

Nolako lana egin zenuten aurreko asteetan txapelketarako prestatzeko?

Alazne: Normalean txapelketa garrantzitsu baten aurretik egiten dugun prestaketaren antzekoa izan zen hau ere. Egia da agian honek lan psikologiko handiagoa suposatu duela, txapelketa honetan denak dimentsio handiagoa duela, gu ohiturik gaudenarekin alderatuta. Fisikoan, berriz, ezinezkoa da gauzak egun batetik bestera aldatzea.

“Hastear diren ligetara begira esperientzia hau aberasgarria izango dela uste dut”

Leire Martiarena, BATeko kirolaria

Beraz, zailtasun gehigarria da ohituta ez zauden maila eta giro batean lehiatzea.

Leire: Talde bat izanda, errazagoa da, taldekideek urduritasunak uxatzen laguntzen dizutelako.

Alazne: Aurretik hitz egin genuen, behin bertan egonda disfrutatu nahi genuela, presiorik gabe. Marka onak lortu nahi genituen, lasterketa onak izango zirela aprobetxatuz.

Buruan helburu zehatz bat zenutela joan zineten bertara?

Alaine: Bakoitzak zerbait lortu arren, orokorrean taldearentzat ere ona da. Baina, opari bezala hartu genuen, aurretik egindako lanarengatik eta, beraz, elkar animatzen eta disfrutatzen saiatu ginen.

Zer sentitu zenuten bertara iristerakoan?

Alaine: Atentzioa eman zidan han bildutako goi-mailako artista ugari ikusteak. Horrek lasterketarako motibatu gintuen, inpresioa gaindituta, marka onak lortzeko aprobetxatzeko.

Alazne: Bertan telebistan ikusten ditugun atletak lehiatzen ikustea txundigarria izan zen. Giroan nabaritzen zen maila altuko txapelketa zela, kamera, publizitate eta antolaketarengatik. Hasieran zu gutxiago zarela sentitu dezakezu, baina gero konturatzen zara bertan zaudela merezi duzulako.

Leire: Txundigarria da olinpiadetan lehiatu den jendearen aurka aritu behar zarelako. Hastear diren ligetara begira esperientzia hau aberasgarria izango dela uste dut.

Taldeko txapelketaz gainera, zuek erreleboetan ere elkarrekin lehiatu zineten?

Alaine: Guk beti elkarrekin entrenatzen dugu, beraz, gustatzen zaigun zerbait denez, esperientziaz disfrutatzen saiatu ginen, zerbait bakarra delako. Errelebo batean, elkar laguntzea errazagoa da.

Alazne: Momentu oso polita izan zen batak besteari lekukoa pasatzea eta niri ilusio berezia egin zidan.

Leire: Hori da. Berezia izan zen beraiekin korrika egitea, gainera beste neska ere oso jatorra zen eta urduritasunak lasaitzen lagundu zuen horrek.

“Esperientzia lagungarria izan da, inolako presiorik gabe, helburua disfrutatzea zelako”

Alaine Aguerralde, BATeko kirolaria

Marka eta helburuez gain, zer eraman zenuten txapelketan parte hartzetik?

Alazne: Horri esker orain guregan konfiantza handiagoa dugu. Beste urteetan ligan mailaz jaisteko beldurrez ibiltzen ginen. Orain, pista estalian lehen 8 kluben artean egon garela jakinda eta aire zabalean 16 talde direnez, beste konfiantza batekin goaz. Horrek etorkizunean lana erraztuko digula uste dut.

Alaine: Esperientzia lagungarria izan da, inolako presiorik gabe, helburua disfrutatzea zelako. Ligak gure momentua izango dira eta lasaitasunetik elkarri laguntzen saiatuko gara.

Leire: Presiorik gabe joan arren, urduritasuna beti hor dago eta are gehiago behin aurkariak ikusita. Beraz, orain aire zabalean lasaiago arituko gara gure txapelketetan.

Zuen inguruan nola bizi izan zuten zuen lorpen hau?

Alazne: Oso positiboa izan da. Batez ere, klubetik aintzatespen handia egin zaio lorpenari. Lagun edo familian aipatzen duzunean zaila da haiek lorpenaren garrantzia ulertzea, guk bakarrik dakigulako atzetik dagoen lan guztia.

Alaine: Askotan entrenatzaileak dira gugan konfiantza handiena dutenak eta horrelako lorpenek hori erakusten digute. Etorkizuneko banakako eta taldekako txapelketetako oso garrantzitsua da hori, bakoitzak beregan sinisteko.

Leire: Gurasoak eta entrenatzaileak gu lasaitzen saiatu ziren. Itzultzerakoan jende askok telebistan ikusi gintuela jakin genuen, eta polita izan zen, beraz.

“Momentu oso polita izan zen bata besteari lekukoa pasatzea eta niri ilusio berezia egin zidan”

Alazne Garrido, BATeko kirolaria

Orain, aurrera begira, zeintzuk dira zuen helburuak?

Leire: Ligetan aurten ere finaletan sartzea lortu nahiko genuke. Maila indibidualean, Espainiako txapelketa izango da erronka nagusia.

Alazne: Bakarka nire marka hobetzea da helburua beti. Gainera, aire zabaleko txapelketa erraza eta disfrutatzeko modukoa izatea espero dut. Ea taldeka berriro finalean sartzea lortzen dugun.

Alaine: Taldeka finala presiorik gabe disfrutatzea nahiko nuke, horretarako taldea dugu eta. Bakarka berriz, markak hobetzen jarraitzea da helburua, lesio edo bestelako arazorik gabe.

Elkarrizketa osoaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude