Alaine Aguerralde, BATeko atleta: “Esperientziaz disfrutatzeko helburu bakarra jarri nion nire buruari”

Alaine Aguerralde Bidasoa Atletiko Taldeko kirolaria da. Aurten lehen aldiz Europako Txapelketan parte hartu du 400m-ko hesi lasterketan eta bertan 13. postua eskuratu du. Espainiako Txapelketan proba berean txapeldunorde izan ostean lortu zuen txapelketa horretan parte hartzeko aukera. Atleta irundarrak esperientzia berri hau nola bizi duen kontatu digu, denboraldi berrirako dituen helburuak azaltzearekin batera.

Nolakoa izan da zuretzat esperientzia hau bizitzeko aukera?

Espero gabe iritsi zaidan zerbait izan da. Espainiako Txapelketan aukerak nituela banekien, baina ez nuen espero nire marka pertsonala jaistea. Horrek nirekiko konfiantza handia eman zidan. Europako Txapelketara 24. postuan iritsi nintzen, baina entrenatzaileek emandako konfiantza guztiari esker, uste dut esperientzia gehiago disfrutatzea lortu nuela.

18 urtez azpiko Europako Txapelketan parte hartu duzu lehen aldiz, 400 metroko hesi lasterketan 13. postua lortuz. Nola baloratzen duzu lortutako emaitza?

Bai, Pista Estaliko Espainiako Txapelketan arazo bat izan nuen eta horrek eragin negatiboa izan zuen nigan. Dena den, egindako lanak fruituak ematen dituela ikusten duzunean, aurrera egiteko konfiantza ematen dizu.

Europako Txapelketa modu berezi batean prestatu duzu?

Ez, egia esan, prestaketak orain arte bezala mantendu ditut. Nire entrenatzaileak eta biok arriskurik ez hartzea erabaki genuen, gauzak denbora gutxirekin aldatuz gero gaizki atera daitezgkeelako. Horrela, orain arte bezala jarraitzea erabaki genuen horrek emaitza onak ekarri dituela ikusita.

Nola sentitu zinen Europa mailako beste aurkariekin lehiatzerakoan?

Nire sorpresarako, oso lasai egon nintzen, maila altuko kirolariak zeudela eta ni hor erdian nengoela jakin arren. Asko disfrutatzen saiatu nintzen, esperientzia hau gogoratzeko modurik onena hori izango dela jakinda. Entrenatzaileak emandako gomendioa jarraitu nuen, urduritasunak indarra kenduko zidala esan baitzidan. Europa mailako txapelketa bat izateak presio handiagoa eragin arren, esperientziaz disfrutatzeko helburu bakarra jarri nion nire buruari.

“Nire sorpresarako, oso lasai egon nintzen, maila altuko kirolariak zeudela eta ni hor erdian nengoela jakin arren”

Postuari dagokionez, lortutako emaitza esperotakoa izan zen?

Azken txapelketetan denboraldiko nire marka onenak lortu ditut, eta beraz, horrek irakatsi dit momentu garrantzitsuetan nire onena ateratzeko gai naizela. Ondorioz, horrek konfiantza handia ematen dit nigan eta baita nire entrenatzailearengan.

Aldiz, aurretik jokatutako Espainiako Txapelketa nola gogoratzen duzu?

Finalaurrekoak gaizki atera zitzaizkidan oso urduri nengoelako. Finalerako lasaitzen saiatu nintzen, soilik gozamenean zentratzen. Marka lortu nuenean ezin nuen sinistu, ez nuelako batere espero. Pozik jaso nuen, ondo dakidalako asko lan egin arren beti ez dela saririk lortzen. Beraz, sailkapena ikusterakoan poza erabatekoa izan zen, nire ingurukoen esfortzua ere badagoelako tartean.

Kirolarientzat porrotak barneratzen ikastea ere garrantzitsua dela esango zenuke? 

Bai, halaxe da. Txapelketan beti onena ematen eta aurretik egindakoa hobetzen saiatzen garen arren, hori beti ez da horrela suertatzen. Pertsonak garen aldetik beti ez gaude gure % 100a emateko prest, nahiz entrenamendu egun bat edo lehiaketa bat izan. Hori argi edukitzea mentalki asko landu behar den gaia da, adibidez, lesioen kasuan.

Gainera, Espainiako Txapelketan erreleboetan txapeldunorde ere izan zineten, ezta?

Hori da. Elkarrekin entrenatzen dugu eta oso giro ona dugu gure artean. Gainera, bi urte lehenago ere laurok elkarrekin parte hartu genuen 16 urtez azpikoan. Orduan ordea, nire erruz arazo bat izan genuen eta ez zen ondo atera, beraz, sinetsita nengoen aurtengoa zela aukera. Denboraldi hasieran norbaitek hau lortuko genuela esan izan baligu ez genioke sinetsiko. Beraz, oso polita izan zen lauak elkarrekin hau lortzea.

Txapelketa batzuetan bakarrik lehiatu arren, taldearen babesa beti izango da eskertzekoa.

Nire ustez atletismoa bakarkako kirola da lehiatzeko unean, baina badakizu atzetik talde oso bat duzula zurekin . Guk zortea dugu oso talde ona dugulako eta oso ondo moldatzen garelako gure artean. Behar dugunean animoak ematen dizkiogu elkarri eta gezurra dirudien arren, inguruko jendeak asko laguntzen du. Horren erakusle da inguruan nire lasterketarengatik ni baino urduriago zegoen jendea nuela eta hori oso polita dela uste dut.

“Atsedenaldiak entrenamenduak bezain garrantzitsuak dira”

Beraz, ona da aurtengo denboraldiaren balorazio orokorra?

Azaldu dudan moduan, pista estaliko denboraldi hasiera onena izan ez bazen ere, nire inguruko jendearen laguntza ezinbestekoa izan zen. Entrenatzaileak ulertarazi zidan dena ez zela bertan amaitzen eta hesietan, nire proban, ilusio guztia jartzen lagundu zidan. Horregatik, aurretik bizitako guztiarengatik, Europara joateko aukerak balio bikoitza izan du niretzat.

Zer erronka dituzu begi-bistan hurrengo denboraldira begira?

Asko eskertu dut Europako txapelketaren ostean atseden apur bat hartzeko aukera. Aurreko urtean ere denboraldia nahiko berandu bukatu genuen eta abuztu erdialdean entrenamenduetara itzuli ginen. Beraz, ia urte oso bat eman dut etenik gabe entrenatzen. Atsedenaldiak entrenamenduak bezain garrantzitsuak dira. Horregatik, aurten entrenatzaileari apur bat beranduago hastea eskatu diot, egun horietaz lasaitasunez gozatu ahal izateko. Hala ere, aurten lehiatzea zenbat gustatzen zaidan ikusi dut, beraz, etorkizunean bide horretatik jarraitu nahi dut. Bide hori nire entrenatzailearekin eta orain inguruan dudan jende guztiarekin batera egin nahi dut. Kronometroaren aurka lehiatzen jarraitu nahi dut, inguruan zenbat aurkari ditudan axola gabe, nire helburua pixkanaka marka pertsonalak hobetzen joatea delako eta ahal dudan guztia ematen jarraitzeko. Baina, noski, beti hori guztia kirolaz disfrutatzen dudan bitartean.

Elkarrizketa osoaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai duzue.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude