Gazteen Joko Olinpikoetan parte hartuko du Txingudi Atletismo
Taldeko kirolari
Atletismoa da eguneroko gaia Garrantxo-Mendeztarren etxean. Gurasoak, Mari Carmen eta Juanjo, Espainiako txapeldun izan ziren atleta garaian. Entrenatzaile hasi ziren ondoren, alaba zaharrenak lehen urratsak eman zituenean. Etorkizun handiko atleta bilakatu zen Marian, oso denbora laburrean. Helduen mailako Espainiako Txapelketan brontzezko domina jantzi zuen, hamalau urte baizik ez zuelarik. Tamalez, lesioek eta osasun arazoek eten zuten Marian Garrantxoren bilakabidea. Haurra zela bizi izan zituen arrebaren lorpenak Juanjo anaia txikiak. Haren bidea jarraitu du hamarkada bat geroago.
Txiki-txikitan hasi zen Plaiaundiko pistara hurbiltzen. Gurasoek alabaren entrenamendu taldea zuzentzen zuten, eta Juanjo Garrantxo alde batera eta bestera ibiltzen zen, hesiak pasatzen eta ariketa ezberdinak egiten. “Besteek entrenatzen zuten bitartean, ni haiekin jolasean ibiltzen nintzen”, azaldu du Garrantxok. Arratsalde pasa egoten zen Plaiaundin, baina ia konturatu gabe atletismo irakaspenak jasotzen zituen egunero. Oinarri tekniko fina barneratu zuen garai hartan: “Gaur egun ez dut gehiegi entrenatzen, eta txikitan ikasitakoa baliatzen dut batez ere”. Gurasoek ez zuten atletismoaren mundura azkarregi bideratu nahi izan. Hori dela eta, beste hainbat kirol ere probatu zuen gazte irundarrak.
Mutil asko bezala, futbolak harrapatu zuen. Txingudi Ikastolan hasi zen, eskola kirolean. Real Unioneko harrobitik pasa zen, eta Realera eman zuen pausoa ondoren. Jubenil mailako atezaina da orain Garrantxo Donostiako taldean: “Nire osaba atezain izan zen, eta hortik datorkidala uste dut”. Maila handia lortu du Zubieta aldean, eta futbol munduan aurrera egiteko gai ikusten du bere burua: “Badakit zaila dela urruti iristea, baina entrenamenduari eta ahaleginari esker lor dezakedala uste dut”. Hori dela eta, Realaren ateari jartzen dio gaur egun arreta handiena. Denbora asko eskatzen dio, eta bigarren mailan dauka, beraz, atletismoa. Hobbya dela baieztatu du Juanjo Garrantxok. Astean behin entrenatu du aurten, batez beste, atletismo pistan.
Atean eta hesietan, maisu
Hala ere, emaitza harrigarriak lortu ditu 2013/2014 denboraldian. Espainiako eta Europako txapeldun izan da, jubenil mailan. Kategoria horretako Espainiako marka hautsi du 110 metro hesietako proban (13’58’’). Gazteen Olinpiar Jokoetan parte hartuko du abuztuaren amaieran, Nanjing-en, Txinan. “Ni disfrutatzera joango naiz. Badakit ondo kokatuta nagoela, baina atleta handiak egongo dira han. Nire helburua finalean sartzea izango da”, azaldu du Garrantxok. 110 hesietako lasterketan parte hartuko du, betidanik gustuko izan duen proban. “Proba teknikoa da, eta mentalitate hotza eskatzen du. Denbora guztian kon-tzentratuta egon behar duzu”. Ama gaztetan hesietan ibili izanak ere eragina izango zuen Juanjoren aukeran.
Aukera da, hain zuzen ere, irundarrak buruan eduki nahi ez duen hitza. Badaki, hala ere, noizbait atletismoa ala futbola, bietako bat alde batera utzi beharko duela. “Momentu hori iritsiko da, baina oraingoz behintzat, nahiago dut biak bateratzen jarraitzea. Futbolean zentratuta nago batez ere, baina atletismoa gustatzen zait, eta ahal dudan bitartean aurrera egingo dut”. Momentu bakoitzarekin ahal bezainbeste gozatu nahi du Juanjo Garrantxok. Hamazazpi urte besterik ez du, denbora dauka oraindik. Eta etorkizun oparoa aurrean.