Eki Fanlo errugbi epailea da eta denboraldi honetan mundialeko hainbat partidu arbitratzera iritsi da. Epaile irundarrak errugbi jokalari eta entrenatzaile izan ostean, 18 urterekin epaile izateko bidea jarraitzea aukeratu zuen, kirolean epaile falta zegoela ikusita. Eki Fanlok bere azken kirol bizipenen errepasoa egin du.
Nola erabaki zenuen errugbiko epaile izatea?
Bai, nik uste dut azkenean kirolean epaile falta sumatu nuelako izan zela. Gainera, errugbian epailea jokoaren parte da eta, beraz, eginkizun nahiko interesgarria da errugbi munduan jarraitzeko. Ni hasi aurretik Irunen bi epaile zeuden, Iñaki Campos eta Iñaki Vergara, eta haiengatik erabaki nuen epaile izateko salto hau ematea. Hasiera batean jokalari zein epaile bezala ibili nintzen. 18 urterekin, aldiz, erabakia hartzeko unea iritsi zen eta epaile bidea aukeratu nuen.
Zerk erakarri zintuen epaile lanera?
Epailea zarenean jokoaren gainean egon behar zara eta jokoak bizitasuna izan dezan laguntzen duzu. Ez zara beste kiroletako epaileak bezalakoa, errugbian jokoaren barnean zaude. Beraz, jokalariekin hartu-emana oso gertukoa da beste kirolekin alderatuta.
Hurbiltasun horrek zailtasunak ditu epailearentzat?
Gauza guztietan bezala, hasieran bere zailtasunak ditu. Dena den, behin konfiantza hartuta eta jokoak nola eboluzionatzen duen ikasita, praktikatuz gauzak errazak bihurtzen dira.
Zer behar du epaile batek bere lana ondo egiteko?
Esaten dute beharrezkoa den lehenengo gauza jokoa ulertzea dela. Azken urteetan jokoak nolako bilakaera izan duen jakin behar duzu. Azkenaldian jokoa azkarragoa da, jokalariak sasoi fisiko hobean baitaude, beraz, fisikoki ondo mantendu behar zara. Esperientzia ere lagungarria da eta hori urteak pasa ahala lortzen duzu.
Beste kiroletan bezala, errugbian ere epailea etsaitzat hartzen da?
Ez, errugbia errespetua eta talde-lana bezalako balioetan oinarritzen baita eta hori ere epailearen lanean islatzen baita. Jokalariek badakite epailerik gabe ez dagoela partidurik eta gu ere pertsonak garela kontuan hartzen dute, noizbait erabaki okerren bat hartzen badugu. Errugbia kirol gutxitua da eta gainera, gure lana ez da batere ezkutukoa, izan ere, telebistako partiduetan mikrofonoa erabiltzen dugu jokalariekin hitz egiten duguna entzun dadin.
18 urterekin Ingalaterran epaile lanetan hasi zinen. Nola lortu zenuen?
18 urte bete nituenean Espainiako federazioak egiten dituen truke batzuetan Ingalaterra joateko aukera eman zidaten. 18 urte nituenez jendea apur bat harritu zen hemen geneukan mailarekin. Izan ere, han errugbia beste mundu bat da, txikitatik bizimodu bat delako, txikitatik errugbi taldeetara iritsi arte. Orduan epaile bidetik jarraitzea erabaki nuen eta hemen jarraitzen dudanez badirudi erabaki ona hartu nuela.
Aurten mundialeko hainbat partidu epaitu dituzu. Nolakoa izan da esperientzia?
Azkeneko urte hau nahiko arrakastatsua izan dela esan daiteke, mundialeko partiduetaraino iristea lortu dudalako. Hasiera batean errugbi zazpiko munduko serieak Malagan eta Sevillan egin ziren eta hasiera batean marrazain lanetan ibili behar izan nuen soilik. Bertara iritsi eta lehen partiduan nahiko ondo egin nuenez, bigarren batera eraman ninduten eta bigarren seriea Sevillan zenez, azkenean 6 partidu epaitu nituen.
Nola bizi izan zenuen aukera hori?
Egia esan, beste edozein partidu bezala. Bertan zegoen jendeak konfiantza asko transmititu zidan, gauzak nola egin behar nituen ondo nekiela esan zidaten eta bide beretik jarraitzeko animatu ninduten.
Nola ikusten duzu orokorrean errugbiaren mundua?
Bidasoa ibaiaren bi aldeak konparatuz gero, argi dago Hendaian beti errugbiarekiko zaletasuna igo dela. Azken urteetan, ordea, Txingudi errugbi klubaren bitartez asko lantzen ari dira errugbia eta ondorioz, zaletasuna asko handitu da. Ez da batere erraza, Irunen kirol klub asko daude eta, baina badirudi errugbi klubean egiten ari diren lana fruituak ematen hasi dela.
Zer uste duzu behar dela errugbia sustatzeko bide horretatik jarraitzeko?
Normalean jendeak uste du errugbia kirol arriskutsua dela eta guztiz kontrakoa da. Errugbian segurtasunarekin loturiko arau asko daude eta zerbait aldatzen bada beti hartzen da kontuan segurtasuna. Oso kirol osasuntsua da, lesio gutxi daude eta kirola inguratzen duten balioei esker talde-lana asko lantzen da.
Irungo Kirolaren Sariek laguntzen al dute errugbia bezalako kirolak ezagutarazten?
Bai, noski. Azken baten guk ere Irun asko maite dugu eta Irunen izena mundu osotik eramaten dugu. Hasiera batean nongoa zaren galdetzen dizutenean Donostiakoa zarela esaten duzu, baina zehazki muga alboan dagoen hiri batekoa zarela esaten diezunean jende askok ezagutzen duela konturatzen zara. Jende asko hemendik igarotzen denez eta askok ezagutzen dutenez harro egoteko modukoa da Irunen izena zabaltzeko aukera izatea.