Txingudi klubak Emakumeen Errugbi Eguna antolatuko du kirolean emakumeen presentzia aldarrikatzeko

Txingudi errugbi klubak Emakumeen Errugbi Eguna antolatu du azaroaren 1erako. Ekintzak Plaiaundiko pistan egingo dira. Helburua errugbian ere emakumeentzako tokia dagoela aldakarrikatzea izango da, emakume gehiago kirol hau egitera animatu daitezen. Aizpea Babaze taldera itzuli berri bada ere, jardunaldiaren antolaketan inplikatuta dago eta azaroaren lehenean egingo diren ekintzen berri eman du.

Zergatik erabaki duzue Emakumeen Errugbi Eguna antolatzea?
Txingudi Errugbi Klubak urte dexente daramatza emakumeen taldea sortu nahian. Orain arte ezinezkoa izan bada ere, indar apur bat dagoen bakoitzean berriro saiatzen gara.

Jardunaldi horren atzean zer aldarrikapen ezkutatzen da?
Emakumeek ere errugbira jokatzeko aukera izatea. Errugbian edonorentzako lekua dago eta pena da emakumeek beraientzako lekurik ez aurkitzea. Oso kirol oldarkorra dela eman dezake, baina nik uste dut errespetuz eta elegantziaz egiten den kirola dela.

Talderik ez dagoen honetan, nola moldatzen zarete?
14 urtera arte neska eta mutilek elkarrekin entrenatu dezakete, baina hortik aurrera ezin dute elkarrekin partidurik jokatu. Entrenatzeko aukera izan arren, neskentzat frustrazio handia da partidu eguna iristen denean zelaira ezin ateratzea. Beraz, 2 urteko hutsunea dago tartean, emakume seniorren taldean sartzeko 16 urte bete behar baitira. Gaur egun sub14an 8 neska daude eta 14 urte betetzen dituztenean talderik gabe geratuko dira. Egoera horretan asko Donostiako edo Hernaniko taldeetara joaten dira eta, ondorioz, Txingudik zeukan harrobia galtzen du. Gu geuk, berriz, errugbi touch izeneko taldea sortu dugu jokatzeko aukera izan dezagun.

Zertan ezberdintzen da errugbi touch-a?
Errugbiaren filosofia bera du, talde jolas bat delako. Zelai txikiago batean jokatzen da, errugbi arruntean erabili ohi den zelaiaren erdia gutxi gorabehera eta zelaian talde bakoitzean sei jokalarik jokatzen dute. Errugbi touch-en ez da plakaketarik egiten, defentsak zu ukitu behar zaitu eta orduan 7 metro atzera egin beharko dituzu. Talde mistoetan jokatzen denez, klubaren ideia da 14 eta 16 urte arteko jokalariei modalitate hori eskaintzea, behintzat errugbira jokatzen jarraitzeko aukera izan dezaten. Profesionalean taldeek hiru neska eta hiru mutil izan behar dituzte, baina adin horretan 2 neska egotearekin nahikoa dela uste dut. Horrela ez bada, aurkariari entsegu bat ematen zaio.

Zergatik animatuko zenituzke emakumeak errugbia probatzera?
Nik adibidez, ekipoa sortu nahi zutela jakin nuenean, klubera militante moduan sartzea erabaki nuen, eskualdean emakume talderik ez egotea ulertu ezinik. Horrela, edonorentzako lekua daukan kirol bat ezagutu nuen. Egia da ni ez naizela ez altua, ez handia eta ez bizkorregia, baina dauzkazun gaitasunen arabera beti ongi etorria zarela sentituko duzu. Batez ere, Txingudi bezalako talde batean, talderik ez egon arren, gustura asko errugbira jokatzen irakatsiko dizute. Kirol zaila da, arau guztiak barneratzeko bi edo hiru urte behar baitira. Horretaz gain, errugbian hirugarren denbora dago. Horrek esan nahi du, zelaian kontaktuzko kirola izan arren, partidu ostean aurkariarekin elkartu, zerbait hartzen den bitartean lagunak egiteko eta jokaldiak komentatzeko aukera dagoela. Azken batean, hirugarren denborak taldea indartzeko aukera ematen du.

Zer prestatu duzue Emakumeen Errugbi Egunerako?
Ideia zera da, taldeko kide bakoitzak azaroaren 1ean ospatuko dugun Emakumeen Errugbi Egunera bere inguruko emakume bat gonbidatzea. Egun horretan Plaiaundiko pistetara hurbiltzen diren neska eta emakumeei jolasen bitartez errugbia zer den eta nola jokatzen den azaltzen saiatuko gara. Jolasez gainera, partidu sinpleren bat egiteko asmoa ere badugu, baina plakaketarik gabe, noski. Bestetik, bazkari bat ere antolatuko dugu, elkar ezagutzeko aukera izan dezagun.

Aurretiko izen ematerik egin behar da azaroaren 1eko jardunaldian parte hartzeko?
Egia esan, oraindik ez dugu guztiz argi jardunaldia nola antolatuko dugun. Bazkarirako behintzat nolabaiteko izen ematea eskatuko dugula badakigu, otordua behar den moduan antolatzeko. Dena den, datozen egun eta asteetan zehar klubak sare sozialetan dauzkan kontuen bitartez informazioa zabaltzen jarraituko dugu.

Ekimena aurkeztuta, jendea jardunaldian parte hartzeko gogotsu dago?
Uste dut klubean antolatzen den edozein jarduerak, dena delakoa izanda ere, beti harrera ona izan ohi duela. Egitasmoaren oinarria taldea elkartzea eta kluba indartzea da. Klubak nesken ekipoa izan nahi du. Bere garaian emakume taldea egon zen eta hori berreskuratu nahiko genuke.

Kirolaz gainera, errugbiak hainbat talde balio lantzeko aukera ematen du?
Bai, hori da. Errespetua oinarrian dago beti. Esaterako, inork ezin dio arbitroari ezer esan, beraz, kapitainak hitz egin dezake bakarrik berarekin, beti jokamolde fina mantenduz. Zelaian kolpeka ibili arren, aurkari bat lurrera bota ostean, beti lurretik altxatzeko eskua eskaintzen diogu elkarri.

Txingudi klubak emakumeak erakartzeko beste ekimenik abiatuko du?
Momentuz ez da horrelakorik planteatu. Klubera emakumeak erakartzen jarraitzeko asmo horri eutsiko zaio noski, jendea gutxienez entrenatzen hastera animatu dadin. Ekintza zehatzik egin ez arren, argi dago kirol ibilbidea sub14an amaitzen duten neskentzako irtenbide bat bilatu beharko dela. Garrantzitsuena nesken artean taldea egitea da. Behin taldea izanda errazagoa izango da pixkanaka jendea batzen joatea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude