COVID-19 gaixotasunaren zabalkundea ekiditeko estatuak deitutako alarma egoeraren ondorioz, hiriko kirol klubek haien egutegiak eta datozen asteetarako aurreikusitako kirol hitzorduak eten behar izan dituzte. Horrela, klub guztien entrenamendu, txapelketa eta partiduak bertan behera gelditu dira. Hala ere, etxean bada ere, kirola egiteko aukerak daudela erakusteko, Irungo kirol klub ezberdinek hainbat egitasmo martxan jarri dituzte teknologia berrien eta sare sozialen laguntzarekin.
Santiagotarrak
Santiagotarrak klubeko ohiko jarduera bertan behera gelditu den arren, klubeko kirolariek etxean dauzkaten kirol-makinei esker entrenamendu errutinak eta kirola egiteko egiten ari diren ahalegina partekatu du klubak sare sozialen bitartez. Gainera, denboraldi hasierako aurkezpenean erabilitako bideoak eta edukiak sare sozialen bitartez partekatu dituzte, etxeko egonaldia entretenitzen laguntzeko.
22 Academy
22 Academyko Josune Gurutxaga, Sheila Gurutxaga eta Jon Menor irakasleek YouTube, Facebook eta Instagram sare sozialetan zuzeneko emanaldiak egiteko aukera aprobetxatu nahi izan dute. Era honetan, berrogeialdia hasi zenetik hainbat dantza klase eman dituzte, estilo ezberdinak landuz: luzaketa ariketak, haurrekin egiteko ariketak, kardio eta tonifikazio ariketak, aretoko dantzak, dantza urbanoak, … Zuzeneko saioa egin aurretik hurrengo klasea noiz izango den abisatzen dute dantza akademiaren sare sozialen bitartez eta emandako klaseak Facebook orrialdean gordetzen dituzte.
Bidasoa XXI
Bidasoa XXI klubeko igeriketa zein waterpolo taldeetako kirolariek, etxean igerilekurik izan ez arren, lanean jarraitzen dute. Klubaren sare sozialetan kirolariek etxean haien kabuz egiten dituzten ariketen bieoak eta argazkiak partekatzeaz gainera, etxean kirola egiteko asmoa dutenentzako entrenamendu planak eta ariketak partekatu dituzte.
Real Union
Real Union taldea osatzen duten talde guztien entrenamendu eta partiduak bertan behera gelditu ostean, klubaren sare sozialak Real Union klubeko lehen taldea osatzen duten kirolarien ibilbidea eta lorpen garrantzitsuenak gogoratzeko erabili da. Gainera, beste hainbat futbol taldeen antzera, klubak FIFA20 txapelketan ordezkatua izan da Aitor Aranzate jokalari txuri-beltzaren parte hartzeari esker.
Bidasoa Irun
Bidasoa Irun klubak, alarma egoeraren harira, Asobal Ligarekin lotutako entrenamendu eta partidu guztiak bertan behera utzi ditu bestelako agindurik jaso arte. Era berean, duela 25 urte klubak Europako txapelketan lortutako garaipena ospatzeko antolatutako hainbat ekitaldi bertan behera uztea beharrezkoa izan da: erakusleiho apainketak, bokata lehiaketa, kartel erakusketetarako bisita gidatuak, … Hala ere, ospakizun ekitaldien antolaketaz arduratzen den taldeak, beranduago bada ere, ekintza guztiak data berri batean antolatzeko asmoa adierazi du. Bien bitartean, klubak Europako garaipena gogoratzeko sortutako sare sozialetan “Trivial Bidasotarra” edo “Recuerdo Elgorrriaga” ekimen eta lehiaketak martxan jarraitzen dutela gogoratu du.
Erroibide
Erroibide saskibaloi klubak, klubaren jardueraren etenaldia aprobetxatuz, sare sozialen bitartez saskibaloi zaletuak etxean entretenitzeko, sakibaloiarekin lotutako liburu eta irakurgaiak proposatu ditu.
Super Amara BAT
Bidasoako atletismo taldeak alarma egoeraren ondorioz bertan behera utzitako ekintzen barnean, martxoaren 22an egiteko zen Miliak Osasunaren Alde ekimena urrian egingo dela jakinarazi du. Era berean, udalekuetarako izen emate prozesuak irekita jarraitzen duela jakinarazi da, baina, momentuko egoeraren ondorioz lehen izen ematea egiteagatik kobratu ohi den seinalearen ordainketa ez eskatzea erabaki du klubak.
Leka Enea mahai tenisa
Sonia Etxezarreta teknifikazio zentroko jarduera eten arren, Leka Eneak klubeko jokalariak klubeko kamista janztera gonbidatu ditu. Horrela, etxean egindako kirol entrenamendua irudikatzen duten bideo zein argakiak sare sozialen bitartez partekatzera animatu ditu berrogeialdia alaitzeko asmoz.