Irungo Udalak kanpaina bat abiatu du asteotan sare sozialetan, herriko merkataritzari eta ostalaritzari laguntzeko eta erosketak establezimendu horietan sustatzeko, alarma-egoera gainditutakoan. Astelehenero, udal sare sozialen bidez, herritar guztiei irekita dagoen lehiaketa argitaratuko da, Irungo saltokietan eta ostalaritzan kontsumitzeko bonoak saritzat izango dituena.
“Irun etxetik” izenburupean, irundarrei dei egiten zaie ekimen batean parte har dezaten. Ekimen horrek hainbat gai jorratuko ditu datozen asteetan, funtsezko bi helbururekin. Lehenengoa, alarma-egoeraren ondoriozko konfinamendu-egoera gainditzen lagunduko duten jarduerak sortzea, lehiaketa formatu pizgarriaren bidez; eta, bigarrena, txikikazko merkataritzan eta ostalaritzan kontsumoa suspertzera eta biziberritzera animatzea, konfinamendua amaitu ondoren bertako establezimenduetan trukatzeko bonoak entregatuz.
Lehen lehiaketa martxan da jada, eta gure balkoi edo leihoetatik hiriaren argazki bat ateratzean datza. Parte hartu nahi dutenek inprimaki txiki bat bete (izena, abizenak eta helbide elektroniko bat) eta argazkia udalaren webgunetik igo beharko dute, eta gero sare sozialetan partekatu lehen erronka honetarako proposatutako hashtag-arekin: #IrunDesdeMiBalcón #IrunNireBalkoitik.
Bozka gehien jaso dituzten bost argazkiak 300 euroko bonoaren zozketan sartuko dira. Lau irudi finalistek 20 euroko bonoa eramango dute, eta gainerako parte-hartzaileen artean 20 euroko beste 46 bonu zozkatuko dituzte; guztira, lehiaketa bakoitzak 20 euroko 50 bonu banatuko ditu, eta 300 euroko bat. Horiek guztiek hiriko merkataritza-lokaletan eta ostalaritza-establezimenduetan kontsumitzeko balioko dute.
Astelehenero jakinaraziko dute lehiaketa bakoitzean irabazlearen izena, eta hurrengoa zabalduko dute; parte hartzeko epea beti igande gauerdira artekoa izango da. Informazio gehiago hemen: www.irun.org/coronavirus.
Lehiaketaren bilakaera Irungo Udalaren profil ofizialen bidez jarraitu ahal izango da Twitterren (@irun_informa), Instagramen (@irun_infoma) eta Facebooken (@irunON). Kanal horien bitartez, astelehenero lehiaketa berriak argitaratzen joango dira. Balkoietatik ateratako argazkiez gain, herritarrei gastronomiarekin edo modarekin lotutako beste proposamen batzuk ere egingo zaizkie.