Mariño Real Unión taldeko neskek 2023-2024 denboraldian Ohorezko Erregional Mailan jokatu dute. Ligako txapeldunak izan ostean, mailaz igotzea lortu dute eta datorren denboraldian Euskal Ligan jokatuko dute. Mireia Zumeta eta María Díez taldeko jokalariak dira eta igoeraren albistea taldean nola hartu duten azaldu dute. Era berean, datorren denboraldia nolakoa izango den imajinatzen hasiak dira.
Ekainaren 19an lortu zuten Mariño Real Unión taldeko ohorezko dibisioko neskek mailaz igotzea. Mireia Zumetak azaldu duenez, igoera lortu zutenetik aste batzuk pasa badira ere, “oraindik pozik jarraitzen dugu, motibazioz eta emozioz beterik”. Izan ere, elkarrizketa egiterakoan oraindik aurreko denboraldia amaitu ez badute ere, jada hurrengoa nolakoa izango den imajinatzen hasiak dira.
Denboraldi borobila
2023/2024 denboraldian zehar jokatutako partidu guztien artean, Mariño-Real Unión taldeko neskek partidu gehienak irabazi dituzte, 2 porrot eta 2 berdinketa kenduta. Galdutako bi partiduak Antiguoko taldearen aurkakoak izan dira. Denboraldi osoan zehar bi taldeak oso berdinduak egon dira emaitzetan, beraz, Irungoek gertutik jarraitu dituzte donostiarren pausuak, garaipenak eta lortutako puntu bakoitza neurtuz. Mireia Zumetak adierazi duenez, “horrelako egoeretan askotan arreta gehiago jartzen duzu besteek egiten duten lanean, zurean baino”. Zumetak onartu du agian akatsa izan dela besteen lanari gehiegi begiratzea, baina María Díez bere taldekidearekin bat etorri da: “norbait aurretik jartzen zaizunean, normala da besteak egiten duena kontrolatzea, zure aukerak zeintzuk diren aztertzeko”. Denboraldiko gorabehera guztiak gaindituta, azkenean Mariño Real Unión taldeko neskek sailkapenean nagusitzea lortu dute.
“Astean entrenamendu bat gehiago izateak eta gimnasioa erabiltzeko aukerak asko lagundu digute”
Mireia Zumeta, Mariño Real Unióneko jokalaria
Mireia Zumetak azaldu duenez, maila berean urte asko eman dituztenez, oinarri sendo bat sortzeko aukera eman die horrek. Izan ere, maila berean egon diren urte guztietan talderen bat aldatu bada ere, gehienak berdinak izan dira, beraz, beste taldeak ondo ezagutzeko aukera izan dute. “Aurretik ezarritako oinarri horri aurtengo berrikuntzak gehitzen badizkiozu denak laguntzen du”, gaineratu du Mireia Zumetak. María Díezen hitzetan, iaz jada mailaz igotzeko helburuan lan egiten hasi ziren, baina lorpena aurtengo denboraldian iritsi da.
Hobekuntzen emaitzak
Izan ere, Mariño eta Real Unión klubek sinatutako lankidetza akordioari esker, ohorezko dibisioko neskek aldaketa ugari nabaritu dituzte, igoera lortzeko laguntza handikoak izan direnak. Adibidez, María Diez eta Mireia Zumetak azaldu dutenez, entrenatzaile eta taldekide berriak izan dituzte. Futbol jokalariek azaldu dutenez, “kluben arteko hitzarmenari esker, denboraldi honetan baliabide ekonomiko gehiago izan ditugula nabaritu dugu”.
Hain zuzen ere, Mireia Zumetaren hitzetan, batez ere, bi izan dira igoera lortzen lagundu dieten berrikuntzak: “Astean entrenamendu bat gehiago izateak eta gimnasioa erabiltzeko aukerak asko lagundu digute”. Horrela, Mariño Real Unióneko neskak astean bitan entrenatzetik, aurtengo denboraldian 3 entrenamendu egitera pasa dira. María Díezek azaldu duenez, entrenamendu bakoitzak ordu eta erdiko iraupena du eta horri gimnasioan egin dugun lana gehitu behar zaio: “gimnasioan egindako lana partiduak jokatzerakoan ere nabaritzen da”. Mireia Zumetak zehaztu du, entrenamenduak hasi baino ordu erdi lehenago geratzen zirela, ostiraletan hitzaldi bidez partidua prestatzeko eta astelehenetan eta asteazkenetan gimnasioan orduak sartzeko. Gainera, futbol jokalariek onartu dute entrenatu ahal izateko instalazio gehiago erabiltzeko aukera izatea ere laguntza handikoa izan dela.
Saritutako lana
Maila igoera lortzeaz gain, Mariño Real Unión taldeko neskek denboraldian zehar egindako lanak ere bestelako saria izan du. Gipuzkoako Futbol Federazioak Gipuzkoako Futbol Sarien III. edizioa antolatu du aurten. Bertan Mariño Real Unióneko Emakumezkoen Ohorezko Erregional Mailako taldea talde nabarmendu gisa saritu dute. Mireia Zumetak azaldu duenez, “nik pertsonalki sorpresaz jaso dut izendapen hau, ez bainuen halakorik espero”. Dena den, sarituak izateko arrazoiak daudela ikusten du, bi kluben elkarketatik sortutako zerbait berria izanda, proiektua interesgarria izan daitekeela uste baitu. María Díezek adierazi duenez, Gipuzkoan badira Reala edo Eibar bezalako klub handiak, “horregatik ez genuen espero guk horrelako saririk jaso genezakeenik”. “Ez dakit zeintzuk izan diren sariaren irabazlea aukeratzeko erabili diren irizpideak, baina atzetik dauden gauza interesgarriak ikusita merezitako saria dela dirudi”, erantsi du Zumetak.
“Txikiak gure lorpenengatik nola pozten diren ikustea oso pozgarria da”
María Díez, Mariño Real Unióneko jokalaria
Sariak jokalariak are gehiago motibatzea lortu du datorren denboraldiari begira. “Horrelako sariek zure buruan sinisteko aukera ematen dizute, jakinda hurrengo denboraldian gogor lan egin beharko dugula”, aipatu du Mireia Zumetak. María Díezek aipatu du presioa sentitu ordez, taldekide guztiek motibazio gisa jaso dutela saria. “Sariak asko poztu gaitu, nahiz eta jakin badakigun datorren urtean maila altuko aurkariak izango ditugula”, erantsi du Díezek.
Ilusioa eta lana
Igoerak eragindako ilusioa eta gogoz egindako lana izango dira Mariño Real Unióneko nesken indarguneak hurrengo denboraldiko erronken aurrean. Mireia Zumetak onartu du taldekideen artean hitz egiten hasiak direla datorren denboraldia nolakoa izango den imajinatzen jarraitzeko. “Egia da Bizkaiko taldeek oso maila ona dutela, beraz, kuriositate handia dugu beraien aurka jokatzea nolakoa izango den ikusteko”, azaldu du Zumetak. Aurkari ezezagunen aurka lehiatzeaz gainera, Euskal Ligan jolasteko bidaia gehiago egin beharko dituzte.
Igoerarekin Mariño Real Unióneko neskek eskualdean emakumeen futbola sustatzen jarraitzeko aukera bikaina izango dute. María Díezek klubean praktikak egin ditu aurten eta txikien ilusioa gertutik ikusteko aukera izan du: “txikiak gure lorpenengatik nola pozten diren ikustea oso pozgarria da”. Mireia Zumetak gogoratu du kategoria txikiagoetan jokalari helduekiko sentitzen zuen miresmena: “eta orain konturatzerako ni naiz lorpena ospatzen ari den jokalari horietako bat”. Hurrengo denboraldira begira nesken kategoria guztietako taldeak betetzea lortu dute dagoeneko, beraz, nesken futbola indartzeko helburuan ere arrakasta lortu dute. Mireia Zumetak erantsi duenez, “ez dakit inskripzioen gorakada gure igoerarekin lotuta dagoen, baina hala bada, bide beretik jarraitu beharko dugu datorren urteetan edo, gutxienez, saiatu”.
Elkarrizketa osoaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai duzue.