Larunbatean aurredenboraldiko lehen partida jokatu zuen Txingudi Errugbi Klubak

Txingudi Errugbi Klubak larunbatean jokatu zuen aurredenboraldiko lehen partida. Klubak Bera Bera klubaren aurka indarrak neurtu zituen. Iñigo Camarero entrenatzaileak azaldu duenez, urrutitik dator klubak Bera Bera klubarekin mantentzen duen lehia.

Partida zaila izango zela aurreikusten, Bera Bera errugbi oso txukuna jokatzen duen taldea baita eta “bere meleak, gurearen antzeko ezaugarriak izan arren, gogor jokatzen du fase estatikoetan eta kontaktuetan”. Iñigo Camarerok gehitu duenez, “hala eta guztiz ere, gure mugez jabetuta, baina baita gure gaitasunez ere, gogotsu egin genion aurre partidari eta, oro har, zelaian islatzea lortu genuen”.

Hasierako hamabostekoa hauek osatu zuten: Andre Ferreira, Aitor Asurmendi eta Lander Vielba lehenengo lerroan, Sylvain Lapeyre eta Oihan Arruabarrena bigarrenean, Xabi Sanchez eta Ekaitz Aia flanker lanetan, Asier Amigo zortzian, Javi Boes mele erdikoan, Ugo Poncini zabaltzaile, Román Solís eta Rodri Combina erdian, Ekain Hiribarren eta Unai Herrero hegaletan eta Alejandro Lasa atzelari gisa. Joao Costak, Ramon Berguak, Jeno Kocsisek, Ibai Pregok, Enoch Ferkak, Adur Manterolak eta Unax Dominguezek ere jokatu zuten.

Lehen zatian baloia jasotzen hasi eta jokoa modu ordenatuan eta huts handirik gabe zabaldu zuten. Bera Berak, bere aldetik, ondo eusten zion defentsan eta presioa ongi kudeatzen zuen; hala, Txingudikoek baloiak irekitzea, jokaldiak garatzea eta jabetza kontrolatzea lortu zuten arren, ezin izan zuten markagailua mugitu. Defentsan, lana antzekoa izan zen, eta donostiarren erasoak gelditzeko esfortzua egin behar izan zuten. Lehen zatiaren erdian entsegua egitetik gertu egon ziren, baina egoera defendatzen jakin zuten eta jokaldia aurreratutako baloi batekin amaitu zen.

Akats horrek, besteak beste, eta jokalarien jarrerak ahalbidetu zuten gida partidako lehen saioetan eramatea eta, 30. minututik aurrera, aulkia mugitzen eta probak egiten hasi ziren. Hala ere, jokoak lehiatua izaten jarraitu zuen eta atsedenaldira 0-ko berdinketarekin iritsi ginen.

Bigarren zatiaren hasieran intentsitate puntu bat jaitsi zuten eta akatsak, eta ondorioz kalteak, iritsi ziren; izan ere, 48. minutuan, ostikada sakon batekin, Txingudiko jokalarien defentsa gainditu eta, baloia zelaitik ateratzea ezin lortu ondoren, Bera Beraren entsegua iritsi zen, ostikatzaileak gauzatu ezin izan zuena.

Hortik aurrera, eta minutu batzuen ondoren, ez zuten egoerari buelta emateko era aurkitu eta hainbat zigor-kolpe eman zituzten, 22tik gertu. Kolpe horietako baten ondorioz, Bera Berak hiru puntu gehiago lortu zituen 53. minutuan; zorionez, ostikatzaileak ez zuen bere eguna izan eta ez zuen ondorengo saiakerarik gauzatu.

8 puntuko aldearekin zenbait aldaketa egin zituzten irundarrek eta erreakzioa nabaritzen hasi zen, lehen zatiko jokoa berreskuratuz. 65. minutuan Enoch Ferkak defentsa hautsi zuen ezker hegaletik eta Unai Herreroren jarraipenarekin entsegu lerrotik metro gutxira iritsi ginen. Beste bi fasetan Rodrigo Combinaren entsegua eta Alejandro Lasaren gauzatzea iritsi ziren. Puntu horiek inflexio-puntua izan ziren bi taldeentzat, irundarrak gehiago izan baitziren hortik aurrera, Bera Berak gutxiagora egiten zuen bitartean.

Partidaren azken minutuetan, aurrelariak nagusi izan ziren hainbat meleren ondoren eta aurkariaren lerroaren akatsak aprobetxatuz, metroak irabaztea eta bere arrisku eremuan kokatzea lortu zuten. 76. minutuan Alejandro Lasaren entsegua iritsi zen, Alejandro berak, Unai Herrerok eta Adur Manterolak egindako konbinazio on baten ondorioz.

Partidaren azken uneetan, Bera Bera buelta ematen saiatu zen, baina bere akatsak gero eta handiagoak izan ziren, eta Txingudi Errugbi Klubeko jokalariek egoera kontrolpean mantentzea lortu zuten, emaitzari buelta emateak eman zienanimoari esker.

Garaipena, 14 eta 8.  Iñigo Camarerok klubaren sentsazio onak azaldu ditu, “erakutsitako jarreragatik, euskarrien sendotasunagatik eta gure jokoari eman genion jarraitutasunagatik, baina argi daukagu asko dugula hobetzeko ligari berme osoz aurre egiteko.

Aipatzekoak Ekaitz Aia, Lander Vielba eta Unax Dominguezren debutak eta Javi Boes eta Ramon Berguaren buelta. Orain hurrengo lagunartekoa prestatzen hasi dira, urriaren 2an, Atletico San Sebastianen aurka indarrak neurtuko dituztelako.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude