Kiroletako ordezkari Borja Olazabalek eta Aspe eta Baiko enpresetako ordezkariek uztailaren 1ean Uranzun jokatzekoa den pilota-jaialdia aurkeztu dute ostiral honetan.
«Ez da edonolako jaialdi bat. Ez dugu jairik ospatuko, egia da, baina Udaletik aukera eman nahi diegu pilotazaleei harmailetara itzultzeko eta Uranzun pilotaz gozatzeko, noiz eta urtero irrika handienez itxaroten den jaialdietako batean, uztailaren 1ekoan, hain zuzen, betiere indarreko arauak beteta», nabarmendu du Borja Olazabal Kiroletako ordezkariak.
Horrela, uztailaren 1ean Uranzu frontoiko ateak irekiko dira. Pandemiari aurre egiteko ezarritako neurriak beteko dira eta, ondorioz, edukiera % 60ra mugatuko da, beste neurri batzuen artean. Beraz, 420 sarrera jarriko dira salgaiwww.entradas.com webgunean. Sarreren prezioa 25 eta 30 euro artekoa izango da, eserleku motaren arabera.
Partidak maila gorenekoak izango dira, eta azken Binakako Txapelketako lau finalistetako hiru bilduko dira. Lehen partida 18:00etan hasiko da, eta Elordik eta Elostarbek osatutako bikotea eta Arteaga eta Larunbe arituko dira nor baino nor. Ondoren, partida garrantzitsuenean, Elezkano eta Zabaleta egungo txapeldunak Olaizola eta Albisuren aurka lehiatuko dira.
Uranzu, erreferentea pilotaren munduan
Uztailaren 1eko jaialdiarekin, berriz ere hirian pilotaz gozatzeko aukera eskainiko du Uranzu frontoiak. Oraingoan, baina, funtsezko aldaketa bat egongo da: publikoaren presentzia, alegia. Horrela, Irungo instalazioak pilotaren erreferentzia izaten jarraituko du eta, gainera, ikusleei partidak zuzenean ikusteko aukera eskaintzen dien Euskadiko lehen frontoietako bat izango da.
2021 hasieran Irunen jokatu ziren eskuz binakako txapelketako final-laurdenetako ligaxkaren lehen jardunaldiko partidak, eta martxoan emakumezkoen Laboral Kutxa Masterra Uranzun jokatu zen, bigarren urtez jarraian. Gainera, ekainaren 6an, igandearekin, aurtengo orain arteko maila handieneko partida jokatu zen: eskuz banakako txapelketako hirugarren eta laugarren postuko partida. Gainera, txapelketarako erabakigarria izan zen partida hura, irabazlea –Rezusta– finalean sartu baitzen azkenean, Artola lesionatu eta gero.