Uranzu pilotalekua Emakume Master Cup txapelketako finalen lekuko izan da

Ekainaren 28an 2020. urteko Eskuz Binakako Laboral Kutxako Emakume Master Cup txapelketako pilota goxua eta pilota mistoko finalak jokatu ziren Irungo Uranzu pilotalekuan. Pilota goxuko finalean Iera Agirrek eta Maite Ruiz de Larremndik Galeano ahizpak garaitu zituzten belaunaldiarteko lehian. Pilota mistoan, berriz, Leire Garai eta Olatz Ruiz de Larramendi izan ziren gairaile Olatz Arrizabalaga eta Gentzane Aldairen aurka jokatutako partiduan.

Txapelketa urtarrilaren 11ean hasi zen, baina, alarma egoeraren ezarpenarekin partidu guztiak bertan behera gelditu ziren, hasieran, martxoan egitekoak ziren finalak jokatzeko aukerarik egongo ote zen jakin gabe. Normaltasun berriaren hasierak, ordea, txapelketari amaiera emateko aukera eskaini zuen, ikusleek murriztutako edukierarekin harmailak betetzeko aukera izan zutelarik. Txapelketan guztira 94 pilotarik parte hartu dute. Pilota mistoraren kasuan 2020. urteko txapelketak ohi baino parte hartzaile gehiago izan ditu.

Pilota Goxua
Pilota goxuaren kasuan, Iera Agirre eta Maite Ruize de Larramendi nafartarrek Nagore Galeano eta Leire Galeano ahizpen kontra indarrak neurtu zituzten. Partiduaren hasieratik bikote nafartarrak alde nabaria atera zion Antzuolako ahizpek osatutako bikoteari eta, azkenean partidu amaieran aurkariek 22-7 puntu lortu zituzten.

Partiduaren emaitzaz haratago, bi belaunaldien arteko norgehiagoka izan zen pilota goxuko finala. Izan ere, 32 urteko Iera Agirre eta 46 urteko Maite Ruiz de Larramendi beteranoek 15 urteko Nagore Galeano eta 13 urteko Leire Galeanoren aurka lehiatu baitziren. Partiduaren amaieran ETBko mikrofonoaren aurrean Iera Agirre jokalariak azaldu zuenez, “bi generazioen arteko lehia izan da partidua”. Partiduaren emaitzak erakutsi zuenez, ordea, esperientzia gaztetasunari nagusitu zitzaion.

Pilota mistoa
Pilota mistoko finaleko partiduan Garai eta Ruiz de Larramendi gailendu ziren aurkari gernikar eta orozkotarraren kontra. Partiduaren hasieratik Leire Garai eta Olatz Ruiz de Larramendik alde nabaria atera zieten aurkariei, 9-0 puntuekin aurreratuz. Partiduaren erdialdera neurketa parekatu zen arren, bizkaitarrek garaipena urrutitik ikusi zuten 14-22 punturekin iritsi baitzen partidu amaiera. Olatz Arrizabalaga eta Gentzane Aldaiek pilota mistoan jokatutako lehen denboraldia zen.

Leire Garai pilota mistoko txapelketako garaileak onartu duenez, “partidu amaiera iritsi eta garaipena lortu arte urduritasunak ez dira guztiz desagertzen”. Pilota goxuan talde berean jokatu zuten ahizpez gainera, Emakume Master Cup finalek senide-arteko irudi bitxia utzi zuten. Izan ere, Maite Ruiz de Larramendi eta Olatz Ruiz de Larramendi izeba-ilobek podiuma partekatu zuten.

Irun finalen erdigunean
Borja Olazabal Irungo Udaleko Kirol arloko ordezkariak adierazi duenez, “Irungo Udalarentzat oso berri ona da Uranzu frontoian honelako txapelketak jokatu ahal izatea”. Rebeca González Berdintasun arloko ordezkariak nabarmendu zuenez, “emakumezkoen kirolak geroz eta presentzia gehiago duela ikustea pozgarria da”.

Kirol arloko ordezkariak azaldu duenez, finalak martxoan jokatzekoak ziren, baina, alarma egoeraren ondorioz txapelketa bertan behera gelditu zen. Berriro partiduak jokatzeko aukera zegoela ikusi zutenean, ordea, Kirol arloan finalaren antolaketa-lanak berreskuratu zituzten. “Hasieran finalak ikusleekin jokatu ahalko ziren jakin ez arren, azkenean, publikoarekin jokatuko zirela jakiteak asko poztu gintuen”. Uranzu pilotalekuan 351 ikuslek izan zuten maskarekin partiduaz zuzenean gozatzeko aukera, jende asko pilotalekuaren kanpoaldean frontoira sartzeko sarrerarik gabe gelditu zen bitartean. ETBk zuzenean emititu zituen txapelketako finaleko bi partiduak, gainera normalean gizonezkoentzako erreserbatutako telebistaren parrilla zatian.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude