GazteARTEan zerbitzua berriro martxan jarri da gazte irundarrei udako ekintzak proposatzeko

Gazteartean zerbitzuak uztaileko hilabetean zehar egingo diren ekintzak aurkeztu ditu. Normaltasun berriaren testuinguruan, Gazteartean zerbitzua martxan jarri da berriro ere. Uztaileko hilabeterako antolatu diren ekintza guztietan parte hartu ahal izateko aurretiazko izen-ematea egitea ezinbestekoa izango da. Hortaz gain, Covid-19aren zabalpena ekiditeko neurri guztiak hartzeaz gainera, momentuko egoeraren arabera ekintzak moldatu, egokitu edo bertan behera gelditu ahalko dira osasun agintariek zehaztutako neurriak errespetatzeko.

GazteARTEan programaren barnean uztaileko hilabeterako hamar ekintza proposamen aurkeztu dira. Ekintza guztiak aire zabalean egingo dira eta 10 pertsonek parte hartu ahalko dute gehienez zerbitzuak antolatutako ekintza bakoitzean. Gel hidroalkoholikoa eskura izateaz gainera, pertsonen arteko segurtasun distantzia errespetatzea eta maskaren erabilera egokia egitea ezinbestekoa izango da. Ekintza guztiak aire zabalean egingo direnez, eguraldiak ekintzen garapena baldintzatu dezakeela kontutan hartu beharko da.

“Ekintza hauen bitartez hiriko gazte eta hezitzaileen arteko harremana berreskuratu nahi da”
Rebeca González, Irungo Udaleko Gazteria arloko ordezkaria

Rebeca González Irungo Udaleko Gazteria arloko ordezkariak azaldu duenez, “ekintza hauen bitartez hiriko gazte eta hezitzaileen arteko harremana berreskuratu nahi da”. Era honetan, aurreko hilabeteetako bizipenak partekatzeaz gainera, gazteek gertatutakoaren inguruan ausnartzea bultzatu nahi da. Gainera, antolatutako ekintzen bitartez datozen hilabeteetara begira jarraitu beharko diren segurtasun neurriak ezagutzeko eta barneratzeko aukera izango dute gazte irundarrek.

Uztailerako proposamenak
GazteARTEan zerbitzutik uztaileko hilabeterako proposatutako ekintzen artean, Aitzondo ur-jauzira zein San Martzial mendira irteerak egingo dira, Ficoban egongo den zirku italiarra ikusteko irteera Endarlatzara bizikleta irteera, Ginkana, ur jolasak edo San Martzial-Txingudi eremuko igerilekuetara irteerak egiteaz gainera. Irteerak antolatzeaz gainera, toalla diseinatzeko edo margo artistikoen tailerrak egingo dira uztaileko hilabetean zehar.

Izen ematea egiteko urratsak
Ekintzetan izena emateko epea ekintza egiten de eguneko eguerdiko 12:00etan amaituko da. Izen-ematea egiteko, gazteek Irungo Martindozenea Gaztelekuaren webgunean aurkituko duten izen-emate orria bete beharko dute. Orria bete ostean, gazteleku@irun.org helbide elektronikora edota 690 706 471 zenbakira WhatsApp aplikazioaren bitartez bidali beharko da. Izen-ematea Gaztelekuko hezitzaileen konfirmazioa jasotzerakoan konfirmatuko da.

Konfinamenduko parte-hartzeari eutsiz
GazteARTEan zerbitzutik proposatutako ekintzak konfinamenduan zehar Gazteria arloak sare sozialen bitartez proposatutako ekintzei jarraipena emateko helburua dute. Aurkeztutako aurrez aurreko hamar jarduerez gainera, uztaileko hilabete osoan zehar Gazteria arlotik gazte irundarrei zuzenean eragiteko proposamen berriak luzatuko dira, gazteen eskaera, interesak eta zalantzak ezagutzea ahalbidetuko dutenak. Proposamen horiek galdetegiak eta antzeko bestelako inkestekin. Antolatutako ekintza guztien informazioa Gaztelekuaren webgunean, 690 706 471 telefono zenbakira deituz eta Instagram-eko @gazteleku_irun kontuan aurkitu daitezke.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude