Zer gertatu zen Irunen orain dela 100 urte?

57848: Stadium Gal futbol-zelaia, atzealdean Aduana eraikina ikusten da Etorbideko nazioarteko zubiaren hasieran eta, eskuinean, Hendaia (Argazkia 1926. urtearen ostekoa da).

1922ko otsailaren 26an argitaratutako “El Bidasoa” aldizkariak garaiko egoera eta errealitatea islatzen ditu. Aldizkaria Horacio de Sarasquetak sinatutako pasarte batekin hasten da, non idazleak “hildako hiri” bat deskribatzen duen. Jarraian, olerki erromantikoen atalean, “Murió el Ensueño” izenburua duen olerkia irakurri daiteke. Real Unión klubeko jokalarien omenez Irungo Kasinoan egindako otorduaz ere irakur daiteke aldizkariaren 339. zenbakian. Eolok idatzitako artikulu luze horretan banketean hitza hartu zutenek esandakoa biltzeaz gainera, ekitaldiaren zergatia azaltzen da. Lehen orrialdearen amaieran, berriz, Gipuzkoako gobernadoreak biraoa gaitzesteko hartu duen jarrera txalotzen da, eta, ondoren, udalak emandako bandoa argitaratzen da, Gipuzkoako agintari nagusiak hartutako erabakia babesten duena.

57743: San Juan plazaren bista. Eskuinean, San Martzial kalea eta San Juan Harri zutabea. Erdian, besteak beste, Adiskidetasunaren Kasinoaren egoitza izan zen eraikina eta, ondoren, Zirkulu Liberal Monarkikoarena, 1936ko irailean izandako sutearen ondorioz sugarrek suntsitua.

Bigarren orrialdearen hasieran Kirol Kronika osatzen duten albisteak biltzen dira. Bertan, besteak beste, Realak Pariseko taldea nola garaitu zuen kontatzen da xehetasun guztiekin eta arratsalde horretan bertan Athleticek Amuten Real Unionen aurka jokatuko duen partiduari buruz jakin beharrekoak biltzen dira. Futbola alde batera utzita, Ricardo Rodriguez alkateak sinatutako idatzi baten bitartez Irungo Udalak 18.000 edo 20.000 metro karratuko lursail bat erosteko lehiaketa publikoa antolatu duela jakinarazten da. Lursaila frontoi bat eta kirola egiteko eremu bat sortzeko erabiliko du Udalak. Segidan, “De palpitante interés” idatzian hiriko kirol ekipamendua handitzeko eta osatzeko proiektua zertan datzan kontatzen da. Orrialde amaieran “En el Municipio” atalak azken udal bilkurako erabakiak biltzen ditu.

525223: Banketea Palace Hotelean XX. mendearen hasieran.

Azkenaurreko orrialdean, “Glosario” izeneko idatzian “El Arancel del hambre” antzezlanaren estreinaldiaren berri ematen da, bost urtez Espainiako antzokian ikusgai egongo dena. “Un recurso ineficaz” idatziak, aldiz, azken udal hauteskundeen ostean bozketaren emaitzekin pozik ez daudenen ahotsak biltzen ditu. “Ecos de Sociedad” atalak ohiko moduan hiritar dirudun eta ezagunen bizitzetako azken nobedadeak dakartza. Jarrain, aurreko igandean egindako gazteen zozketako emaitzak ageri dira. Publizitatez betetako azken orrialdera salto egin aurretik, izaera ezberdineko albiste laburrak irakur daitezke “Noticias” atalean.

 

 

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude