Zer gertatu zen Irunen orain dela 100 urte?

38647: San Martzial ermita, 1913an ezarritako monolitoaren hondarren gainean eraikia, San Martzialeko Bigarren Batailaren mendeurrena zela eta (1913-1932).

1922ko ekaina amaieran argitaratutako “El Bidasoa” aldizkariak orain dela 100 urte Irunen sanmartzial jaiak nola ospatzen ziren erakusten du. Aldizkariko lehen idatzian jaietako programa da hizketagai nagusia, Irungo Atsegiña elkarteak antolatutako erretretari aipamen berezia eginez. Jarraian, “Versos románticos” atalaren barneko beste bertso sorta bat aurkituko dute irakurleek. Ondoren, berriro ere jaietako programa osatzeko prestatutako ekintzak errepasatzen dira. Besteak beste, San Pedro Eguneko meza nagusia berreskuratu dela eta ekimen kulturalen kopurua handitu dela jakinarazten da. Hala ere, E. R. idazleak salatzen du jaietako programa eta kartelen zabalpena ez dela modu egokian egin eta beraz, ez dela iritsi beharko lukeen leku guztietara heldu.

53144: San Martzial eguneko erromeria izen bereko mendian.

Irungo jaien gertutasuna ahaztu gabe, aldizkariak kirol kronikari ohiko tartea eskaintzen dio bigarren orrialdearen hasieran. Tolosa eta Real Union taldeen azkeneko partiduko berdinketa aipatu ostean, egun horretan bertan partidua errepikatuko dela azaltzen da. Era berean, arreta berezia eskaintzen zaie Fortuna eta Touring taldeen azken partiduetako gertakariei. Ondoren, Euskal taldeek Ameriketan Argentina eta Uruguaiko selekzioen aurka jokatuko dituzten partiduen xehetasunak azaltzen dira. Kirol kronika itxi aurretik, ordea, Irungo jaiak direla eta hirian datozen egunetan antolatuko diren kirol jarduerak irakur daitezke. Irungo Atsegiña elkarteak gaualdi historiko musikatua antolatu du San Martzial batailaren laugarren mendeurrena ospatzeko asmoz. Hurrengo igandean, berriz, Pierre Loti nobelagilearen “Ramuntxo” lana hirian antzeztuko dela gogorarazten zaie irakurleei. Jai giroko ekintza eta ospakizunen artean, gaurkotasunari tartea egiten dio “Notas Municipales” atalak azken udal bilkurako erabakiak errepasatzeko.

56619: Alardearen danborrada, Wenceslao San Juanek zuzendua, ia ziur 1914an, danborrada mendira joan zen urtean, Alardearen aldi baterako etenaldia indarrean egon arren.

Hirugarren orrialdean, berriz, Esteban-Piquet senar-emazteen ezkontzaren xehetasun guztiak ematen dira idatzi luze batean, argazkia eta guzti. Jarraian, Siziliako Bandak Irungo jaiak direla eta hirian eskainiko duen emanaldia aipatzen da. Azkenik, aldizkariaren azken zenbakietan gertatu bezala, albiste laburrez osatutako “Noticias” atalarekin amaitzen da aldizkaria, publizitatez beteriko kontrazalaren aurretik.

 

 

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude