1919 urteko uztailaren 20ean argitaratutako El Bidasoa astekarian Irunen eta inguruko herrietako jai eta bestelako nobedadeen inguruko hainbat albiste irakur daitezke. Zenbakiari hasiera ematen dion artikulu batean Irunen udalak haur eta adineko pertsonentzako babes-etxe bat eraikitzeko proiektuaren inguruan hitz egiten da. Jarrain, eskualdean hegazkingintzarekin loturiko albiste ugari bildu dira. “Anotaciondes de un Chismoso” atalean, berriz, Pi y Margall plazan egin den dantzaldiaren kronika irakur daiteke. “El Busto de Leguía” tituluaren azpian Beran egingo den ekitaldi baten inguruko albistea irakur daiteke, non egitarauaz eta inguruko herrien parte-hartzeaz hitz egiten den. Ondoren, Frantzian uztailaren 13tik 15era ospatutako Garaipenaren Jaiak aipatzen dira ere. Azkenik, “Satarrka”-k sinatutako olerkia irakur daiteke “Onena” titulupean lehen orrialdearen amaieran.
Bigarren orrialdearen hasieran “RE-LA-MI-DO”-k Irunen egiten den musika heziketa zalantzan jartzen du. Berriro Hendaian ospatuko diren jaien gaia berreskuratzen da, jaien harira antolatuko diren kirol ekintzen emaitzak komentatzeko. Elizondoko Santiagoko jaien inguruko artikulu bat irakur daiteke zenbaki honetan ere, non aurten jaiak ostiralean izango direla azaltzen den. Horren ostean, Stefanai piano-jole ospetsuak Kasinoan eskainitako kontzertuaren kronika laburra ageri da. Azkenik, kontsultategiak tuberkulosia pairatzen duten gaixoak tratatzeko egiten ari duen lana goraipatzen da hurrengo albistean.
Ondoren, Hendaiako Ondarraitz hondartzako kasinoan Stade Hensayais kirol elkarteak antolatutako ekitaldiaren berri ematen da. “Notas municipales” tituluarekin udalaren inguruko azken nobedade eta albisteak errepasatzen dira. “Hace años…” atalean 1883ko El Bidasoa astekarian argitaratutako albisteak gogora ekartzen dira. Berri labur batzuk, galdutako objektuen iragarki eta Erregistro Zibileko nobedadeak errepasatzen dira, “Ecos de sociedad” atalaren ostean, zenbakiari publizitate iragarkiekin amaiera emateko.