Irungo Udalak eskolako materiala hiriko dendetan erosteko eskaintzen laguntzaren seigarren edizioa izango da aurtengoa. “Erosi eta Ikasi” programaren eskaera-epea uztailaren 2an ireki zen eta irailaren 30era arte irekita egongo da. Hezkuntza arloak gogorarazi duenez erosketak egiterakoan fakturak eskatzea ezinbestekoa da laguntza eskatu ahal izateko. Programaren edizio berri honek 200.000 eurotako aurrekontua izango du.
Laguntzak Irunen erroldatutako haurren familiei zuzendurik daude, zehazki, Derrigorrezko Hezkuntzaren barnean, Lehen Hezkuntzan edo DBHn ikasketak gauzatuko dituzten ikasle horiei. Diru-laguntza honen bitartez joan den urtean 1.422 familia laguntzea lortu zen, guztira 154.000 eurotako zenbatekoarekin. Juncal Eizaguirre Hiri Bultzada ordezkariak azaldu duenez, “hiriko familientzako babesa emateaz gain, Irungo komertzioetako kontsumoa dinamizatzeko pentsatuta daude ere laguntza hauek”.
Diruz lagunduko diren gastuak berberak izango dira; idazteko materialak, suntsikorrak edo ez suntsikorrak, hala nola, koadernoak, orriak eta abar, sailkagailuak, plumierrak, kalkulagailuak, konpasak, bizkar-zorroak, testu-liburuak eta abar. Ikastetxeetako uniformeak edo Hezkuntza Fisikorako arropa zein oinetakoak, eskulanetako elementuak, Arte Hezkuntza, Hezkuntza Plastikoa eta Ikusizkoa, Teknologiak edo Musika (argizariak, olioak, margoak, pintzelak). Diruz lagundu ahal izango diren gastuak eskola-materialak erosteagatik sortuak izango dira, eta betiere Irungo dendetan edo ikastetxeetan erosiak badira 2019ko ekainaren 21etik irailaren 30era bitartean.
Diru-laguntza horiek emateko, iaz bezala, hiru tarte egongo dira, eta tarte horiek errentaren araberakoak izango dira; hau da, familiak duen diru-sarreren arabera baliteke norbait deialditik kanpo geratzea, laguntzaren zati bat kobratu ahal dutenak eta %100 jasoko dutenak ere bai. Adingabe bakoitzeko diru-laguntzak 100, 75 edo 50 eurokoak izango dira.
Eskaerak, aurten errazago
Sinplifikatu egin da eskaeren sistema aurten. Iaz eskatutako dokumentazioarekin batera, etxebizitza berean inskribatutako pertsona guztien aldetik, espresuki adierazitako baimena eman behar zen. Oraingo honetan izapide hori ez da beharrezkoa izango. Eskaera egiteko tresna Irun Txartela izango da; hori dela eta, Udalak herritarrak animatzen ditu txartel hori HAZen kanaletik eskatzera.
Eskaerarekin batera, gastua justifikatzen duten uztailaren 2tik irailaren 30era arteko fakturak aurkeztu beharko dira. Fakturak egoitza elektronikoan eskaneatuta eman ahal dira, udal webean aurkitu ahal duten dokumentazio guztiarekin batera, eta horrez gain, oinarriak eta deialdi honen informazio guztia ere bertan aurkituko dute.