2022ko Solas Jolas programa plazak esleitzeko sistemaren aldaketarekin dator

Miren Echeveste Euskarako ordezkariak eta Josebe Araña Euskara arloko teknikariak Solas Jolas programaren nobedadeak aurkeztu dituzte. Plazak esleitzeko sistemaren aldaketa eta bi txandetan izena emateko aukera kenduta, programak ohiko eskema bera jarraituko du. Bi txandetan banatuko da 2022ko uztailaren 5etik 29ra eta abuztuaren 2tik 31ra, lanegun guztietan eta 09:00etatik 13:00etara izango da. Aurre izen-ematea egiteko epea otsailaren 28tik martxoaren 11ra bitartean egongo da zabalik.

Jakina denez, Solas Jolas udaleku irekiaren helburu nagusia da haurren artean euskararen erabilera sustatzea eta hizkuntzarekiko duten jarrera hobetzea, eta aurten, ohikoa den moduan. Aurtengo edizioaren xehetasunak azaldu aurretik, Echevestek azpimarratu nahi izan duenez, “hainbat aldaketa egin dira lekuak esleitzeko sisteman, hain zuzen ere eskuragarri jartzen ditugun aukera guztiak betetzen direla errazteko eta kudeaketa lanak arintzeko”. Horretarako, Irungo gizarteak dagoeneko ezagutzen duen sistema bat baliatuko dute, nahasteak ekidite aldera. Gainera, Euskarako ordezkariak argi utzi nahi izan duenez “aurten, nahi duten familiek aukera izango dute beren seme-alabak udarako bi txandatan inskribatzeko, betiere izen emateko bigarren epean libre dauden lekuak baliatu nahi badituzte”.

Orain arte egin den bezala, lehenik eta behin aurre-inskripzioa egin beharko da, otsailaren 28tik martxoaren 11ko 14:00ak arte ziurtagiri digitalen batekin www.irun.org egoitza elektronikoaren bidez. Bestela, hiriko autozerbitzuko terminalak erabili beharko dira (HAZ, Anakako eta Katea-Ventasko Kutxabank edo Palmera Montero Espazioa), egunero 8:00etatik 22:00etara bitartean. Era berean, 943 50 51 52 telefono-zenbakira deitu ahal izango da, astelehenetik ostiralera, 8:00etatik 20:00etara bitartean.

Aurrez izena ematean, haurraren datu hauek emango dira: izen-abizenak, helbidea, sakelako telefono-zenbakia, helbide elektronikoa, ikastetxea, ikasturtea eta ikasten duen hizkuntza eredua, eta haurrak dibertsitate funtzionalik duen edo laguntza premia berezirik duen. Era berean, familiak adierazi beharko du ea Udalari baimena ematen ote dion DBE (Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta) kobratzen duen edo urteko errenta maila duen egiaztatzeko. Halaber, helburu informatiboetarako bakarrik, nahiago den txanda (uztaila, abuztua edo biak) eta Solas Jolaserako aukeratu nahi den zentroa edo zentroak aukeratuko dira.

Udalak martxoaren 21ean argitaratuko du zozketan onartutakoen behin-behineko zerrenda, www.irun.org helbidean. Gainera, 943 50 51 52 telefonora deituta kontsultatu ahal izango da. Garrantzitsua da zerrendak kontsultatzea eta, akatsen bat egonez gero, Euskara Arloari jakinaraztea. Interesdunek martxoaren 25era arteko epea izango dute egokitzat jotzen dituzten alegazioak egiteko. Zozketarako behin betiko zerrendak apirilaren 4an argitaratuko dira, eta goian aipatutako bideak erabiliz ikusi ahalko da.

Zozketaz esleitutako hitzorduak
Esan bezala, Euskara Arloak, plaza bera zozkatu ordez, izena emateko hitzorduak zozkatzeko asmoa du, kiroldegietako jardueretan egiten den bezala. Beraz, aurrez izena epe barruan eman dutenen eta programan parte hartzeko baldintzak betetzen dituztenen artean zozkatuko dira plaza aukeratzeko hitzorduak. Hitzorduak apirilaren 12an zozkatuko dira, eta emaitza egun horretan bertan argitaratuko da, 15:00etatik aurrera. Zozketa egin ondoren, irungo udalak mezu elektroniko bat bidaliko die aurreinskripzio guztien titularrei, hitzordua eta inskripzio-kodea adieraziz, behin betiko inskripzioa egiteko.

Inskripzioak Internet bidez egingo dira Irun Txartela edo beste ziurtagiri elektroniko bat baliatuta, SAC24h zerbitzuaren bidez (www.irun.org/sac), apirilaren 19tik 28ra bitartean, jaiegunak barne, eta, jakina, hiriko autozerbitzuko terminaletan ere egin ahal izango dira (HAZ, Anaka eta Katea-Ventasko Kutxabank eta Palmera Montero espazioa). Zozketan esleitutako hitzorduen hurrenkeran egin ahalko dira inskripzioak; hau da, zozketa bidez esleitutako hitzorduaren unetik inskripzioaldia amaitu arte (apirilaren 28a), aurre-inskripzioan sartutako haurrak une horretan libre dauden bi txandetako batean inskribatu ahal izango dira.

Garrantzitsua da azpimarratzea interesdunak eskatutako datu guztiak betetzen dituenean eta zerbitzuaren prezioa ordaintzen duenean osatuko dela inskripzioa. Interesdunek lehentasuna eman behar diote plaza hautatzeari eta esleitutako hitzorduaren unetik ahalik eta azkarren ordaintzeari –horrela, aukera gehiago dituzte plaza libreetan izena emateko–, eta, aurrerago, informazio medikoa edo adingabearen bila joateko aurreikusi duten pertsonen informazioa gehitu behar dute, emandako kodearekin izen-ematean sartuz. Azken horrek osatuko du inskripzioa.

Izena emateko bigarren aldia
Zozketa bidezko hitzorduak amaitutakoan eta lehen inskripzioaldia itxi ondoren, plaza librerik badago, hitzordurik gabe izena emateko beste aldi bat irekiko da, maiatzaren 2tik 13ra, aurrez izena emanda dauden haur guztientzat. Izena emateko bigarren aldi horretan, haurrak Solas Jolaseko bigarren txanda batean inskribatu ahal izango dira. Eta, bi epeak amaitutakoan, plaza librerik balego, Euskara Arloak izena emateko ezohiko epe bat deitu ahal izango du, beharrezkotzat jotzen badu. Ikastetxeei dagokienez, otsailaren amaieran Solas Jolasentzat eskuragarri dauden ikastetxeen eskaintza jakinarazteko asmoa du Udalak.

Aurten, 4 eta 5 urteko geletako haur hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako 1. eta 4. maila bitarteko haurrek (2012 eta 2017 artean jaiotakoak) Solas Jolas programan parte har dezakete. Gainera, 2010ean eta 2011n jaiotakoek ere parte hartu ahal izango dute, baldin eta aipatutako ikasturteren batean edo 5. edo 6. mailan badaude eta dibertsitate funtzionala badute.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude