Eusko Jaurlaritzaren gomendioak jarraituz uztaileko hilabetearen amaieran egindako etenaldiaren ostean, Solas Jolas programa martxan da berriro gaurtik aurrera. Programak abuztuko taldeekin berreskuratu du ohiko funtzionamendua, kasu honetan, abuztuaren 5etik 28ra bitarteko iraupena izango duena. Abuztuko taldeek goizeko ordutegiarekin lan egingo dute, goizeko 9:00etan hasita eguerdiko 13:00ak arte, sarrera era mailakatuan egingo den arren.
Abuztuko txanda osatzen duten 40 neska-mutilak 7 taldeetan sakabanatuko dira haien begirale eta koordinatzaile propioekin. Taldeen egoitza Dunboa ikastetxean kokatuko da.
Uztaileko taldeekin gertatu zen bezala, abuztuko txandan ere ohikoak diren irteera eta txangoak bertan behera gelditu dira, beraz, haur parte-hartzaileek ekintzak ikastetxean bertan edo hirian barrena egingo dituzte. Uneoro Eusko Jaurlaritzak ezarritako neurriekin beteko da segurtasun neurriak bermatzeko. Hartutako neurri berezien artean, haurrei tenperatura hartuko zaie, sarrerak eta irteerak modu mailakatuan egingo dira. Hortaz gain, haur bakoitzak maskara propioa erabili beharko du. Gainera, egunero familiei etxetik irten aurretik haurrei tenperatura hartzea eskatu zaie eta, sintomaren bat izatekotan, haurrak etxean gelditzea gomendatu dute.