Bizinema Bang Bang zikloaren barruan, udako emanaldia

Bizinema Bang Bang zikloak aire zabaleko lehen saioa eskainiko du abuztuaren 7an. Hitzordua guaeko 22:00etan izango da Junkal plazatxoko udako agertokian.

2017an, Irungo Udaleko Kultura Arloak hirian zinemako film klasikoak jatorrizko bertsioan proiektatzeko ekimen bat jarri zuen abian, aurrekontuak parte hartze bidez egiteko prozesuaren esparruan gehien bozkatutako proposamenetako bati jarraituz.Hiru urte igaro dira, eta, ordutik, Bizinema Bang Bang izeneko proposamena sendotzen joan da.

Kulturako ordezkari Juncal Eizaguirrek eta Bang Bang Zinema eta Bizinemako arduradunek prentsaurreko bat eman dute, emanaldia aurkezteko, eta aukeratutako filmaren proiekzioaren inguruko xehetasun batzuk iragarri dituzte; hain zuzen ere, Atzera etorkizunera (Back to the Future) da hautatutako filma, Robert Zemeckisek 1985ean zuzendutakoa eta 116 minutukoa, eta, beti bezala, jatorrizko bertsioan emango da, azpitituluekin.

Era berean, aurkezpenean, David Rodríguez Losada zuzendaria izan da, zeinak negu honetan zinema tailer bat eman zuen CBAn; izan ere, filmaren aurretik, tailer hartako film labur bat emango da.

Hasiera batean, saioa Amaia KZn egitekoa zen, maiatzaren 16an, baina bertan behera geratu zen, osasun alerta zela eta. Orain, berriz heldu zaio, egoerara eta tokira egokitutako formatu batean, betiko giro berarekin eta sorpresa askorekin baina, Bizinema Bang Bang zikloaren barruko emanaldietan ohikoa denez. Argitasun kontuak direla-eta filmak gauez bakarrik proiektatu daitezkeenez aire zabalean, oraingoan, film bakarra emango da. Proiekzioa ikusteko bidea aurtengo udan plazatxoan egiten ari diren beste jardueretarako erabiltzen den berbera izango da: sarrerak doan hartu ahalko dira, bertan, jarduera hasi baino 50 minutu lehenagotik, 21:10etik; ateak 21:30ean irekiko dira; eta 180 lagun inguru sartu ahalko dira plazan.

Bizinema Bang Bang zikloaren barruko urteko bigarren proiekzioa izango da; lehena urtarrilaren 25ean izan zen. Gainera, osasun egoerak bide ematen badu betiere, egiteko dauden bi saioei eustea da asmoa: urte hasieran iragarri zenez, printzipioz, urriaren 17an eta abenduaren 26an izango dira, Amaia KZn, betiko formatuan.

Juncal Eizaguirre Kulturako ordezkariak aipatu duenez, “saio hauen helburua bestelako ikus-entzule batzuengana iristea da. Baditugu FICAB, DokuIrun eta urtean zehar egiten diren beste emanaldi berezi batzuk, publiko orokorragoarentzat; Bizinema Bang Bang zikloaren bidez, berriz, beste publiko bat iritsi nahi dugu, gazteagoa eta “ganberroagoa”, agian Amaiara asko joaten ez dena. Oraingoan, gainera, Daviden zinema tailerrarekin bat egin dugu zikloa. Tailer horrek arrakasta handia izan zuen, eta motibazio handiko neska-mutil talde batek parte hartu zuen bertan. Bada, bigarren edizioan lanean ari garela erdi esan dezakegu”.

Antolatzaileez gainera, ohiko laguntzaileak ere izan dira aurkezpenean, hala nola Tinta Comics eta Telepizza. Ezustekoak iragarri dituzte, baina azaldu dute birusak eragindako egoera dela-eta oraingoan ezingo direla banatu pizza eta edariak. Ildo beretik, saio honetako egitaraua deskargatu egin beharko da.

Abuztuan, udako zinema gehiago
Abuztuan, udako zinema emanaldi gehiago antolatuko dira. Horrela, honako hauek dira aurreikusitako emanaldiak:

  • Abuztuaren 14an, Hotel Transilvania 3: Unas vacaciones monstruosas, gaztelaniaz
  • Abuztuaren 22an, Yesterday, gaztelaniaz
  • Abuztuaren 28an, Asterix: Edabe magikoaren sekretua, euskaraz

Saio guztiak 22:00etan izango dira, eta sarrerak eskuratzeko prozedura adierazitako bera izango da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude