Pauso Berriak programak lan aukera berriak sortzen jarraitzen du

Irungo Udala elkarlanean aritu da Atzegi eta Gureak erakundeen Pauso Berriak programarekin 2010ean abian jarri zenetik, zenbait pertsonari Udalean lan egiteko aukera emanez. 2022ko urtarrilaren 17an, Pablo Altuna Irungo Udalean lanean hasi zen, bulegoko laguntzaile lanetan. Esperientzia honen aurretik, antzeko beste lau egin dira Gizarte Zerbitzuen arloan, Udalaren Musika Eskolan eta Carlos Blanco Aguinaga kultur etxean.

Pablo Altunak Irungo Udaleko Erosketa eta Erregistroko arloetan egingo du lan, askotariko lanetan: gutunak Udaleko arloen artean jaso eta banatzea, COVIDari aurre egiteko materialen eskariak prestatzea, Youtubeko kanalean osoko bilkurak emateko ikus-entzunezkoak kontrolatzea eta gainbegiratzea, dokumentuak suntsitzea, uniformeak banatzea, etab. Pablok energiaz beterik ekin dio lan-esperientzia honi, ikasteko eta lan egiteko gogo eta ilusio handiz.

Cristina Laborda Giza Baliabideetako ordezkariak nabarmendu duenez, «aukera-berdintasunaren aldeko apustua egin nahi dugu Udalean, eta guztien laneratzearen alde aritu nahi dugu. Horregatik, Pauso Berriak programa oso interesgarria, eta ez dugu ahaztu behar programa horretara atxiki ziren lehenengo udalen artean gaudela. Sektore publikoa eredugarria izan behar da, eta garrantzitsua da horrelako ekimenak sustatzea. Gainera, zinez pozgarria da pertsona hauek lanean erakusten duten ilusioa eta esfortzua ikustea. Guztiok ikasten dugu horrelako esperientzietatik».

Atzegi eta Gureak erakundeek sustatzen dute Pauso Berriak programa. Desgaitasun intelektuala duten pertsonei zuzendua dago, eta hitzarmen bat du Gipuzkoako Foru Aldundiarekin. Ekimena ohiko merkatuko zerbitzu okupazionalean txertatzen da, eta haren xedea da desgaitasun intelektuala duten pertsonen laneratzea eta gizarteratzea ikusaraztea eta erraztea. Gaur egun, programak 10 urteko ibilbide oparoa du, eta 300 lagunek baino gehiagok parte hartu dute guztira.

Programak parte-hartzailearen garapen pertsonal, sozial eta laborala lortu nahi du. Horretarako, sare-lana egiten da enpresan, eta prozesuak parte hartzen dute lankideek, senideek, hezitzaileek eta programako teknikariek, pertsonek beren gaitasunen araberako lanak egitea lor dezaten, benetako laneratze bat egon dadin.

ATZEGI
ATZEGI desgaitasun intelektuala duten pertsonen aldeko Gipuzkoako elkartea da. 1960an sortu zen, desgaitasun intelektuala duten pertsonen eskubideen alde borroka egiteko elkartu ziren familia batzuen eskutik. Gaur egun ere, lanean ari dira desgaitasun intelektuala duten pertsonen eta horien familien bizi kalitatea hobetzeko. Horretarako, ingurune lagunkoi bat sustatzen dute, pertsona horiek gizartean parte har dezaten, eta ekarpena egiten diote Gipuzkoan gizarte inklusibo, justu eta solidarioago bat lortzeko bideari.

GUREAK, gaitasunak sustatzen
GUREAK euskal enpresa taldeak lan-aukera egonkor eta egokituak sortzen eta kudeatzen ditu desgaitasuna duten pertsonentzat. 40 urtetik gorako ibilbidea du, eta Europan erreferente den laneko inklusioaren eredu sendotu bat dauka. Gaur egun, 6.000 langiletik gorako lantaldea du, horien % 84k desgaitasunen bat du, eta lehiakortasunez aritzen da zenbait sektoretan, hala nola industrian, zerbitzuetan eta marketinean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude